BEST – Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak lau urte daramatza emakume sortzaileen arteko sarea ehuntzen, ikusgarritasuna ematen eta kolektibitate feministatik abiatutako gogoeta sustatzen. Helburua sarea sortzea da, emakumeen presentzia azpimarratzea eta glotofeminismoaren eta intersekzionalitatearen begiradatik kultura ulertzeko modu berriak eraikitzea.
Edizio honetan ardatz nagusiak izango dira Bizkaiko emakume musikarien egoera, emakume sortzaileen erresistentziak eta “unibertsaltasun” hegemonikoari buruzko eztabaidak. Aurten, gainera, Bizenta Antonia Mogel Elgezabal izango da omendua, euskaraz idatzi zuen lehen emakume idazlea, bere aitzindaritzaren eta ausardiaren aitortza gisa.
Edizioaren nortasun bisuala Irati Merinok sortu du. Diseinu-lanean nabari da Bizenta Antonia Mogel Elgezabali egindako keinua: inprentako letra tipografiaren hautua, idazteko punta klasikoen irudia eta urrez margotutako punta bakarraren sinbolismoa. Horrela, irudiak bat egiten du omenduaren aitzindaritzarekin eta gaur egungo emakume sortzaileen presentziarekin.