Bilboko Berreginen Museoak “Mitoak orbitan. El Universo a la vista” erakusketa aurkeztu du. 2025eko urriaren 24tik 2026ko maiatzaren 24ra bitartean zabalik egongo da proposamena. Errenazimentuko artelanen eta ukipen-baliabideen bidez, erakusketak publikoa gonbidatzen du mitologia klasikoaren eta behaketa astronomikoaren arteko loturak ezagutzera. Finean, antzinako kulturek kosmosa interpretatzeko moduaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du.
Guztira Museoaren bildumako hamar artelan biltzen dituen erakusketaren komisarioa Itziar Martija da eta museoak ekoitzi du. Artelan horien artean nabarmenak dira Errenazimentuko erliebeen molde-lanak, Úbedako (Jaén) Salvador kapera sakratuan jatorria dutenak. Jainko-jainkosa greko-erromatarren irudiak dira eta naturako lau elementuekin zein antzina eguzki-sisteman ikusgai zeuden zeruko gorputzekin lotura dute. Berariaz zaharberritutako artelanak erakusketaren ardatz gisa aurkezten dira eta lehenengoz ikusgai egongo dira Mariaren Bihotza elizan. Bilduma osatuko dute Madrilgo Cerralbo Museotik ekarritako Errenazimentuko estanpa batek eta bilduma propiotik ateratako mukulu biribileko molde-lan batek: Partenoiko Ilargiaren gurdiko zaldi-buruak, mitologiaren eta izartegiaren arteko loturaren ikurra denak.
Gaur goizean Bilboko Berreginen Museoan izan den erakusketaren aurkezpen ekitaldian egon dira Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua; Sorkunde Aiarza, Berreginen Museoko zuzendaria, eta Itziar Martija, erakusketaren komisarioa.
Proiektua Museoaren aldi baterako erakusketen politikaren baitan dago, eta xedea da funts propioen balioa handitzea, horien irakurketa aberastea eta instituzioen arteko lankidetza sustatzea. Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Cerralbo Museoak aktiboki parte hartu dute, erakusketaren diziplinarteko dimentsioaren mesedetan.
ERAKUSKETAREN IBILBIDEA
Ibilbidearen egiturak bi bloke handi ditu:
PUBLIKO OSOARENTZAKO ERAKUSKETA
“Mitoak orbitan. El Universo a la vista” familiarentzako erakusketa gisa sortu dute, edozein adineko bisitarientzako irekia eta irisgarria. Erakusketaren museografia-diseinuak Errenazimentuko erliebeen klasizismoa eta irisgarritasun-proposamen berriak uztartzen ditu. Horrez gain, publikoak aktiboki parte hartzeko ekintza-programa anitza eskaintzen du.
Erakusketak aukera paregabea ematen du berriz ere deskubritzeko unibertsoaren ikuskeran daukagun ondare klasikoa eta, aldi berean, lehen aldiz ikusteko museoaren bildumako artelan zaharberrituak. Kosmosa guztion eskura jartzen duen mitologiaren, artearen eta zientziaren arteko zubia.