proposamenak euskal konpainien hiru pieza biltzen ditu ikuskizun bakar batean, gure inguruan dantza garaikidearen diziplinan egiten ari den lan interesgarriaren panoramika bat emateko asmoz.
Bi zatitan banatuko da emanaldia: lehenengoan, bi pieza laburrak ikusiko dira, Concierto para un cuerpo eta Todo este ruido; eta, bigarrenean, iraupen luzeagoko lan bat aurkeztuko dute: Hustu, elogio al vacío. Hiru piezek Dantzalabean, Barakaldo Antzokiko dantzarako espazioan, egoile izanda sortzeko laguntza bana jaso zuten 2024an.
ALMUDENA PÉREZ | CONCIERTO PARA UN CUERPO (estreinaldia)
Ordutegia: 19:00
Iraupena: 25 min
Mugimenduaren musikaltasuna, eta, zehatzago, haren erritmoa, arakatzeko nahitik sortu da lana, Rudolf von Laban koreografoaren Mugimenduaren Analisirako Teoriaren ikuspegitik. Erritmoa protagonista duen koreografia musikal bat planteatzen du piezak, non bi gorputz mugitzen diren, arnasa hartzen duten, bakar bat bezala ibiltzen diren Matteis, Von Biber, Telemann eta Bachen lanetan zehar. Concierto para un cuerpo piezak sorkuntza koreografikoa eta interpretazio historikoa uztartzen ditu, dantzak eta musikak elkarrekiko eragina duten elkarrizketa batean.
QABALUM | TODO ESTE RUIDO
Ordutegia: 19:30
Iraupena: 23 min
Bi interpretatzailerentzako eta drone batentzako dantza-lana, sci-fii-aren iruditeriaren, komikiaren narrazio fragmentario eta fotografiko indartsuen, CGIaren eremuaren eta efektu berezien liluratik sortua, baina baita munduaren sorrerari buruzko mitoetatik, genesitik eta intuizio filosofiko zaharrenetatik ere, gizakiak betidanik bere buruarentzako galdegai izan duen “zerbait gehiago” horretatik. Oro har, jatorriaz hitz egiten duten gure historiaren irudien liluratik nola iritsi garen honaino, eta zer etorriko den. Etorkizun posible bat marrazten duen poema dantzatua, guri forma emateko denbora zeharkatzen duen argiari egindako kantua.
COMPAÑÍA MATXALEN BILBAO | HUSTU, ELOGIO AL VACÍO
Ordutegia: 20:30
Iraupena: 50 min
Zer edo nor bizi da isiltasunean, hutsuneetan, erori aurreko unean, suspentsioan, etenaldietan, hutsean…?Hustu al daiteke bat bere baitatik? Hutsaren kontzeptua mugimendua osatzeko prozedura gisa ikertzen duen proiektu artistikoa. Hutsa eraikuntza-material gisa, konposizio-elementu gisa. Hutsa, funtsezkora hurbilketa gisa.
Pieza honek hustasuna elementu nagusi, dinamiko eta aktibo gisa ulertzen du, eraldaketak gertatzen diren gune gisa, betetasuna bere osotasunean hartzen duena, hartan zentzua aurkituz.
Hutsa mugimenduaren iheskortasunari eta argitu gabeko sakontasun ezkutuari lotuta dago. Errebelatzeko baino gehiago gogoratzeko joera duen elementua.