BilbaoArte, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoko zentroak erakusketa berri bat aurkezten du URIBITARTE40 Aretoan.
Argiñe Ceballos (Ugao-Miraballes, 1999) artistaren “Uretan, dantza distiretan urtzen da” izeneko erakusketa otsailaren 14tik martxoaren 30era ikusgai egongo da eta bertan aurkezten dira BilbaoArtek estudio lagapenarekin 2023-24an emandako bekaren esparruan eta geroago Otxarkoaga Opengelako estudioetan artistak egindako azken ekoizpenak.
Argazkiek, oihalek, eskulturek eta instalazio-izaerako bideo batzuek osatzen dute URIBITARTE40 Aretorako berariaz sortutako proiektua.
Proiektua osatzeko, zenbait bisita gidatu egingo dira euskaraz eta gaztelaniaz, Zeinuen Hizkuntzara egokituta, otsailean eta martxoan; halaber, hiru asteko tailer bat egingo da, Estela Miguelekin, “Hareazko eta larruzko laku baten artean” izenburupean; eta proiektuaren kariaz argitaratutako liburuaren aurkezpena ere egingo da.
ERAKUSKETA
Proiektuaren izenburua, “Uretan, dantza distiretan urtzen da, uretan murgildutako oihalaren/larruaren pentsamendutik sortzen da. Material hori esperimentazio-espaziotzat hartzen du artistak. Ceballosek ehuna luzatu, zeharka ebaki eta batu egiten du; objektuak eta gorputzak biltzen ditu berarekin uretan, eta arretaz behatzen ditu argiaren eraginak edo korrontearen jarioak haietan sortzen dituen aldaketak. Aldaketa eta mutazio efimeroak, artistak argazki eta bideotan atzematen dituena, ukiezina dena erregistratzen saiatuz eta besteekin aldi batez duten loturagatik bakarrik existitzen diren gorputz berriak sortzen ahaleginduz.
Gorputz bat biltzen duen ehunari eta beraren eraldaketari buruzko interes horrek zuzeneko lotura du “ekdisi” kontzeptuarekin, hau da, narrasti batzuen larru zaharra desitsasteko prozesuarekin. Larrua berriztatzen da, eta desitsastean bildu eta laztandu egiten du, gorputzaren bizi-etapa baten ebidentzia bihurtuz; gorputz-memoriaren artxibo bat, eta, aldi berean, denboran zehar egindako garapenaren metafora bat.
Larruak uzten dio itsatsita zuen gorputza izateari, ente edo objektu autonomo gisa azaleratzen da, eta eskeletorik gabeko izaki moduko bat izatera pasatzen da, inguratzen duten elementu fisikoei erantzuten dien jokabide batez. Tapaki mehe moduko bat, zeharrargia, elastikoa eta aldakorra, gorpuztasun berriak eskuratzen dituena beste gorputzen aldean.
Unearen esperientzia atzemateko gogo horrek, non objektu edo obra fisikoa naturaren beste elementu bat bezala agertzen baita, ikusleekiko elkarreraginera deitzen du, errealitate sentsorial horren partaide izatera gonbidatuz; izan ere, horrek zentzuak pizten ditu eta gorpuztasun pertsonal eta propioaz konturatzea ahalbidetzen du, taxutu, kulunkatu eta biltzen gaituen ingurunearekin duen loturaz konturatzeaz batera.
ARGIÑE CEBALLOS, ARTISTA
Argiñe Ceballos Gelozaga (Ugao-Miraballes, 1999) Ikerketa eta Sormena Artean izeneko Masterra egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Artean graduatu zen 2023an. Zenbait erakusketa kolektibotan parte hartu du, besteak beste espazio hauetan: Okela, Gau Irekia (2022) programazioaren baitan, Bizkaia Aretoa (2023) eta BilbaoArteren URBITARTE40 Aretoa (2023). BilbaoArteko artista egoiliarra 2023-24an.
Bere jarduera artistikoaren ardatz nagusiak argazkigintza, eskultura, instalazioa eta ekintzen erregistroa dira. Diziplina horiek bere iruditeriara hurbiltzeko bide gisa erabiltzen ditu, bere interes eta desioak oraingo unean islatuz. Dela modu bateratuan dela sakabanatuta, bere helburua da loturak gorputzen artean sortzea, sorkuntza-prozesuan zehar geratzen denari garrantzia emanez eta une horiek irudiak eraikitzeko aprobetxatuz. Era horretan, garrantzia kendu nahi dio “azken irudiaren” kontzeptuari, prozesua eta hortik sortzen diren elementuak lehenetsiz.
