Euskalduna Bilbaon aurkeztu da aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia, 10 egunez, abenduaren 5etik 14ra, Mendiko Kulturaren kanpaleku nagusi izango den egoitzan. Izan ere, Mendi Filmen aurtengo berrikuntza nagusietako bat egoitza bakarrarena da: Euskalduna Bilbaon egingo dira emanaldi eta jarduera guztiak. Mendi Film jaialdiaren Kanpaleku Nagusia izango da. Girotzeko, atrezzo berezia ere izango du, Kantabriako Europako mendietako Liebana eskualdeko hainbat erakusmahai promozionalekin atonduko baita ingurua.
Berrikuntza da, baita ere, Hasiera Ekitaldia larunbatean egitea, ostiralean beharrean. Abenduaren 6an, 19.45etik aurrera, hitzordu berezia izango da: Juanito Oiarzabali buruzko pelikula estreinatuko da orduan, Javier Álvaro Palomaresek ondu duena.
Euskalduna Bilbaoko aretoetan 55 pelikula ikusiko dira, horietako 45 Sail Ofizialean, eta beste hamarrak lehiaz kanpoko Zabalandi sailean.
Titulu deigarriak eta puntako zuzendariak aletu ditu Jabier Baraiazarrak:
Beste 3 pelikula, ere azpimarratu nahi izan ditu Baraiazarrak:
Euskal egiletzako 12 pelikula aurkeztuko dira aurten Mendi Filmen, eta egileak aurkezpen ekitaldian bildu dira:
24.800 euro banatuko ditu Mendi Film palmaresak, 12saritan banatuta. Eta Iñigo Aristegui artista donostiarrak sortutako garaikurrak jasoko dituzte irabazleek.
Eta sariak aipatzen jarrita, ezinbestean azpimarratu behar da aurtengo WOP Mendi Film Saria. Mendiko balioak transmititzen izan duen arteagatik, alpinista eta eskalatzaile bezala, eta baita liburu editore eta dibulgatzaile bezala ere, Catherine Destivellek jasoko du The Walk On Project eta Mendi Filmek eskutik egiten duten aitortza.
Mendiko zinemagintzaren industria ardatz izango duen Mendi Pro jardunaldian Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm arituko dira. Abenduaren 12an, ostiral goizean.
Emakumea eta mendiaren arteko lotura islatzen duten hainbat pelikula aurkeztuko dira aurten ere mendi Filmen, eta mahai inguru berezi bat ere antolatu da, oraintxe jaiotzen ari den nazioarteko ekimen bat, haren eragileen eskutik: “Laboratorio Donne. 9b+ Femenino Plural”. Hizlariak: Riccarda de Eccher, Elena Goatelli, Gentzane Osaba, Lucia Guichot, Nieves Gil, eta Irati Zabala. Abenduak 13, larunbat arratsaldean.
Etxeko ttikienentzat, eta familientzat, saio berezia da “Mendi Magikoa”: film laburrak, antzerkia Les Bobe Bobe konpainiaren eskutik, Eriz magoa… Abenduak 14, igande eguerdian.
Bi erakusketa nagusi eskainiko ditu aurten Mendi Filmek: CVCEPHOTO mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako lan sarituena, eta Poloniako Tatra Museoaren “Natura eta Kultura. Mendiak inspirazio iturri”, EMMOA euskal mendizaletasunaren museoarekin elkarlanean.
Eta aurtengo Mendi Filmek, kutsu literario handia izango du, 8 liburu aurkezpen egingo baitira. Haietako bat, EDURNE PASABAN komikia da. Sua Argitaletxeak eta Mendi Filmek elkarrekin bilduma sortu zuten euskal mendizaletasunean giltzarri diren uneak eta pertsonaiak landuz, eta hau 4. alea da; lehena “Everest” izan zen, bigarrena “Iñurrategi Anaiak” eta hirugarrena “Andres Espinosa”. Aurrekoetan bezala, Ramon Olasagastik sortu ditu gidoia eta testuak, eta César Llagunorenak dira ilustrazioak; koloreztatzea Felipe H. Navarro eta Pedro Villarejoren lana izan da. Abenduak 6, larunbata eguerdian egingo da liburuaren jendaurreko aurkezpena, 12:00etan hasiko den saioan.