Bizkaiko Foru Museoen eta Aretoen 2025eko Udako Programa

Bilbao 2025(e)ko uztailaren 11(e)tik 2025(e)ko irailaren 28(e)ra
  • Bizkaiko Foru Museoen eta Aretoen 2025eko Udako Programa

Bizkaiko Foru Aldundiak bertakoak eta bisitariak gonbidatzen ditu udarako kultur proposamen handi horretaz gozatzera eta museo- eta ondare-espazio enblematiko guztietako jarduerak, erakusketak eta bisita gidatuak egitera.

Kultur programa Bizkaiko eskualde batean baino gehiagotan garatuko da, esaterako, Muñatones Gazteluan (Muskiz), El Pobaleko Burdinolan (Muskiz), La Encartada Fabrika-Museoan (Balmaseda), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Txakolin Museoa - Txakolingunea (Bakio), Omako Basoa (Kortezubi). Rekalde Aretoa (Bilbo), Ondare Aretoa (Bilbo) eta Arkeologia Museoa (Bilbo).

Muñatones Gazteluak bisita gidatuak eskainiko ditu udako igande guztietan, irailaren 7ra arte, 10:30ean eta 12:30ean. Bisitariek Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekurik garatuena ezagutuko dute, leinu-gerretako testuinguru historikoan, Bizkaiko lehen historialari Lope Gartzea Salazarren eta beste batzuen bizitzarekin batera. Abuztuko asteazkenetan, beste bisita gidatu batzuk izango dira 11:00etan, aldez aurretik erreserbatuz gero.

Nabarmentzekoa da, halaber, El Pobaleko Burdinolarekin batera egindako plana. Bertan, burdina lantzeko prozesua zein den jakiteko bisita egin daiteke, landa-eremuko nobleziaren funtsezko baliabidea baitzen. Jai-zubietako larunbatetan (uztailaren 26an eta abuztuaren 16an), bertatik bertara ikusi ahal izango dira olarien lana, makinak martxan, gabiak eta tradiziozko burdin lana.

Uztailaren 13an, igandean, Mitos kultur elkarteak Erdi Aroko gorputzez gorputz borrokatzeko armei buruzko hitzaldi bat emango du eta garai hartako giroa birsortuko du, Erdi Aroan Euskal Herrian armek izan zituzten forma eta erabilera ohikoenak erakusteko (doako jarduera).

Uztailaren 20an, umorez eta zorroztasun historikoarekin, antzeztutako bisitaldi batean, gaztelua bisitatzen dutenak Muñatones Gazteluko bizimodura hurbilduko dira historiako pertsonaien eta Juan Manuel González Cembellín historialariaren eskutik.

Eta irailaren 14an, «Loperen dieta» deritzon tailerrean, adituek komentatutako dastaketa bat egongo da eta Erdi Aroko gastronomia izango da protagonista.

El Pobaleko Burdinola (Muskiz) asteartetik larunbatera egongo da zabalik goiz eta arratsalde, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara, gainera, bisita gidatuak egingo ditu orduero. Larunbatetan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan, olarien erakustaldi osoak ere izango dira.

Juan Miguel Cortésen "Huidobroren bila, 21. zk., Ikatz samindu" izeneko instalazio poetikoak kolorez beteko du ikaztegia. Izan ere, Cortések Vicente Huidobro olerkariaren bertso batzuk berreskuratu ditu errotulu komertzial zaharretatik, eta, letra argi handiekin berridatzita, bizitasun berria eman die. Horretaz gain, El Pobalek zenbait jarduera diseinatu ditu, hala nola pasta-tailerrak, forjaketa eta ingurumen-dibulgazioko aire zabaleko jarduerak, esate baterako, ur-tanta bateko bizitza esploratzea, edo hegaztientzako habia-kutxak muntatzea, edo uretako eta lurpeko abentura. Hain zuzen, osteratxo bat antolatu du Barbadun ibaiaren inguruan, proba batzuen bidez zuhaitzen aniztasunaren berri jakinarazteko. Gainera, parte-hartzaileak lurpeko harrizko tunel batean sartu ahal izango dira errotaren bihotzera iristeko.

