Erakusketa honetan Inés Medina (Caceres, 1950) artistaren ikerketa plastikoa aurkezten da, hasi haren lehen esperimentazio monokromoetatik, 1978an eginak, eta 90eko hamarkadaren erdialdera arte. Orduan New Yorkera joan zen, eta han egon zen 15 urtez, behin betiko Euskal Herrira itzuli zen arte. Sailka antolatutako proiektu honek artistaren ibilbidearen lehen bi hamarkadak hartzen ditu, abstrakzio geometrikoan eta ordenagailuaren erabileran —irudien neurketari eta sorkuntzari buruzko ikerketan— oinarrituak, eta 1995 ingurura arteko tartea hartzen du.
Erakusketak Medinaren obrari buruzko ibilbide sakona eskaintzen du, zeinak euskal tradizio formalistari lotutako artista belaunaldi batekikoeztabaidan parte hartu baitzuen. XX. mendearen 70eko hamarkadaren amaieran, belaunaldi hori nazioarteko diskurtsoari eta praktika artistikoei ireki zitzaien. Medinaren lanak errealitatea ezagutzeko tresna gisa defendatzen du artea, eta jarrera hori, neurri handi batean isildurik egon dena, indarrez aldarrikatzen da gaur egun. Erakusketa honetan, artistak ikerketa teorikoarekin, idazketarekin eta psikoanalisiarekin batera doan praktika baten prozesua nabarmentzen du, serie geometriko hutsetan, irudiaren ahala aipatzen duten izenburuekin, artea, ezagutza eta bizi-esperientzia uztartuz.