Bilboko Udal Musika Bandaren 2024-2025 denboraldiak 2024ko irailetik 2025eko apirilera bitartean hamasei programa biltzen dituen proposamena aurkezten du, aparteko hainbat kontzertu bereziz gain. Oraingo honetan, Euskalduna Jauregiko, Azkuna Zentroko, J.C. de Arriaga Kontserbatorioko auditorium tradizionaletan eta Arriaga antzokian joko du Bandak.
Bilboko Udal Musika Bandaren 2024/2025 denboraldi honek bere hiriari eta publikoari omenaldia egitea du helburu, bere ibilbide luzean izandako konplizitate partekatuagatik.
2024/2025 denboraldiak maila handiko gonbidatu izango ditu. Besteak beste, Paco Varoch piccolo ospetsua, Spanish Brass metal boskotea, nazioarteko musika-panoramako ganbera-talde dinamiko eta sendoenetako bat, Carlos Cano flautista kubatarra, Kebyart saxofoi laukote katalana, Noè Rodrigo Gisbert nazioarteko bakarlari eta perkusionista, musika garaikidean eta sortu berrian espezializatua, eta Bilboko Udal Bandako fagot eta flauta bakarlariak Jordi Ripoll Corella eta Juan Jesús Silguero Gorriti.
Denboraldiak aniztasuna ospatu nahi du eta Bilboko hiriarekin duen lotura edo konexioa, hainbat genero eta estilo biltzen dituen programazio aberats eta askotariko baten bidez.
Bandak 2024/2025 denboraldian Arriaga Antzokian egingo duen emanaldi bakarra otsailaren 23an izango da. Pascual-Vilaplana buru dela, eta Jordi Ripoll Corella fagotistarekin batera, "Haizeak omenaldian" izeneko ikuskizuna eskainiko du. Emanaldiak Rossini eta Blanquerren konposizioak bilduko ditu, garai baten isla eta, beren artisautzarekin, soinuaren bidez edertasuna eraikitzeko lanbidearen oroitarazleak.