Aurreko urteotan bezala, Udalak egun hauetan izango diren mota guztietako jardueren (kulturalak, euskara sustatzeko, kirol alorrekoak, musikakoak...) egutegia prestatu du hurrengo asteotarako eta kartel batean ateratako QR kode baten bidez ezagut daiteke.
Udalak eta herriko elkarteek antolatutako jarduera horien artean, gaur, ostiralean, azaroak 28, 19:00etan, Ombuaren itzala izenburuko proiekzioa izango da Bentan, Patxi Bisquert zuzendariaren partaidetzarekin. Azaroaren 30ean dantzarien kalejira berezia izango da Algortan zehar, 12:00etatik aurrera, Itxartu taldearen eskutik, eta Olaiaren lorategia haur antzerkia Muxikebarrin, 18:00etan.
EGIZU euskara elkarteak antolatutako ekitaldien artean, Kluba eta Txokoa literatura saioak izango dira, Durangon abenduaren 7an izango den Mintzodromora joateko txangoarekin eta SENDI programaren barruko tailerrekin batera. ALBE gala eta Balendin Enbeita bertso-paper lehiaketaren sari banaketa abenduaren 14an izango da eta 24 orduz igerian euskararen aldeko ekimena, Fadura kiroldegian, abenduaren 20an, 12:00etatik hilaren 21eko 12:00etara. Egun horietan Muxikebarrik ere euskarazko programazio anitza eskainiko du.
Trikikantuak
Urtero bezala, abenduaren 3an, trikikantu gosaria eta trikimerienda izango dira TikiTokin. Hitzorduak 09:00etatik 12:00etara, eta 17:30etik 19:00etara izango dira, animatzen diren euskara ikasle eta euskaltzaleen partaidetzarekin.