2025eko Tolosako Inauteriak otsailaren 27tik martxoaren 4ra ospatuko dira.
Euskadiko udalerri askotan era berezian ospatzen dituzte inauteriak, baina, ezbairik gabe, Tolosakoak dira ospetsuenak eta jende gehien erakartzen dutenak.
Ostegun gizenarekin hasten dira benetako aratusteak: eguerdian pregoia irakurri eta txupinazoa botatzen dute. Hurrengo eguneko (Ostiral Mehea) egitarauan jaialdi berezia nabarmentzen da. Leidor Antzokian oso ikuskizun berezia prestatu eta antzezten du herritar talde batek. Larunbatean, Zaldunita bezperan, Tolosako kaleak zeharkatzen dituzte danborradek (nagusiena eta haurrena), eta igande -Zaldunita- goizean pijamak izaten dira jaun eta jabe Gipuzkoako udalerrian, lagun ugari lo egiteko arroparekin irteten baitira kalera.
Egun horretan, astelehenean (Astelenita) nahiz asteartean (Asteartita), karrozak eta konpartsak kaleak girotzeaz arduratzen dira, musika eta dantza taldeak lagun dituztela. Astearte gauerdian amaitzen da jaia, Sardinaren Hiletarekin, eta Piñata Igandean, konpartsa eta fanfarreen musika ere izaten da entzungai.
Tolosako Zezen Plaza da jaietako erdigune nagusietako bat. Bertan milaka pertsona biltzen dira zezenketak ikusteko, txarangek alaituta. Asteartean, goizean izan ohi da hitzordua, 8:00etatik aurrera, Pattar Zezenarekin. Tolosako Udalak Zezen Plazarako sarreren salmentaz arduratzen da eta, horretarako, palkoen zozketa egiten du izena ematen dutenen artean.
Inauterietako balkoi lehiaketa martxan da, hautagaitzak aurkezteko sistema berri batekin
Inauterietan balkoiak apaintzeko lehiaketa bueltan da. Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co herriko merkatarien elkarteak sustatuta, bi hamarkada baino gehiagoko ohitura indartzeko xedea du egitasmoak, jaietan zehar udalerriko kaleak kolorez betez.
Lehiaketan parte hartzeko, norbere edo bizilagunen hautagaitza aurkeztu beharko dute interesdunek. Gustoko duten edozein balkoi aurkeztu ahalko dute herritarrek lehiaketara. Epaimahaikideek aipamena jasotako balkoi guztiak ikusi eta lehiaketarako aintzakotzat hartzea bermatu nahi da horrela.
Parte hartzeko sistema berri honekin, helburua bikoitza izango da: batetik, interesdun guztien parte hartzea bermatzea, eta bestetik, lehiaketan parte hartzeko izena eman ez duten balkoi dotore eta koloretsuenek ere saria irabazi ahal izatea. Balkoiek Ostegun Gizen goizerako egon beharko dute apainduta, eta 300 euroko saria izango du irabazleak Tolosa&Co dendetan erabiltzeko.
Hautagaitzak aurkezteko honako formularioa bete beharko da eta otsailaren 26a bitarte izango da horretarako aukera: https://forms.gle/54H95CieZ2vkgJV26.
Epaimahaia, moda eta espazioen dekorazioan adituek osatua, Tolosako kaleetatik igaroko da goiz horretan bertan eta balkoi original, koloretsu eta erakargarriena aukeratuko du. Irabazlea egun horretan bertan emango da jakitera Tolosa Turismoa (@tolosaturismoa) eta Tolosa&Co-ren (@tolosandco) sare sozialen bitartez, eta saria Tolosa&Co-ko establezimenduetan erabili ahal izango du irabazleak.
Herritarrak oihalak eta apaingarriak Tolosako dendetan erostera animatu nahi dituzte antolatzaileek, komertzio txikia babestuz eta bertako saltzaileak ere ohitura honen parte hartzaile eginez. Gogoko zerbitzuaren bidez ere eros daiteke behar den oro, whatsapp bat bidaliz 688 750 783 zenbakira, eta nahi den lekuan jaso ahalko da egunean bertan.
