Emanaldi hau ez da kontzertu soil bat: interpretearen eta entzuleen arteko elkarrizketa bat da, non inprobisazioa korapilatu egiten den Keith Jarretten 1984ko Köln Concert ospetsuaren estiloko melodia handiekin.
Inprobisazioari esker bizitzaz blaitzen du interpretazio bakoitza, iragana eta oraina konektatzen baititu askatasun artistiko zabala darion ikuskizunean.
Adrian Royo (Miranda Ebro, 1989). Prestakuntza eta oinarri musikala jaso zituen Miranda Ebroko kontserbatorioan eta Londresko Guildhall School eskolari lotutako Ramiro Requejo akademian. Unibertsitateko etapan, Avileseko eskolan ezagutza musikalak zabaltzea erabaki zuen. Gaur egun, Piano Jazz Performance lizentziaduna da Bartzelonako goi-mailako Liceu kontserbatorioan. Harrezkero etengabe ikasten jarraitu du, nazioarteko hainbat artistaren mintegi eta eskola magistraletan parte hartuz.
2017. eta 2019. urteen artean hainbat proiektu pertsonal gauzatu zituen; besteak beste, estatu-mailako bira bat egin zuen Adrián Royo Trío hirukotearekin, eta jazz garaikideko trio bat Francesc Arau McSweeney (baxu elektrikoa) eta Oriol Pujol-Ras (bateria) musikariekin.
2021ean Fran Serrano Quintet boskotearen 0202 diskoa grabatu eta ekoitzi zuen, Alberto Arteta (saxoa), Daniel Artetxe (gitarra), Juanma Urriza (bateria) eta Fran Serranorekin (kontrabaxua) batera. 2021eko uztailean Iradier Arenan jo zuten Gasteizko Jazzaldiaren programaren barruan. Aldi berean, Adrianek Pangea diskoa ondu eta grabatu zuen, bere lehen lana lider gisa. 2023an Gasteizko Jazzaldia ireki zuen Principal antzokian, eta Pangea diskoa aurkeztu zuen bertan Manel Fortia eta Gonzalo del Valekin batera.
Jazz musikako eta bestelako jaialdi askotan parte hartu du, eta estudioko hainbat grabazio egin ditu. 2024an, Enderrock aldizkari ospetsuak Pangea diskoa hautatu zuen urteko 10 jazz disko onenen artean. Lan berarengatik jazz disko onenaren sarirako hautatu zuten Espainiako Estatuko Musika Independentearen Sarietan (MIN sariak, 2024).