Pasaiako Musika Bandaren mendeurreneko egitaraua

Pasaia 2025(e)ko martxoaren 22(e)tik 2025(e)ko martxoaren 30(e)ra
  • Pasaiako Musika Bandaren mendeurreneko egitaraua

Pasaiako Musika Bandak 100 urte beteko ditu aurten. Efemeridea ospatu eta aurtengo egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa izan da gaur, martxoak 12, Pasai Antxon. Bertan hizlari izan dira, hurrenez hurren, Teo Alberro Pasaiako alkatea, Aitor Brion Kultura eta Ondareko zinegotzia, eta Txema Hernandez Musika Banda Pasaiaren presidentea. Parte hartu dute, halaber, programazioaren sustatzaile eta kolaboratzaile diren Gorka Miranda Pasaia Musikaleko presidenteak eta Antxoko apaiz Joserra Treviñok.

Musika Banda Pasaia 1925. urtean sortu bazen ere, mende horren hasieran bazen beste banda bat: Asociación de Banda de Música y Orfeón de Ancho, “la banda del 33” ezizenez ezaguna,  El 33 abestia sarritan jotzen zuelako. Garaiko kroniken arabera, taldeak urte batzuk besterik ez zituen iraun, bere zuzendaria izan zenak, Luis Aranbarrik, Argentinara alde egin behar izan zuelako.

1924. urtean Sociedad Musical Pasaitarra sortu zen. Hala ere, elkarteko lehenengo batzar nagusia 1925eko ekainaren 8an egin zen, eta horregatik bigarren data hori hartzen da sorrera-datatzat. Antxoko musikazale talde baten berotasun eta kemenari esker sortu zen. Elkarteko bazkideek urtean pezeta bateko kuota ordaintzen zuten. Bandak igande eta jaiegunetan dantzatzeko musika jotzen zuen herrian, eta, lan horren truke, alkateak musikariei gazta, ogia eta ardoa eskaintzen zizkien meriendatzeko.

Teo Alberro alkateak ireki du aurkezpena: "Musika Banda Pasaiak gure herriko kultur ondarean izan duen eragina izugarria izan da, eta da gaur egun ere. Mende bat betetzea ez da makala, eta horrek erakusten du bandak herritarren artean sustraituta jarraitzen duela ehun urte geroago. Pasaiak musikariz osatutako komunitate bizi eta dinamikoa izan du betidanik, eta ikusten ari gara belaunaldi gazteek ere heldu diotela testigu horri”.

Aitor Brion Kultura eta Ondareko zinegotzia bide beretik mintzatu da, eta esan du bandak gure ondare kulturalean duen garrantzia “ukaezina” dela. “1925ean sortu zenetik, belaunaldiz belaunaldi egin du aurrera bandak. Baina historia ez da soilik iragana: elkartea bizirik dago, eta kultura eta musikarekiko grina elikatzen jarraitzen du. Urtemuga hau aukera paregabea da gure bandaren historia ospatzeko eta etorkizunerako motibazio berriak bultzatzeko".

Txema Hernandezek, azkenik, atzera begirakoa egin du: "2000. urtean, 'Sociedad Musical Pasaitarra' elkartearen 75. urteurrena zela eta, Pasaiako Udalak ikerketa-beka bat eman zidan talde horren historiari buruz idazteko. Horrek aukera eman zidan informazio oparoa eskuratzeko eta kide asko elkarrizketatzeko, adinekoak nahiz gaztetxoak. Prozesu horri esker, oso ikuspegi pertsonalistatik ezagutu nuen elkarte hura, eta liluratuta geratu nintzen haren historiarekin, lorpenekin eta lagunarteko giroarekin. Hainbesteraino, non azkenean instrumentista gisa sartu nintzen bandan. Nork esango zidan niri... sanpedrotar bat Antxoko bandan jotzen! Gaur egun Musika Banda Pasaiaren zuzendaritza-batzordeko kidea naiz, eta urtez urte Musika Astea, kultur ekitaldiak, kontzertuak eta errezitaldiak antolatzen jarraitzen dugu. Ehun urte igaro dira elkartea sortu zenetik, baina lehen egunean bezala, Antxon musika eta kultura sustatzeko izpiritua bizirik mantentzen da".

Mendeurreneko programazioa
Urtemuga berezia ospatzeko, Musika Banda Pasaiak ekitaldi bereziak antolatu ditu:
•    Martxoak 22: 100 años de la Sociedad Musical Pasaitarra hitzaldia – 19:00etan Antxoko Kultur Etxean. Hizlaria: Jose Mª Hernandez.
•    Martxoak 23: UPV/EHU Abesbatza – 19:00etan San Fermin Elizan.
•    Martxoak 29: Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako Abesbatza Barrokoa – 20:00etan San Fermin elizan.
•    Martxoak 30: Ilunbe Musika Banda – 13:00etan Antxoko frontoian (eguraldiaren arabera). Bertan, bandako ohiko kideek Ramon Rodriguezek sortutako abestiak joko dituzte.
•    Geroago, bandako kideen bazkaria izango da.
•    19:00etan, San Fermin elizan – Vocalia taldea.
Ekitaldi horiek herritar guztientzat irekiak izango direla ohartarazi dute antolatzaileek.

pasaia.eus/

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2025(e)ko martxoaren 22(e)tik 2025(e)ko martxoaren 30(e)ra
  • LekuaPasaia
  • Ikusi agenda Pasaia

Non