Bere belaunaldiko eta ondoko belaunaldietako artista askorentzat bezala, Daniel Tamayorentzat (Bilbo, 1951) ere Arte Ederren Bilboko Museoa bere ibilbide artistikoaren parte da. Arestiko pinturen sorta batekin 2011n antolatutako Fabulario izeneko erakusketa egin ondoren, museoak argitalpen-proiektu oso berezi bat aurkezten du orain, artistarekin lankidetzan eta BBK Banku Fundazioaren laguntzaz ekoitzia: Félix María de Samaniego (Guardia, Araba, 1745-1801) idazlearen ehun bat alegia xelebre biltzen dituen Fábulas en verso castellano lanaren euskarazko argitalpena, Tamayoren ilustrazioekin. 7. aretoan aurkezten da Alegiak, jatorrizko irudiekin eta Fábulas lanaren zenbait ale historikorekin batera. QR kode batek aukera ematen du literatura-testuen euskarazko eta gaztelaniazko audioak eskuratzeko.
Bere ibilbide artistiko oparoan, Tamayok estrategia sortzaile bat garatu du. Sistematikoki erabiltzen du marrazkia —arkatzez egindakoa eta, 1990etik aurrera, digitala— irudiak sortzeko, eta, gero, mihisera edo paperera eramaten ditu, espiritu ludikoz, ironikoz edo surrealistaz antolatzen eta pizten dituen konposizioetan. Oraingoan, artista bilbotarrak ehun bat marrazki egin ditu, eta batera agertzen dira normalean animaliak —askotan gizatiartuak— protagonista dituzten kontakizun labur horiekin eta darien balio unibertsaleko —eta batzuetan satirikoko— helburu moralizatzailearekin. Horrela, argitalpen berri hau ilustrazio fabulistikoaren tradizioan txertatzen da, irudi alegorikoak erabiliz mezu iradokitzailea, ikasbidea, sendotzeko xedez. Tamayok testuaren indarraldia gaurkotzen du, gaur egungo ikonografia erabiliz eta praktika artistiko digitala soilik landuz, aukerakoa baita formak marra zehatzekin eta bere estiloko berezko tinta lauekin lantzeko.
Samaniegoren Fábulas lanak islatzen duen mundua animaliaz, pertsonaiaz eta objektuz beteta dago, eta hurbil du Tamayoren iruditeria, batzuetan haurren animazioa izan baitu inspirazio-iturri. Edizio berezi hau da emaitza, non kromatismo bereizgarria araztu egin den gorri eta beltzeko bikromia bateraino.
Generoko maisuekin—Esopo, Fedro, La Fontaine eta Uriarterekin— bat etorriz, Samaniegok 1787an argitaratu zuen bere fabulen lehen edizio osoa, bi bertsiotan. Horietako bat luxuz aberastu zuen, hainbat artistak marraztu eta grabatutako estilo neoklasikoko estanpekin. Urte batzuk lehenago, 1781ean eta 1784an, bi liburuki bereizitan agertua zen testua. Harrezkero, ondoz ondoko hainbat edizio izan dira, batzuk artista nabarmenen ilustrazioekin apainduta, hala nola J.J. Grandville marrazkilari frantsesaren ilustrazioak dituena, jada XIX. mendean egina.
Koldo Bigurik euskara batura egindako itzulpenetik abiatu da museoaren argitalpena. 2004. urtean Arabako Foru Aldundiak sustatu zuen edizio elebidun baterako egin zuen itzulpena –Emilio Palacios Fernández katedradunaren eskutik–, eta Aldundiak berak eman du bertsio berri hau. Testuak neurri jakineko bertsogintzari eusten dio, normalean fabularen generoan erabiltzen denari, egokia baita buruz ikasteko eta, beraz, helburu didaktikorako. Kasu honetan, eta euskarazko alegien tradizioari jarraikiz, Bigurik “zortziko nagusia” egitura erabiltzen du, aldaera batzuekin, Samaniegok nagusiki erabili zuena baino laburragoa baita. Horrela, itzultzaileak lortu duen testua hurbil-hurbil dago jatorrizkotik.