La Encartada Fabrika-Museoak (Balmaseda), uztailean, bi hitzordu oso berezi eskainiko ditu Berritu programaren barruan: uztailaren 5ean, Haritik tiraka jarduera. XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen amaierara arte, puntu-lanak ehuntzeko makinek aldaketa handiak izan zituzten. Bisitaldi horretako parte-hartzaileek bilakaera horren berri jakin ahal izango dute galtzerdientzako trikotosen eta trikotosa zuzenen erakusketari esker. Bestalde, uztailaren 19an, beste jarduera hau egingo da: Material akastuna berriz aprobetxatzea. Trapuak txikitzeko makinak akatsak zituzten produktuak xehatzen zituen, eta, horrela, berrerabiltzea bermatzen zuen. Prozesu historiko hori nola berreskuratu den jakin nahi izanez gero, La Encartada da aukera.

Gainera, uztailaren 4tik aurrera eta uda osoan, harigintzako nabea zabaldu da berriro. La Encartadako gune enblematikoenetako bat da eta, orain arte, itxita egon da instalazioak hobetzeko obrak egin direlako.

Bilbon, Arkeologia Museoa ere jardueretan murgilduta dago. Museoak Arkeouda izeneko kanpamentuak antolatzen ditu haurrentzat. Arkeologiari eta Bizkaiko historiari buruzko gaikako tailerrekin batera, aldi baterako erakusketak ere badauzka, hala nola "Martiodako erlikiak". Erakusketa horretan, XVII. mendeko Martiodako erlikia-ontzi ikaragarritik datozen metal preziatuzko ehun eta hariekin jantzitako martirien hezurren sorta bat dago ikusgai, eta, "Museoa aztarnaz aztarna" programaren barruan, Burtzeñako (Barakaldo) Mesedetako komentuaren indusketa arkeologikoetan aurkitutako metalezko gerrikoa/eten-uhala egongo da ikusgai, zeina XVII. eta XVIII. mendeen artean datatu baita. Pieza hori gizon heldu baten hilobiratze-hatuen parte zen, eta ikusgai jarri da Arkeologia Museoan gordailututa egon ohi diren ondare-pieza esanguratsuak ezagutzera emateko. Gainera, museoak "Arkeologia egun batez" izeneko familia-tailerrak eskainiko ditu uztaileko eta abuztuko igandeetan. Jarduera didaktiko horretan, familiek Bizkaiko historia ezagutuko dute, eta haurrak arkeologo bihurtuko dira egun batez.

Rekalde Aretoan, Bilbon, Juan Carlos Eguillor deritzon erakusketa egongo da, 2025eko irailaren 28ra arte. Labirinto erakusketan, ilustratzaile, zinemagile eta sortzaile bilbotar ezagun horren obraren ibilbidea egin daiteke. Erakusketa dela eta, Garikoitz Fraga Anogitiarekin topaketak antolatu dira, datorren uztailaren 22an, 11:30ean, Eguillorren figura eta ondare artistikoan sakontzeko aukera eskainiz.

Bestalde, Ondare aretoak Akuarelaren Nazioarteko Erakusketa izango du. Nazioarteko erakusketa horretan, Euskal Akuarelarien Elkartearen 80. urteurrenaren esparruan, euskal artisten eta nazioarteko erreferenteen 80 akuarela bildu dira, eta 2025eko abuztuaren 30etik aurrera bisitatu ahal izango da. Ondare aretoak Euskal Akuarelarien Elkarteko ordezkariekiko topaketa bereziak antolatu ditu: bata, uztailaren 9an izandakoanon elkarteko presidente ohi Isabel San Juanek bisita iruzkindu bat eskaini ditu gaztelaniaz; bestea, uztailaren 17an, 17:30ean, elkarteko egungo presidente Juan Isasiren txanda izango da, zeinak bisita euskaraz gidatuko baitu.

