1951ko abuztuan erakusketa bat egin zen San Telmo Museoan Gipuzkoako Lurralde Antolamendu Plan berria aurkezteko. Erakusketako piezarik deigarriena formatu handiko Gipuzkoako maketa bat izan zen. Maketa horrek erreferentzia gisa balio izan zuen gero herrien plangintza egiteko. Maketa hori mugarri bat da gaur egun gure lurraldeko hirigintzaren historian. Zabalgunearen eredua agortzen eta plangintza modernoa abiatzen den unea markatzen du. Hirigintzaren maketa hartaz eta eragindako inflexio handiaz arituko da hizlaria.
Ana Azpiri Albistegui historian doktorea eta EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskolako irakaslea da. XVIII, XIX eta XX. mendeetako Euskal Herriko arkitektura eta hirigintza ikertu ditu. Bere ikerketen artean, hirigintzari dagokionez, bi liburu nabarmendu behar dira: Urbanismo en Bilbao, 1900-1930 (bere doktore-tesia izan zena) eta Arquitectura y Urbanismo en Hondarribia, 1890-1965.