Garai batean, Iruñeko katu guztiek Remigia zuten izena. Iruñean bada kale bat Remigia Echarren izenekoa, eta edadeko jendearen gogoan beharbada oraindik bizi da andre hori. Emakume aparta izan zen, funanbulista, artista, Iruñean XIX. eta XX. mendeen artean oso ezaguna. Nor zen “Argako Erregina”, “Mademoiselle Agustini” edo “Maromako Erregina” ezizenak jaso zituen emakume hori? Nondik sortu zitzaion altueretan ibili nahia halako balentriatan jende gutxi aritzen zen garai batean? Estefanía de Paz Asínek argituko digu, Remigiaren heriotzatik 100 urte betetzen diren honetan. Artista horrek, funanbulista horren istorioak txundituta, bilatu egin du, eta aurkitu, eta, artxibatutako oroimenari datuak agortu zaizkionean, sortzeari eta eraikitzeari ekin dio, emakume zoragarri hura ezagutarazteko.