Bere lanaren muina da loturak ezartzea uneko erregistroaren bitartekotzatik pasatzen den ekintzaren eta eszenaratzearen testuinguruan manipulatutako material edo objektuen sorkuntzaren artean. Gorputz desberdinen batasun horren bitartez, beste gorputz berri batzuk sortzen ditu, objektu horien funtzioa eraldatuz eta haien zentzuan autonomia eta anbiguotasuna emanez.
Hainbat gorputzekin lan egitea, horiek konektatzea eta eraldatzea, gorputz eta espazio berriak sortzea ahalbidetzen dion praktika bat da. Josi, moztu, luzatu, junturekin jolastu: ekintza horiek guztiak elkarrekin lotzen dira beraren esplorazio-prozesuan. Testuinguru horretan, ehun-identitatea oihal hutsetik harago doa, zeren esperimentazio-espazio bihurtu ere egiten baita. Material horiek argiarekin eta itzalarekin jolasten laguntzen diote, eta funtsezko rola jokatzen dute beraren praktikan; izan ere, une batean soilik atzematen diren funtsezko elementu gisa erabiltzen ditu, gero eta geruza gehiago gehituz gorputzak eta espazioa etengabe eraldatzen diren neurrian. Irudiaren bitartez, bere iruditeria pertsonalera hurbiltzen da: espazio oniriko bat, non munduarekiko eta objektuekiko loturek bat egiten baitute beraren izanaren funtsezko atal bihurtzeko.
ARGITALPENA: ARTISTAREN MONOGRAFIA
“Uretan, dantza distiretan urtzen da” erakusketaren kariaz, BilbaoArtek artistaren monografia bat argitaratu du: irudien artxibo bat da, ehun- eta argazki-materialetatik, bideoen fotogrametatik, testuetatik eta materialak batzetik abiatuta sortua.
Bere testu-atalean, artistak berak egindako testuak daude, erakusketa sortzeko prozesuan idatziak; halaber, Lide Mikele Billelabeitia (Mungia, 2001) artistaren saiakera bat ere bat dago, Ceballosen praktikara hurbiltzen dena ikuspegi bikoitz batetik: alde batetik, poetikoa, ia fantasiatsua, eta bestetik teoriko-analitikoa.
Liburu hau Adrián Romerok diseinatu du, eta eskuragarri egongo da, dohainik, 2025eko martxoaren 20tik aurrera.
EGITARAUA
INAUGURAZIO EGITARAUA
BISITA GIDATUAK
TAILERRA: “Hareazko eta larruzko laku baten artean”
Tailer hau errelatu konpartitu batean inspiratutako artefaktuak sortzera gonbidatzen du, espazio oniriko bat irudikatzeko asmoarekin; bertan, gorpuztasuna eta identitatea eraldatu egiten dira eta larru berriak sortzen dituzte, fantasia- eta esperimentazio-espazio bat sortuz. Ebakitze- eta muntatze-teknika batzuk esploratuko dira, irudia, ehuna eta eskultura abiapuntutzat hartuta.
Konpartitutakotik abiatuta, banakako eta taldekako proposamenak garatuko dira, erakusketa-esparruan eszenatoki bat eraikitzeko, pieza bakoitza bere funts propiotik azaleratu dadin. Hitzak ikusizko eta hiru dimentsioko irudikapen bihurtuko dira, fikzioa eta materiala uztartuz, “beste gorputz batzuekin izatea, beste gorputz batzuekin eraldatzea” pertzepziotik abiatuta.
Tailerraren itxiera gisa, prozesu osoa irudi finko eta mugikorretan erregistratuko da, eta irudi horiek erakusketaren zati izango dira. Azken emaitza martxoaren 20an aurkeztuko da, 19:00etan, URIBITARTE40 Aretoan; bertan, parte-hartzaileek euren lankidetzaren emaitza ikusi ahal izango dute.
LIBURUAREN ETA TAILERRAREN EMAITZEN AURKEZPENA
Tailerraren eta emaitzen aurkezpena Estela Miguelekin, prozesuaren bideoekin, argazkiekin eta sortutako materialaren emaitzekin, guztia erakusketari lotuta; izan ere, berau eraldatu egingo da, tailerrean kolektiboki eta lankidetzan sortutako objektu eta instalazio berriak txertatzeari esker.
Gainera, Argiñe Ceballosen Uretan, dantza distiretan urtzen da katalogoaren ikus-entzunezko aurkezpena eta aurkezpen fisikoa egingo da.