2025-2026ko Gabonetako egitaraua, Bilbon.
Gabonetako Merkatua 2025eko abenduaren 5etik 21era egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara. Abenduaren 22tik aurrera, egunero egongo da zabalik 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, egun horietan 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 19:00etara egongo baita zabalik. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean merkatua itxita egongo da.
Gabonetako Merkatuak jarduera osagarri iraunkorrak eta egutegi berezia izango ditu aurten, eta, horri esker, ezinbesteko geldialdia izango da Gabonetan. Casilda Iturrizar parkea pertsonaia mitologikoekin, ipurtargiekin eta galtzagorriekin bizituko da. Pertsonaia horiek Gabonetako ilusioa pizteko iritsiko dira, Baso Magiko baten itxura hartuta. Bisitariek Gabonetako Merkatuan dauden saltokietako produktuak eta zerbitzuak ezagutzeko aukera izateaz gain, tradizioa, kultura eta modernitatea uztartzen dituen kontakizun batean murgilduko dira. Casilda Iturrizar parkea euskal mitologian inspiratutako argiz eta fantasiaz betetako gune bihurtuko da horrela. Eguzkiloreek, animaliek eta argiek ibilbide inguratzaile bati forma emango diote, eta naturak eta kulturak bat egingo dute murgiltze-esperientzia bat sortzeko. Baso Magikoa argi-tunelarekin integratuko da, iaztik Bilboko Gabonetako ikonoetako bat denarekin.
Casilda Iturrizar parkeko Baso Magikoaren jarduera iraunkorren artean Desioen Postontzia nabarmentzen da, landarediaren artean ezkutatutako ate bat, postontzi handi batekin, eta bertan familiek Gabonetako desioak idatzi eta nahi dutenei bidali ahal izango dizkiete, adin guztientzako jarduera da. Horrez gain, Gabonetako bi arcade-makina guztiz pertsonalizatu egongo dira, eta Bilboko Gabonei buruzko lau bideojoko eskainiko dituzte: mini-jokoen bidez, bisitariek galtzagorriei lagundu ahal izango diete hirian zehar opariak banatzen, binakako joko batean euskal mitologia ezagutu edo Bilboko Gabonak argitzen lagundu. Jarduera iraunkor horiek guztiak doakoak izango dira, eta Gabonetako Merkatua zabalik dagoen orduetan egingo dira.
Casilda Iturrizar parkean ere egitarau berezia izango da, Gabonetako Merkatuaren inguruko une bereziekin: abenduaren 5ean, 19an, 20an eta 27an, 18:30ean, ipurtargiak eta galtzagorriak parkera iritsiko dira Gabonak pizteko eta espazioa animatzeko, 19:00ak arte, bisitariekin elkarreraginean. Zuzeneko musika izango da beste ikuskizun erakargarrietako bat. Talentu gazteak, profesionalak ez diren musika-ikasleak, hainbat egunetan arituko dira Doña Casilda Parkeko Pergolaren ondoan oholtza gainean beren pasioa partekatzen: abenduaren 5ean eta 12an (19:45-20:30) Kodály Musika Eskolako 27 ikasle; abenduaren 6 eta 13an (18:45-19:30) North Strings hari-laukotea; abenduaren 22an (18:45-19:30) Elaine Ensemble hirukotea; abenduaren 23 eta 30ean (18:45-19:30) Argaluk hirukotea; eta abenduaren 29an (18:45-19:30) Bost Doinu haize-boskotea.
Horrez gain, “El secreto de la Navidad / Gabonetako sekretua” antzezlana ere izango da. Abenduaren 5ean, 19an, 20an eta 27an emango da, 15 minutuko emanaldietan: hiru emanaldi (19:00, 20:00 eta 21:00etan) euskaraz izango dira eta bi (19:30 eta 20:30etan) gaztelaniaz. Saio bakoitza gehienez 60 pertsonarentzat izango da, eta lehentasuna izango dute haurrek eta familiek. Ez da aldez aurretik izenik eman behar, eta sarrerak jasotzeko ilara lehenengo emanaldia baino 30 minutu lehenago irekiko da (18:30ean). Doako jarduera den arren, sartzeko tiketak horretarako prestatutako leihatilan jaso behar dira, eta egun horretarako bakarrik balio dute, ezin izango dira beste egun batzuetarako erreserbatu edo gorde. Heldu bakoitzak gehienez 4 txartel jaso ahal izango ditu emanaldi bakar baterako.
Azkenik, tradizioaz gozatu nahi dutenek euskal dantzen erakustaldietan parte hartu ahal izango dute Aitor Alava dantzariarekin: abenduaren 26an (18:00), urtarrilaren 2an (18:00) eta urtarrilaren 3an (12:30) egingo dira, parkeko Pergolan.
Aipatutako jarduera berezi guztiak, jarduera iraunkorrak bezala, doakoak izango dira.
Kale Nagusitik Casilda Iturrizar parkerako sarrera Baso Magikora sartzeko ate sinbolikoa izango da, eta baso mitologiko batean inspiratutako arku bat izango du. Gainera, parkearen landarediak bizia hartzea ahalbidetuko du, Pergolako plazan argiztapen berezia jarrita. Berde naturalarekin kontrastea egiten duten koloreek giro magikoa sortuko dute, argi-tuneleko igarobideek eta iturri zibernetiko argiztatuak areagotuta.
Gabonetako azokaren inguruan food truck-ak ere egongo dira, askotariko eskaintza gastronomikoarekin: Food Truck Kmzero (gourmet hanburgesak, askotariko ogitartekoak, enpanadak, kitxeak, tostak, edariak eta kafe-puntua); Basque Truck, hurbileko produktuekin egindako hanburgesa berezien eskaintza eta freskagarri edo ardo beroarekin; eta Zutarri etxola (taloak, ogitartekoak eta edariak).
Casilda Iturrizar parkeko Gabonetako Merkatuaren ingurura jendea erakartzeko, sustapen-ekintza bat egingo da Baso Magikoaren espiritua Bilboko merkataritza-gune nagusietara zabaltzeko.