Elorrioko 2025eko jai nagusiak irailaren 5etik 15era ospatuko dira aurten. Aurtengo txupinazoa pertsonak zaintzen eta etxeko lanetan diharduten emakumeek botako dute, zapatuan, irailak 6. Grettel Antonia Diaz Gutierrez nikaraguarra da kolektibo horretako kideetako bat, eta, aipatu duenez, “pozez hartu genuen proposamena, kontuan hartzen gaituztela sentitu baitugu. Normalean ezin izaten dugu ekitaldi horretan egon zaintza-lanetan aritzen garelako, baina aurten jaiei hasiera ematea ohorea izango da; Elorriok oso ondo hartu gaitu”.
Denentzako ekitaldiak
Adin tarteei begira, aurreko urteetako ekimen arrakastatsuek tokia izango dute beste behin. Txikienek bitsaren festak, jolasak eta haur parkeak izango dituzte eskura, gaztetxoek aktibitate piloa Ganondo parkeko uhartean, eta nagusienek euren egun berezian mendi ibilbidea, meza, luntxa eta dantza moduko ekitaldiak.
Ikuskizunen artean, gainera, bertsolariak, kaleko antzerkiak, zirkua, dantza garaikidea eta erraldoiak egongo dira; eta guneei dagokionez, plazan antolatuko dira ekitaldi gehienak, baina Urarka-Esteibarlandan, Aldatsekuan eta txosnagunean ere hainbat emanaldi ikusi ahalko dira, formatu ibiltarian egingo direnak ahaztu gabe.
Tradiziozko ekintzek ez dute hutsik egingo, ezta, nola ez, jaiei izena ematen dien Ferixa Nausiak ere, irailaren 7an. “Ferixa eta azokari buruz, eskertzekoa da abeltzain, nekazari eta artisauek gurera etortzeko erakusten duten konpromisoa”, azpimarratu du Basaurik.
Herri mailan antolatzen diren ekintzen artean, honakoak izan daitezke aipagarrienak: