Galdakaoko Jaiak 2025ko irailaren 12tik 21era ospatuko dira. Azken urteotan, Galdakaoko Udalak herritarren esku jarri du Santakurtzetako kontzertuak proposatu eta hautatzeko aukera. Ekimen honek galdakoztarren artean harrera oso ona izan du, beraz, aurten ere haiek beren artista edo talde gogokoenak proposatzeko aukera izango dute. Ohi den bezala, emanaldiak Ardanza parkean izango dira, irailaren 12, 13, 19 eta 20ean.
Proposamenak egiteko epea datorren asteazkenean, otsailaren 26an, hasi eta martxoaren 9ra arte egongo da zabalik. Prozedura errazteko eta papera aurrezteko helburuz, proposamenak Udalaren parte hartze plataforman egin daitezela eskatzen du Udalak. Bertan proposamenak egiteko kontu bat ireki behar da eta horretarako laguntza nahi dutenentzat stand bat jarriko da martxoaren 18an, astelehena, Iturrondo plazan, 18:00etatik 19:30era. Halaber, online izapidea egiteko zailtasunak dituztenek Partaidetza Arlora deitu ahal izango dute.
Proposamenak aurrez aurre egin nahi dituztenentzat, berriz, hautetsontziak jarriko dira Torrezabal Kultur Etxean, Aperribaiko liburutegian, Urretako kiroldegian eta udaletxean.
Baldintzak eta faseak
Herritarren proposamenek aurrera egin dezaten, baldintza batzuk bete beharko dituzte: mezu edo jarrera diskriminatzaileak sustatzen dituzten taldeak ez dira onartuko, ezta aurreko 3 urteetan Santakurtzetan jo dutenak ere, eta talde bat onartua izan dadin, gutxienez 4 elkartek edo pertsonek proposatu beharko dute.
Baldintza horiek ez betetzeak proposamen horiek automatikoki kanpoan uztea eragingo du. Halaber, gutxienez kontzertuen erdietan emakumeen presentzia eta euskararen presentzia bermatuko direla aintzat hartzea gomendatzen da, baita elkarte, koadrila edo pertsona bakoitzak gehienez 4 musika talde proposatu ahal izango dituela.
Lehen fasea amaitutakoan, herriko jaietarako kontzertuak hautatzeko prozesuak honako etapa hauek jarraituko ditu:
Udaleko kultura teknikariek talde bakoitzak ezarritako baldintzak betetzen dituen aztertuko dute, eta galbahea gainditzen duten taldeen prestasuna egiaztatuko dute. Horrez gain, honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:
- Taldeen behar teknikoak. Eszenatokiaren tamaina eta musika ekipoa, esaterako, Galdakaora egokitzeko modukoak izatea
- Aurrekontu muga. 80.000 euro bideratu dira kontzertu guztietarako; beraz, 50.000 eurotik gorako kostua duten taldeak automatikoki geratuko dira kanpoan
- Emakumeen presentzia esanguratsua. Abeslaria edo taldekideen erdia baino gehiago emakume izan behar dira, gutxienez kontzertuen erdietan
- Euskararen presentzia, gutxienez kontzertuen erdietan
Oinarrizko betekizunen bat bete gabe geratuko balitz, Udalak berak neurriak hartuko lituzke gutxieneko horiek bermatzeko.
Udaleko Kultura Arloak, Jai Batzordearekin elkarlanean, lau kontzertuetarako aukerak zehaztuko ditu egun bakoitzerako. Estilo aniztasuna bermatzeaz, aurrekontura egokitzeaz eta emakumeen zein euskararen presentzia barneratzeaz arduratuko da.
Kontzertuetako bat Jai Batzordean bozkatu eta erabakiko da. Jai Batzordeko kide diren elkarte eta kuadrilla bakoitzak boto bat izango du, eta bozketa batzar batean egingo da. Batzar hori aldez aurretik zehaztu eta iragarriko da.
Gainerako 3 kontzertuak herri bozketaren bidez aukeratuko dira. 16 urtetik gorako galdakoztarrek izango dute botoa emateko aukera. Pertsona bakoitzak egun bakoitzeko talde bakarraren aldeko botoa emango du Udalaren parte hartze plataformaren bidez. Ohiko lekuetan jarritako hautestontzietan ere egongo da aukera hori.
Emaitzen berri jendaurrean emango da, zenbaketa osoa egin ondoren. Aurrez ez da babesen berri emango.