XX.mendeko poeta handiak aipatzen hasita, inork ez luke Fernando Pessoa poeta portugaldarra alde batera utziko. Pessoaren poesiak, lanak eta askotariko bizitzak pertsona asko hunkitu ditu, baita Pep Tosar zuzendari, egile eta aktorea ere. Arriagan eskaini zuen Lorcari buruzko Federico García ikuskizun ederrean bezala, oraingoan ere antzerkia eta dokumentala uztartzen dituen hizkuntza eszeniko berezia dakarkigu. Eszenaratze poetikoki onirikoa eta zehatza proposatzen du, egile portugaldarraren bizitza- eta sormen-kosmosa adierazteko.
Tosarrek eta Evelyn Arévalok elkarrekin landu duten El Fingidor dramaturgiari forma emateko, nahitaezkoa da askotariko hizkuntza eta diziplina artistikoak uztartzea. Hala, Tosarrek hitzez adieraziko ditu Pessoaren poesia, prosa eta gutunak, eta ondoan izango dituen Hotel Iocandi zirkuko kide Griselda Juncàk eta Tomeu Amerek gorpuztuko dituzte Pessoa bera, haren heteronimoak eta inguruan izan zituen pertsona errealak. Zuzeneko musikari dagokionez, benetan hunkigarria da Joana Gomila abeslariaren eta Elisabet Raspall pianistaren arteko elkarlana. Aurreko ikuskizunetan bezala, Agustí Torres Mallorcako zinemagileak egindako bideo dokumentalak funtsezko rola beteko du ikuskizunean.
Fitxa artistikoa: