"Kulturarteko Galerna" erakusketa Bilboko barruti guztietan izango da, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoetako kultura-, sormen- eta arte-eskaintzaren aberastasuna eta aniztasuna uribildu osoan erakusteko.
Ibilbidearen lehen geralekua bihar, martitzena, otsailak 18, izango da eta Abandoko udaltegian irekiko da (18:00etan). Otsailaren 28an beste barruti batera joango da.
Erakusketak ehun bat irudi eta bideo jasotzen ditu joan den maiatzean Emakumeen plazan egin zen "Kulturarteko Galerna" festa-jardunaldian, Olga Ruiz argazkilari bilbotarraren objektiboaren bitartez, Sergio Verde argazkilariaren eta Kamangako sortzaile digitalen taldearekin batera.
Talde horrek prestatu du erakusketa, eta uriko zonalde kosmopolitena, askotariko auzokideak bizi direna, aurkezten du. Ijito-herriaren eta bost kontinenteetatik etorritako pertsonen presentzia garrantzitsua nabarmentzen da, eta aberastasun eta panorama berezia osatzen da, kultura horien aniztasunari esker.
Erakusketaren bidez, Bilboko bizilagunei gonbita egiten zaie etengabe aldatzen ari den uriko gune historiko honetako txokoak ezagutzera, bizitzera eta gozatzera.
"ZUBIRIK" PLANAREN BARRUAN
"Kulturarteko Galerna" Bilboko Udalak antolatu zuen KOOP SF 34 gizarte-entitatearekin lankidetzan, "2025eko Zubirik Planaren" testuinguruan. Plan honen helburua da Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea.
Zazpi milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten da guztira, eta planak 40 jarduketa aurreikusten ditu hainbat eremutan: gizartea, hirigintza, osasuna, mugikortasuna, merkataritza, hezkuntza, prestakuntza, lana eta berdintasuna.
Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Sailak gidatuta, “2025eko Zubirik Planak” bat egiten du Bilboko Balioen Agiriarekin eta 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH). Halaber, bat dator Kulturarteko Hirien Estatuko Sareko kide gisa Bilbok hartutako konpromisoarekin, kulturen arteko bizikidetzari balioa ematen dioten programen eta ekimenen bidez berdintasuna, errespetua, aniztasuna, bizikidetza eta elkarrekintzaren aldeko ekimen positiboak sustatzeko.