Lekuz Leku 2025: egitaraua

Bilbao 2025(e)ko ekainaren 25(e)tik 2025(e)ko ekainaren 28(e)ra
  • Lekuz Leku 2025: egitaraua

Ekainaren 25etik 28ra bitartean, Bilbon beste Lekuz Leku Jaialdi bat, hots, Nazioarteko Dantza Jaialdia Hiri Inguruneetan, izango da, hain zuen, XXI.a. Deustuko La Fundición Aretoak antolatzen du dantzaldia, eta, berriro ere, 2005. urtetik egin ohi duenez, espazio publikoa hartuko du eta herritarrak eta turistak harritu egingo ditu; izan ere, dantza garaikideko ikuskizunak topatuko dituzte hiriko lorategi-inguru jendetsuenetako batean, Abandoibarran, alegia. Guggenheim Bilbao Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren arteko kilometroa, Nerbioi erriberan barrena, izango da hiri-agertoki handi-handia hamar bat konpainientzat, bati bertoko, bai Estatuko, bai nazioartekoentzat, hilaren 27an –ostirala– eta 28an –larunbata–, 19:00etatik aurrera. Toki ezberdinetan dantzatuko dute guztiek, aire zabaleko dantzaldi ibiltaria ere baita. Hortaz, heliozko puxika zuri handi batzuek, 'Lekuz Leku' hitzekin, inguru horren gainetik hegan egingo dute une bakoitzean emanaldi bat non egiten ari den adierazteko.

Ostiralean, kasu, Swan pieza originala ikusteko aukera egongo da. Gaetano Palermo italiar performerrak sortu du, eta Veneziako Biurtekoak ekoitzi. Hartan, patinatzaile aztoragarri bat, maskaratua (Rita Di Leok antzeztua), temati egindakoibilbide eliptikoetan flotatzen ari omen da...  drama sortu arte. Dantza eta antzerkitik haratago doa proposamena, elementu artistikotzat kirola ere erabilita, eta errealitatea eta fikzioa uztartzen ditu “ikusleengan egonezina sortzeko, ikusleak boluntario ala ustekabeko oinezko izan”, Palermoren hitzetan. Egun berean, artista hauen ikuskizunak ere egongo dira ikusgai: Yugen euskal eta madrildar hirukotea (dantza garaikidea eta dantza urbanoak uztatzen dituen Nexum piezaren eskutik ), Colectivo Banquet laukote madrildarra (zainketei eta komunitarioari egindako kantua den Seu aquí piezaren eskutik) edo Ainhoa Usandizaga gipuzkoarra (prokrastinazioari buruzko Bihar bakar-saioaren eskutik). Gauari La Fundición Aretoan emango zaio amaiera, non Natalia García Muro bizkaitarraren El espacio de los límites bakar-saioa ikusteko aukera egongo den (sarrera doan).

Larunbateko programazioa Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegian hasiko da, 19:00etan, Ia, ia, alai 12 dantzariren eskutik. Matxalen Bilbao (Mutis Espazioa) arduratzen da lanaren koreografiaz eta zuzendaritzaz. Era berean, nabarmentzekoa da 'Sitios y lugares' eskulturaren inguruan ('Las tazas' bezala ezagutzen dena) Todo este ruido dantza-pieza, Qabalum nafarrena, “bi gorputz eta drone bat” hirukoteak antzeztua. Zientzia-fikziozko eta efektu berezien imaginarioarekiko liluratik sortu da, eta, haien hitzetan, “poema dantzatua da, etorkizun posible bat marrazten duena”. Egun horretako sei ikuskizunak biribiltzeko, hauek ere arituko dira: Lasala gipuzkoarrak (Burnt laukotearen eskutik), Carla Sisteré konpainia katalana (Sadnessländ hirukotearen eskutik) eta Fran Sieira konpainia galiziarra (Galiziako folklorearen eta dantza garaikidearen arteko gurutzaketa den eta genero-estereotipoak zalantzan jartzen dituen Un baile ceibe lanaren eskutik). Gaua 21:30ean amaituko da, Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegian berriro ere, Kubako erritmoen eskola ireki Ahora bailo yo izenekoaren eskutik. Kubako Dantza Konpainia Nazionaleko dantzari ohi Denis Martínezek, egun Euskadin bizi denak, zeremonia-maisu gisa jardungo du azken saio partizipatibo horretan, eta ondoren, ikusleak eta artistak mokaduak jatera gonbidatuko dira, musu-truk, La Fundición Aretoan (22:00etatik aurrera).

Alabaina, Lekuz Leku 2025 asteburuko kaleko bi egun horien aurretik hasiko da. Izan ere, ekainaren 25ean eta 26an –asteazkena eta osteguna, hurrenez hurren–, Coreografías de la mirada/Agerikoa” tailerra izango da. Dantza esperientziarik ez dutenentzat antolatu da –bai ikusteko desgaitasunen bat dutenentzat, bai ondo ikusten dutenentzat–. Eneko Lorente du komisario, EHUko irakaslea eta ikertzailea, arte eszenikoetan eta mugimenduan espezialista, zeinak itsutasun-egoeran gorputz-mugimenduarekin esperimentatzeko gonbit egingo duen, “kultura bisual garaikideari buruzko hausnarketa kritikoa egiteko”, azaldu du Lorentek berak. Izen-ematea doakoa da, eta nahikoa da “dantza komunitarioko proposamenean parte hartu nahi izatea”. WhatsApp (665 70 29 20), helbide eletroniko (info@lafundicion.org) edo telefono (944 75 33 27) bidez eman daiteke izena. 

Begiradari buruzko proiektu horren esparruan, halaber, Lekuz Leku jaialdiak Dancer in the Dark (J.B.G.A.) emango du. 25 urte bete ditu filmak. Lars von Trier da zuzendaria eta Björk eta Catherine Deneuve, antzezleak. Filmean Vincent Patersonen koreografiak agertzen dira, eta ikusmen-galerako prozesu bat kontatzen da. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean emango da filma (COAVN - Mazarredo zumarkalea 69), hilaren 26an –osteguna–, 19:00etatik aurrera. Sarrera doan. Filmaren ostean, mahai-inguru bat egongo da, Lorentek zuzendurikoa. 

Lekuz Leku 2025 Jaialdiak antolatutako hamabost jarduerak doakoak dira. Jaialdiaz gehiago jakiteko, jo hona: www.lekuzleku.orgOhiz Kanpoko Lekuetako Dantza Garaikideko Jaialdien Sare ACIELOABIERTOko partaidea da Bilboko Jaialdia. Erakunde hark hogeitik gora ekitaldi biltzen ditu Estatuan. 

lekuzleku.com

Laburrean

Non