Hamarkadatako tradizioa
Inauterietan balkoiak apaintzeko tradizioa duela bi hamarkada baino gehiago sortu zen Tolosan. Inspirazioa Azkaratek Galtzaundiri eskaini zion bertsoetako bat izan omen zen; bertan, jaiegunetan etxeetako leiho eta balkoiak apaintzeko elementu gisa ohegainekoak jartzearen inguruan aritzen zen. Horrela hasi omen ziren alde zaharreko Letxuga kaleko merkatariak barandetan oihalak jartzen.
Harrezkero, ohitura haziz joan zen, eta tolosarrak balkoiak, terrazak eta begiratokiak oihal koloretsuz apaintzera animatu ziren, urtez urte tonalitate eta motiboak aldatuz.
Azken urteotan parte-hartze txikiagoa nabaritu da, eta horrek bultzatu du Tolosako Udaleko turismo saila ekimen hau berreskuratzera. Berezitasun honi eustea eta Tolosa festa honetan kolorez betetzea dira helburuak.
Aurkeztu dira Ostegun Gizeneko txupinazoa jaurtiko duen Kabi Alai Kuttuna
Artxiboko Neskak (Las chicas del archivo gisa ere ezagunak) konpartsa hautatu du Kabi Alai elkarteak, aurtengo inauterietako txupinazoa botatzeko. Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean jarri ohi zen 80ko hamarkadan sortu zen konpartsa, eta bi hamarkadaz egin zituzten parodiak. Emakumeak izan dira protagonista nagusiak, hori ohikoena ez zen garai batean. Horregatik, orduko estereotipo guztiak hautsi eta jai parekideagoak sortzeko bide emeateagatik hautatu du Kabi Alai elkarteak konpartsa hori.
Nahiz eta 2009an konpartsa moduan ateratzeari utzi zioten, egun parte-hartzaileek kalerik kale jarraitzen dute inauteriez gozatzen. Hori dela eta, nabarmendu nahi izan dituzte urtez urte taldean parte hartu duten hainbat lagun, hala nola, Rosa Jauregi, Juli Zubelzu, Mariaje Larrarte, Mertxe Goenaga, Lierni Tolosa, Mamen Moneo, Maider Zubelzu, Kristina Agirre, Miriam, María, Eukene, Jabi, Pili, Loli, Bixen eta baita gure artean ez dauden Ana Tolosa eta Peio Urkizar ere.
Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta omenaldiaren ostean, Inauterien hasiera iragartzeko suziria jaurtiko dute.
“Jantzi Tolosa”, hautatutako kartela
Bestalde, ekitaldi berean aurkeztu du Udalak aurtengo Inauteriak iragarriko dituen kartela. Aurtengo lehiaketara 58 kartel aurkeztu dira, iaz baino zazpi gehiago, eta Janire Iraola Ulacia tolosarraren ‘Jantzi Tolosa’ lana izan da irabazlea.
Irudiak Inauterietan atondutako herriko balkoiak ditu ardatz, eta horien artean identifikatu daitezke, Idiakez Jauregiko, Trianguloa plazako, Kultur Etxeko, Korreo eta Zerkausi kaleetako edota udaletxeko leiho eta balkoiak, besteak beste. Guzti-guztiak kolore biziz jantzita ageri dira, Tolosako inauterien alaitasunaren isla. Gainera, kartelak berak tolosarrei dei egiten die balkoiak apain ditzaten, Jantzi Tolosa leloarekin.
Horren harira, aurkezpenean gogorarazi dute, bigarren urtez, inauterietako balkoi lehiaketa antolatu duela Tolosako Udalak Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean. Datozen egunotan emango dituzte xehetasunak baina iragarri dute herriko edonork parte hartu ahal izango duela, eta 300 euroko saria izango dela irabazlearentzat, herriko komertzioetan gastatzeko. Era berean, herritarrak animatu dituzte inauterien bueltan erosi beharrekoak herriko komertzio txikian eros ditzaten.