Arrantzaleen Museoan, Bermeon, "Emakume zamaketariak. Ikusarazi beharreko lanbidea" deritzon erakusketaz goza daiteke: erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu dute. Abuztuaren 12an, galarrenaren gaineko bisita berezia ere eskainiko dute, 1912ko egun horretan Matxitxako lurmuturretik 45 itsas miliara arrantzan zebiltzan eta hil egin ziren ehun bermeotar baino gehiagoren oroimenez.

Programa osatzeko, abuztuaren 7an eta 8an, euskaraz, 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzako Arrain jokoak haur-tailerra antolatu dute, arrantzari buruzko eskulanak eta jolasak konbinatuta. Amaitzeko, abuztuaren 28an eta 29an, EHUren udako ikastaroa izango da, «Literatura eta Nazioa» izenburupean, Laida taldeak Gabriel Arestiren omenez 50. heriotza-urteurrenean antolatua. Udako ikastarorako erreserba egin behar da laidataldea@gmail.com helbidearen bidez.

Udan bisitatu ahal izango den beste leku bat Kortezubiko Omako Basoa da. Agustín Ibarrolak sortutako artelana da hori, eta asteko egun guztietan joan ahal izango da. Bisita gidatuak larunbatetan izango dira. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserbatzea, bizkaia.eus/oma-basoa webgunean.

Udalerri horretan bertan, Kortezubin, Santimamiñe dago. Historiaurreko kulturako tokirik enblematikoenetako bat da eta Gizateriaren Ondare izendapena du. Uztailaren 12an, Santimamiñe egunean, labar-artearen aurkikuntza, indusketen hasiera eta Munduko Ondarearen izendapena ospatzen dira. Larunbatean 22:00etan, kobarako gaueko bisita gidatua egingo da. Bisitak aldez aurreko erreserba behar du, plaza-kopuru mugatua daukalako. 944 651 657 telefonoan edo santimamine@bizkaia.eus helbidean erreserba daiteke. Gainera, urriaren 14ra arte, goiz eta arratsalde, Santimamiñek eguneroko bisita gidatuak eskainiko ditu. Informazio-gunean egingo da harrera, 10:00etatik 19:00etara.

Gernika-Lumon, Euskal Herria museoan, uztaileko asteazkenetan, solasaldiak antolatu dituzte. Parte-hartzaileek lorategira ateratzeko eta euskal ondarea ezagutzeko aukera izango dute. Herri-kirolen erakusketa ere izango da irailaren 13an, Sustabiz fundazioaren eskutik. Museora doazenek, irailaren 21era arte, «Gamazada. Gure poltsikoaren jabe» erakusketa ikusi ahal izango dute. Erakusketa horrek azalduko digu nolakoa izan zen foraltasunaren eta autogobernuaren aldeko gizarte-matxinada izan zen gertakari garrantzitsuenetako bat, eta, aldi berean, iraganerako leiho bat zabalduko digu, uler dezagun euskal-nafar ekonomia-itunaren egungo egoera.

Uztailean eta abuztuan, Txakolin Museoa - Txakolinguneak «Uribeko koloreak» izeneko bisita gidatua eskainiko du. Hor hiru txakolin (zuria, gorria eta beltza) dastatu ahal izango dira, gilda eta guzti.

Jarduerei, ordutegiei eta tarifei buruzko informazio guztia hemen dago: bizkaikoa.bizkaia.eus webgunea.

bizkaia.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2025(e)ko uztailaren 11(e)tik 2025(e)ko irailaren 28(e)ra
  • LekuaBilbao
  • HizkuntzaHainbat (euskara barne)
  • Ikusi agenda Bilbao

Non