Datorren asteazkenean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Galdakaok. Egun horrek gure hizkuntza zaintzeko eta egunero erabiltzeko garrantziaz hausnartzeko eta, aldi berean, komunitatean euskaraz gozatzeko deia egiten du. Data Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat dator, eta herriak bi efemerideak bateratuta gogoratuko ditu, aurten ere, Urreta auzoan.
Hori dela eta, Galdakaoko Udalak herritar guztientzat zuzendutako egitarau zabala prestatu du, jarduerak Urretan kontzentratuz; eguraldiaren arabera, jokoak parkean edo eskolako estalkian izango dira. Programazioa haurrak eskolatik atera bezain laster hasiko da, ilundu bitartean izango diren sormen jolasekin eta liburutegi ibiltariarekin.
Arratsaldean zehar hainbat kultur proposamen ere izango dira, hala nola Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleen kalejira Urreta auzoan barrena eta Lekittoko Deabruak taldearen ikuskizuna, antzerkia eta sua uztartzen dituen emanaldi ikusgarria. Azkenik, iluntzea girotzeko, Seiren taldeko Onintze Garciaren eta Jokin de la Calleren kontzertu akustikoa eta gaztaina jana egingo dira liburutegi ibiltarian.
Hurrengo egunean, abenduaren 4a osteguna, Mintzodromoa izango da pilotalekuan, Berbalaguneko kideak, bi euskaltegietako ikasleak, ikastetxeetako ikasleak, herriko elkarteetako partaideak eta herritarrak bilduko dituena, guztira 150 pertsona inguru, euskaraz modu parte hartzaile eta lasaian aritzeko.
Tabernetan Euskaraz
Aurten, ‘Tabernetan Euskaraz’ egitasmoa egingo da bigarren urtez, bezeroak eta langileak elkarrekin euskaraz aritzera animatzeko, euskaraz gutxi dakitenek barne. Asteazkenean, parte hartzen duten establezimenduek pintxoak oparituko dizkiete ekimenean jarduten duten herritarrei. Gertutasuna Elkartearekin elkarlanean antolatu da ekintza.
Halaber, 3an eta 4an Udalak 2026ko egutegia ere banatuko du, ‘Kirolean euskaraz’ programako kirol taldeekin elkarlanean egin dena.
Hau da Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Udalak prestatutako egitaraua ¿
¿ Abenduak 3, asteazkena
17:00-18:30. Haurrentzat Jokai sormen jolasen instalazioa eta liburutegi ibiltaria
18:30. Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleen kalejira Urreta auzoan barrena
18:30. Lekittoko Deabruak taldearen emanaldia
19:15. Onintze Garciaren eta Jokin de la Calleren (Seiren taldea) kontzertu akustikoa eta gaztaina jana liburutegi ibiltarian
¿ Abenduak 4, osteguna
10:30. Mintzodromoa, berbalagunak, bi euskaltegietako ikasleak, ikastetxeetako ikasleak, herriko elkarteetako partaideak eta herritarrak
Egitarau honekin, Galdakaok herritarrei dei egiten die gure hizkuntza, kultura eta inklusioa protagonista izango diren egun honetan parte hartzera, eta euskaraz bizitzeko eta gozatzeko grina sustatzera.