Aurkezpen ekitaldiaren ostean, eta iaz abiatutako dinamikarekin jarraituz, Kabi Alai elkarteko txaranga ibili da kalez kale. Bertaratu diren herritarrek ere kartel bana eraman ahal izan dute etxera. Saltoki eta tabernek, berriz, astelehenetik aurrera jasoko dituzte kartelak. Soberan baleude, herritarren esku jarriko dira kultur etxean datorren astetik aurrera.
Astelehenean zabalduko da zezen-plazara txarangekin sartzeko gonbidapenen zozketan izena emateko epea
Inauterietan zezen-plazara sartzeko sarrerak otsailaren 18an jarriko dira salgai, 16:00etatik aurrera. Sarrera gehienak internet bidez salduko dira, www.bibe.me atarian. Azken urteetan egin bezala, egun bakoitzeko sarrera batzuk zezen plazako leihatilan jarriko dira eskuragarri.
Iazko balorazio eta inkestetan egindako eskariei erantzunez, kopuru handiagoa bideratuko da leihatilara (orain arte, eguneko sarreren % 5). Leihatilaren ordutegia, baina, aldatu egingo da, eta eguerdira arte itxaron beharrean, 10:30ean zabalduko da, sarrerak agortu arte.
Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera erosi ahal izango ditu egun bakoitzeko. Ostegun Gizen, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita eguneko ekitaldien kasuan, harmailetako sarreren salneurria 3 eurokoa (+ komisioa) da; Ostiral Mehe egunerako, berriz, nahiz eta doakoak izan, sarrerak internet bidez hartu beharko dira, gainerakoekin egiten den moduan. Palkoak osorik erosi beharko dira (17 lagun), 65 euroko prezioan (+ komisioa). Erosleei, argibideak bidaliko zaizkie, palkoetako sarrera horiek non, noiz eta nola jaso ditzaketen jakiteko, eta erosketa egiterakoan jasoko duten agiria aurkeztu beharko dute sarrerak jasotzeko.
Aurten egun bakoitzeko ikuskizunetarako palkoetako baten sarrerak zozketa bidez esleituko dira, Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean, herriko saltokietan erosten dutenen artean. Otsailaren 10etik 16ra bitarte elkarteko bazkide diren saltokietan 15 eurotik gorako erosketa bat egiten duten guztiek txartel bana jasoko dute. Zozketa hilaren 17an egingo da: lau zenbaki aterako dira, eta zenbaki bakoitzak lau sarrera jasoko ditu palkorako. Udalaren eta Tolosa&Co-ren sareetan emango dira ezagutzera saridunak.
Otsailaren 18an 16:00etan aktibatuko da sarreren erosketa eta, ikuskizunetako sarreren salmenta plataforma gehienek funtzionatzen duten bezala, itxaron gela birtuala izango da. Erabiltzaileak webgunera iritsi diren ordenaren arabera antolatuko ditu, eta sarbidea emango diete txanda egokitutakoan. Ordua baino lehen sartzen denari, berriz, atzera-kontu bat agertuko zaio, baina horrek ez du esan nahi itxarongela birtualean dagoenik, 16:00etan sartu beharko da. Behin erosketa burututa, eta ordainketa ondo egin dela konprobatuta, posta elektronikoan jasoko dira sarrerak.
Gonbidapenak txarangekin saltoka sartzeko
Iaz bezala, txarangen atzetik saltoka sartu eta plazari buelta eman ahal izateko gonbidapen sistema izango da. Egun bakoitzeko 300 banatuko dira eta zozketa bidez esleituko dira.
Izen-ematea astelehenean zabalduko da, 12:00etan, udalaren webgunean, eta otsailaren 14ko 12:00ak arte (ostirala) izango da. Egun bakoitzeko eman ahal izango da izena. Kuadrilla, familia eta konpartsen presentzia bermatu nahian, izen-emate bakoitzeko 10 gonbidapen eskatu ahal izango dira. Adinez nagusi izan beharko da zozketan izena emateko, eta adin txikikorik balego, adinez nagusi den norbaitekin sartu ahal izango dute.
