Zer doinu dauka egileek elkar ezagutu aurretik ere bazegoen musikak? Nola harrapatu bi ezezagunen arteko topaketatik sortzen diren abestiak? Zer gertatzen da truke horretan?
Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko, ANTE proiektua sortu dute Amorante euskal abeslari eta musikariak eta Adriano Galante abeslari, idazle eta performerrak. Soinua, antzezpena eta poesia nahasten ditu proiektu berriak, bi artistak elkartzean piztutako konexio sakonetik sortua. Kode irekiko elkarrizketa bizia da, bi artisten eragin musikal zabalek zeharkatua; horrela, mintzaira propioa sortu dute elkarlanetik, soinuen collagetik eta euren lanen performatibitatetik abiatuta.
Amorantek eta Adrianok zuzenean esperimentatuko dute "ante" hitza duten adjektiboekin, horien mugak aztertu eta jolasean aritzeko. Horretarako, hainbat genero uztartuko dituzte: haitzuloetako hitz esana, preziosismo zaratatsua, kantautore abestiak, hip hop abstraktua eta abangoardia bokala.
Ate-irekiera, 18:30ean.
Ordurako iristea eskatzen da, gainerako ikusentzuleekiko eta artistekiko errespetuagatik. Beraz, ezin izango da aretoan sartu behin ikuskizuna hasita. Era berean, ez da baimenduko janariarekin edo edariarekin esparrura sartzea.
Iban Urizar euskal etnomusikologo eta instrumentu ugariren jotzailearen proiektu pertsonala da AMORANTE. Bide berrien urratzaile, ikonoklasta, inprobisazio zale... Amorantek antzinako eta abangoardiako musika zeharkatzen duten konposizioak sortzen ditu. Tronpeta kuttuna beti aldean —baina baita nahasketa-pedalak, harmonium indiarra eta sintetizadore txiki bat ere—, Amoranteren musika nolabaiteko bidaia da, beti aldabera, beti esperimentala. Aurreiritzi orori muzin eginda, nahasketa apartak egiten ditu askotariko instrumentuen sonoritatea lagun. Tronpetari putz eginez beltz bihurtu dezake Amorantek bere inguru osoa, osabaren espiritua dei dezake autotune bidez abestuz, baita denboraren tolesturetan galdutako abestiak molde elektronikoz jantzi ere.
Soinu-ekintza, performancea eta abesti librea lantzen dituen Seward kolektiboaren sortzailea da Adriano Galante, baita kolektibo bereko abeslari eta musikaria ere. 2005. urteaz geroztik, Galantek bere lekua topatu du hainbat diziplinaren arteko elkargunean: sorkuntza kolektiboa, diziplinarteko interpretazioa, pentsamendu kritikoa, kudeaketa komunitarioa eta arte-komisariotza. Izen handiko artistekin elkarlanean aritzen da. Ibilbide zabala urratu du, askotarikoa eta polifazetikoa, eta proposamen artistiko ugaritan lanean jarraitzen du, musika, hitza, arte biziak eta pentsamendu kritikoa beti erdigunean kokatuta.