Sopelak 2025eko San Pedro Jaiak ekainaren 26tik 29ra ospatuko ditu. Ekainaren 26tik 29ra izango dira aurten. Urtero legez, adin eta gustu guztietarako egitarau zabala prestatu du Sopelako Jai Batzordeak.
Esaera Zaharren Txapelketaren antolatzaileek botako dute pregoia aurten. Izan ere, 30 urte bete dira txapelketa lehenengoz antolatu zutenetik. Txupina, berriz, Breaking Katxi kuadrillak botako du.
Jaien baitan, musikak protagonismo nabarmena izango du. Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Les Testarudes, Akatz, Albina Stardust, Kuttune, Gildas, Hot Tubes, Kresala eta Bidean taldeak igoko dira oholtza gainera. Kontzertuetatik harago, baina, askotariko eskaintza zabala egongo da: herri bazkaria, bertsoak, umeentzako jarduerak, nagusien bazkaria eta kuadrillen arteko lehiaketa egingo dituzte, beste kontu askoren artean.
Eskertuta agertu da Itziar Lazaro Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia: “Jai Batzordea osatzen duten eragile, elkarte eta norbanako bakoitzari eskerrak eman nahi dizkiegu, haien lanari esker, adin guztietarako egitarau oparoa izaten dugulako urtero. Berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jai askeak nahi ditugu”.
Larrabasterrako jaiak ere martxan
San Pedro jaiak amaitu ostean,Larrabasterrako Karmen jaiak etorriko dira segidan: uztailaren 11tik 16ra egingo dituzte aurten. Sopelako Lagun Artea eta Urepel abesbatzak izango dira aurtengo pregoilariak. 20. urteurrena bete du aurten Lagun Arteak; eta 10. urteurrena, berriz, Urepelek.
Kontzertuei dagokienez, Gozategi, Olatz Salvador, Nonbait, Maneras de Vivir eta CovBeers taldeak izango dira.