Otsailaren 17an, sarreren salmenta aktibatu baino egun bat lehenago, egingo da zozketa. Emaitza zehaztutako posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da. Gonbidapena egokitzen zaien herritarrei, jasotzera joandakoan emango zaizkie sarbiderako jarraibideak.
Gonbidapen mota hau duten herritarrek, txarangekin batera sartu ahal izango dute plazara, baina saltoka buelta eman ondoren, atera egin beharko dute, ezingo dute barruan geratu. Hori errespetatzea eskatzen du udalak, ikuskizuna bertan behera uzteko arriskuan egon ez dadin. Gonbidapenik gabe, ezingo da txarangarekin sartu.
Txarangen atzetik sartzeko gonbidapena egokitu edo erositako sarrera eskuratu, baina gero aprobetxatuko ez denik balego, beste edonori uzteko dei egiten du udalak, ahalik eta herritar gehien izan daitezen aukera hori izango dutenak.
Zezenetan parte hartu nahi dutenentzako ate-irekiera
Plazako hondargunean zezenen aurrean egon nahi dutenek ordutegi zehatza izango dute sarbiderako: gehienez, eta aforoaren neurriak kontuan hartuta, 300 pertsona.
Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean eta Asteartitan, 15:30etik 16:00etara zabalduko dira ateak, Zalditegiaren aldetik. Igandean eta astelehenean, berriz, 15:00etatik 15:30era, jende gehiago izaten baita egun horietan. Banan-banan egingo da sarrera eta behin kopurua gaindituta, ez zaio beste inori sartzen utziko. Neurri honen helburua da txarangak iristen direnerako pilaketak ekiditea, edo murriztea behinik behin, ordutik aurrera soilik musikariek edota atzetik saltoka sartzeko gonbidapena dutenek soilik sartu ahal izango dutelako. Ez da aterik zabalduko muga gaindituta.
16 urtetik gorakoek bakarrik izango dute hondargunera sartzeko aukera, hala jasotzen baitu Joko eta Ikuskizunen Legeak. Ateak irekitakoan, Udaltzaingoak NANak egiaztatuko ditu, hortaz, agiriak eskura izatea eskatzen zaie bertaratzen direnei. Alkoholaren edo bestelako sustantzien eraginpean daudenei, berriz, ez zaie sarbiderako baimenik emango.
Segurtasun perimetroa, zezen plazaren kanpoaldean
Udaltzaingoak berriro ere zezen-plaza kanpoaldeko segurtasun perimetroa indartuko du Inauterietan, kanpoaldean sortzen diren pilaketak ekiditeko. Oria kaleak eta Gudari kaleak bat egiten duten puntuan itxiko da sarbidea, eta soilik txarangek, gonbidapena dutenek edo harmailaren zati horietan sarrera dutenek pasa ahal izango dute. Zalditegiaren eremua ere itxi egingo da, eta hondargunera sartu nahi dutenek bertatik sartu beharko dute.
Zergatik neurri hauek?
Joko eta Ikuskizunetarako aforoaren inguruko araudi eta legeak zurrunagoak dira orain, eta udala horiek betetzera behartuta dago. Ezin da nahi adina jende sartu, ez zezen-plazan, ez eta bestelako azpiegituretan ere (Leidor, Beotibar…). 2.973 dira, zezen-plazako harmailen kasuan.
Inauterien kasuan, egunero Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunetako ikuskari bat egoten da zezen-plazan, eta aforoa betetzen ez dela ondorioztatuz gero, erabaki lezake bertan behera uztea. Txarangen atzetik saltoka sarbide librea utziz gero, gertatu izan da batzuk harmailetara salto egitea, eta jada legeak jarritako irizpideak ez lirateke beteko, eta bertan behera uzteko arriskua egon liteke. Gonbidapen sistema, herriko ohiturak ahal bezain beste mantendu ahal izateko sortu zen, oreka topatu nahian.