Aurten, urte hasieran, 2025eko urtarrilean, Vanessa Goikoetxea sopranoa eta Rubén Fdez. Aguirre pianista Bilboko Elkarte Filarmonikoan elkartu ziren, hango akustika bikaina aprobetxatuta, argitaratu berri den disko oso berezi bat grabatzeko. IBS Classical zigilu prestigiotsuak FRÜHLING argitaratu berri du. Izenburuak, euskaraz, udaberria esan nahi du eta, diskoaren ekarpen nagusia da lehen aldiz osorik eta Andrés Isasik (1890-1940) sortu bezala argitaratzen duela Heinrich Heine (1797-1856) poeta alemanaren poemei buruz ahots eta pianorako egin zuen hamalau abestiko Op. 16 zikloa. Isasik 1904tik 1909ra bitartean sortu zuen obra, Berlinen ikasten ari zela, garaiko konpositore europar gailenetako batzuen eskutik.
Grabazioaren benetako helburua da Heinrich Heine ospetsuaren poemei buruzko hamalau abestiz osatutako ziklo handi hau nazioartean ezagutzera ematea, eta, gainera, Carlos Ímaz konpositore eta moldatzailearen eskutik, partitura horien lehen edizioa argitaratzen da (eskuizkribuak Getxoko Andrés Isasi Musika Eskolako Liburutegian daude gordeta). Isasiren zikloak osatzen du diskoaren errepertorioko bloke nagusia, baina, horrez gain, Vanessa Goikoetxeak eta Ruben Fdez. Aguirrek Heineren poesiak erakarri zituen eta alemanak ez ziren egileen beste hamar konposizio grabatu dituzte, hala nola Liszt, Grieg, Ives edo Boulanger-enak.
Zirkulua borobiltzeko, bihar, abenduaren 4an, ostegunean, Vanessa Goikoetxea eta Rubén Fdez. Aguirre Bilboko Elkarte Filarmonikora itzuliko dira, publikoari diskoaren zuzeneko emanaldi bat eskaintzeko, aurkezpen ofizial gisa. Kontzertua 19:30ean hasiko da eta publikoari Frühling-ek eskaintzen duen errepertorio benetan interesgarriaz gozatzeko aukera emango dio.
Bihar Bilboko Elkarte Filarmonikoan egongo den kontzertuak amaiera bikaina emango dio hainbat urtetan zehar egindako lanari. Izan ere, Isasiren abestien zikloak zuzeneko estreinaldi bat izan zuen duela bi urte baino gehiago, grabatu baino lehen. 2023ko apirilean izan zen, Arriaga Antzokian, gainera. Orduan, Vanessa Goikoetxeak eta Rubén Fdez. Aguirrek errezital oso berezi bat eskaini zuten, Isasi, Bilbao-Berlín izenekoa, Lied Arriagan zikloaren barruan. Emanaldi hartan, lehen aldiz interpretatu zuten ziklo osoa, konpositoreak sortu bezala, eta jatorrizko bertsioan eta hizkuntzan.
Carlos Ímaz musikari, moldatzaile eta konpositoreak aipamen berezi bat merezi du. Bera izan da Isasiren obraren jatorrizko partitura berreraikitzeko lan nekezaz eta zorrotzaz arduratu dena, proiektuaren bultzatzaile nagusia izan zen Fdez. Agirrerekin elkarlanean. Artxiboetan abestietako batzuen edizioa aurkitu zuten, baina beste batzuk ohiko kopistak garbira pasatu gabe zeuden; beraz, baiezta dezakegu ziklo osoa ez zela inoiz jendaurrean interpretatu egilea bizirik zegoela.
Jatorrizko obra berreraikitzea ez da erraza izan; izan ere, idazkera, zirriborroak eta akatsak deszifratzeko ohiko prozesuaz gain, egileak bere bilakaera musikal pertsonalari jarraiki hainbat bertsio, askotan aldakorrak, egiteko zaletasuna zuen. Lan gogor eta aldi berean zailaren emaitza gerorako erregistratuta geratu da orain, Frühling-en argitalpenari esker (IBS Classical, 2025). Hala, publiko handiarentzat —eta musikari eta interpretatzaileentzat ere— ezezaguna zen Isasiren legatu musikalaren zati bat berreskuratu eta ikusgai jartzen da, eta obra entzuteko eta kontzertu eta programetan sartzeko aukera zabaltzen da.
Andrés Isasi Linares Bilbon jaio zen, Areetan, hain zuzen ere, 1890eko urriaren 28an. Txikitatik pianorako eta konposiziorako berezko dohaina agertu zuen eta, 18 urte besterik ez zituela, pianorako Sonata bat eta Harirako kuarteto bat aurkeztu zituen Elkarte Filarmonikoan. Urte berean, Richard Strauss konpositore eta zuzendariak Berlingo Filarmonikoarekin batera Bilbon eman zituen bi kontzertuetara joan zen, eta, une horretatik aurrera, argi izan zuen Alemaniako hiriburuan jarraitu behar zuela prestakuntzarekin. Han, Karl Kämpf eta, batez ere, Engelbert Humperdinck konpositore ezagunaren (Richard Wagner beraren laguntzailea) ikaslea izan zen, eta hura izan zen Isasi gaztearen prestakuntzaren eragin nagusia.
Lehen Mundu Gerraren hasieran, 1914an, Andrés Isasik Berlinetik joan eta bere herrira itzuli behar izan zuen, Alemanian emandako bost urteko bidaldiari amaiera emateko. Egile bilbotarrak lanak konposatzen eta estreinatzen jarraitu zuen unean-unean, baina beste bi pasio ere landu zituen: argazkigintza eta ornitofonia edo hegaztien kantuak. Hainbat gertakarik kalte egin zioten egile bilbotarraren obra musikalaren hedapenari. Espainian Gerra Zibila pizteak, Bigarren Mundu Gerraren hasierak eta Isasiren heriotzak berak (1940ko apirilaren 6an) testuinguru gaitza sortu zuten bere musikaren proiekziorako. Horrez gain, ez zuen lagundu garaiko kritikari batzuek bere lana "garaiko gustuetarako desbideratu" eta "europarregitzat" jotzeak. Zorionez, azken urteotan, bai bera, bai bere obra merezi duten aitortza jasotzen ari dira. Ruben Fdez. Aguirrek eta Vanessa Goikoetxeak bultzatutako proiektu hau ekarpen garrantzitsua da horri dagokionez.
1916an, Berlingo egonaldia amaitu ondoren, Andrés Isasi Inés de Olascoagarekin ezkondu zen, eta Algortako jauregitxoan ezarri zuten euren bizilekua. Jende askok ez dakiena da jauregitxo hori 1886an Juan de Barroeta margolariak marraztutako eta Arte Ederren Museoan ikusgai dagoen "Vista de El Abra de Bilbao desde Algorta" koadro ederrean agertzen dena dela. Koadro horretatik atera da, hain zuzen ere —koadroren erditik eskuinerako zati horretatik, zehazki— Frühling-en azal gisa erabili den irudia. Diskoak, esan bezala, buru ematen dio proiektu musikal eta historiko honi, zeinak gure ondare kulturala berreskuratzen baitu.