Euskadiko Orkestrak 2025/26 Denboraldi Sinfonikoari hasiera emango dio ‘Berlioz / Ravel’ izeneko kontzertu-programarekin. Stefan Blunierrek zuzendutako kontzertuak datozen egunotan izango dira ohiko lau hiriburuetan: astelehenean, irailak 29, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan; astearte eta asteazkenean, irailak 30 eta urriak 1, Donostiako Kursaal Auditoriumean; ostiralean, urriak 3, Iruñeko Baluarte Auditoriumean; eta larunbatean, urriak 4, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.
Euskadiko Orkestraren Denboraldi berrian, programak protagonismoa ahotsari emango dio. Lehenengo, ahots solistari, Miren Urbieta-Vegaren ahotsari. Hector Berliozen Herminie lanean solista papera hartuko du euskal sopranoak. Frantziarrak gaztaroan idatzi zuen obra hau eta Sinfonia fantastikoaren melodia ospetsuetako batzuk aurreratzen dituen eszena lirikoa da. 2014an Viñas lehiaketan garaipena eskuratu zuenetik, Urbieta-Vegaren ahotsa ohikoa izan da Espainiako antzokietan: Bartzelonako Liceu, Madrilgo Teatro Real edo Oviedoko Operan, adibidez. Baina, opera arloko errepertorioko titulu nagusietan parte hartu izanaz gain, abeslari donostiarrak beti gorde izan du bere lanaren zati bat euskal konpositoreen musika defendatzera eta, horren ondorioz, behin baino gehiagotan, bere jarduera Euskadiko Orkestrarenarekin lotuta egon izan da.
Bigarren zatian, orkestrak Landarbaso Abesbatzarekin bat egingo du. Errenterian egoitza duen Gipuzkoako abesbatza nagusi honek nazioarteko ia 20 sari eskuratu ditu eta azkena abuztuan lortu zuen Tokion. Orkestrak eta abesbatzak elkarrekin Maurice Ravelen sorkuntza-lan handinahienetako bat interpretatuko dute: Daphnis et Chloe ballet sinfoniko-korala. 1912an estreinatu zuten Errusiako Ballet ospetsuek, eta partitura honekin “nire ametsetako Grezia leialki birsortzea” lortu nahi izan zuen Ravelek. Obra eszeniko gisa arrakasta handirik lortu ez bazuen ere, laster jaso zuen orkestra baten erabilera birtuosoarekin lotutako aitortza. 2025ean, Ravel jaio zeneko 150. urteurrena ospatuko dugu eta, ziburutarra Euskadiko Orkestraren ibilbidean funtsezko egilea izan denez gero, haren musikak leku garrantzitsua beteko du Denboraldi berri honetan. Gasteizen Ravelen obra honen abesbatzarik gabeko bertsioa interpretatuko da, Kontserbatorioaren eszenatokiaren espazio-arrazoiengatik.
Stefan Blunier zuzendari suitzarra, Portoko Casa da Musicako maisu titularra eta erromantizismo osteko errepertorioan aditua, izango da emanaldiko zeremonia-maisua.
Egitaraua
H. Berlioz
Herminie [21']
M. Ravel
Daphnis et Chloé [50']*
*Gasteizen abesbatza gabeko bertsioa
EGITARAUA: