Badira orbaintzeko urteak behar dituzten iraganeko zauriak. Batzuk, nazien kontzentrazio-esparruetara euskal deportazioa kasu, ez dira sufrikario hori jasan zutenak bizi izan ziren artean. Lehenik heriotzak eta ahanztura kontzienteak eta gero oroimen ezak lagundu dute, esparruak askatu eta 80 urtera, zauriak irekita jarrai dezan.
Gogora−Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako erakusketa honek, Deportazioaren Memoria 1945-2025 proiektuaren baitan, euskal gizarteak deportatutako pertsonekin eta haien familiekin duen zorra kitatu nahi du.
Berrehun euskaldun baino gehiagok deportazioaren izugarrikeria pairatu zuten 1940 eta 1945 bitartean, aurreko urteetan demokrazia defendatu zutelako – Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Bigarren Errepublikak ordezkatua –. Hala ere, biktima horien oroimena eta haien bizi-esperientzia ezezaguna izan da euskal gizartearen gehiengoarentzat, eta deportazioa, Europan gertakari hori ezaguna den arren, ez da gure memoria kolektiboaren parte izan.
Jorge Semprunek idatzita utzi zuen bezala, nazien kontzentrazio-esparruetako krudelkeria sentitu daitekeen fenomenoa da, baina ezin da ulertu, hizkuntza arruntarekin transmititu. Bizirik atera ziren beste askoren testigantzek konta ezintasun ideia horretan sakontzen dute eta bizi izan zutena azaltzeko zailtasuna agerian uzten dute. Beren haragitan jasan zutenentzat ere ezinezkoa da ez hitzez adieraztea bakarrik, horrelako zerbait gertatu dela pentsatzea baizik.
Erakusketa honek euskal deportazioaren drama modu zorrotz eta bisualean birsortu nahi du, bizirik atera zirenen testigantzen bidez, bai eta familiek, amikalek, elkarteek eta erakundeek gordetako objektuen eta argitalpenen bidez ere, haien oroimena gal ez dadin ahalegindu direnen ekarpenen bidez, alegia.
Ordutegia: