Ginean jaio zen Ibrahima Balde, baina egun batean amaren deiak etxea uztera behartu zuen Europara bere anaia txikiaren bila joateko. Basamortua zeharkatu zuen, eta zeharkaldian poliziekin, bahitzaileekin, pasatzaileekin, eta abar, topo egin zuen. Mina, egarria eta gosea ezagutu zituen Afrikatik Europarako bidean.
Ibrahima Balderen bizitzaren kronika bat da Miñan (anaia txikia), lehenengo pertsonan kontatutakoa, Amets Arzallusen eskutik, eta Artedrama taldeak antzerkira egokitutakoa.
Gure ingurunean eta mundu osoan eragin handia izan duen liburu bat jartzen du eszenan Artedramak. Erronka handia da horren ezaguna egin den testu bat antzerkira egokitzea. Migrazioaren eta arrazismoaren gaiak hartzen ditu, besteak beste, ardatz gisa, eta publiko gaztearengana iritsi nahi du batez ere. Ander Lipus-ekin batera agertokia partekatzen duten aktore gazteen indarrak aire berria dakar euskal eszenara.