Zaharra da emakumeak lurrarekin lotzen dituen metafora. Hain zaharra ez dugula jatorria ezagutzen. Jakin badakigu erromatarrek sarri erabiltzen zutela, eta haiek baino lehen, Platonek Timeon erabili zuela. Nekazaritzarekin batera sortu zen agian edo lehenago ere, baina litekeena da berrikuntza horrek metaforaren zentzua betirako aldatu izana. Gorputz femeninoa fruitua ematen duen lurra da poesiaren hizkeran, baina baita egunerokotasunarenean ere, termino medikoetan eta aldi berean moraletan. Bizitza eta nekazaritza, ugalketa eta uzta nahasi egiten dira hizkuntzan, irudietan eta ideietan, denbora zeharkatzen dute eta femeninoaren iruditeriari forma ematen diote.
Baina metafora hori, landareen haztea mundura haur bizidunak ekartzeko ia mirarizko gaitasunarekin parekatzen duena, inozentea izatetik urrun dago. Emakumeen gorputzaz lurra bezala hitz egiten denean, goldatua izan behar dela errepikatzen da. Etxekotzearen beharra azpimarratzen da, gari basatia ogia emateko menderatu zen bezala. Lurraren eta umetokiaren arteko milaka urteko lotura iragazten duen nekazaritza-metaforak jatorri bortitza du; geroztik naturak eta emakumeek partekatzen dugun bortizkeria. Patriarkatuak biekin ezarri du nagusitasun eta kontrol lotura eta, kapitalismoaren gorakadarekin, agortzera arteko esplotazio eta presio lotura. Emakumezko baserritarrek, naturarekin batera bizi direnek, ondo ezagutzen dute esperientzia hori, eta, batzuetan, lurrarekin partekatu dituzte aieneak.
Nekazal munduan etxekoak etxeetatik haratago zabaltzen ditu hegoak eta laboratutako soroetan, ibaietan eta basoetan hedatzen da. Habitata pertsonez, lanabesez, baratzez eta abereez betetzen da. Hemen klima bizi egiten da eta urteak uztetan kontatzen dira. Emakumeak landa-paisaia jendetsu bihurtutako naturarekin lotzen dituen lotura bereziak, jakinduria bereziaren eramaile egiten ditu. Emakumeen oroimenak eraikitzen dira lerro genealogikoen, ohituren, tradizioen eta lanbideen aldaketen eta bilakaeren ezagutza sakonean oinarrituta. Ingurune horretako iturria, garbitegia, plaza, eliza, baratzea, baseliza bezalako funtsezko tokietan pilatzen diren oroitzapenen ezagutza sakonean oinarrituta. Eta objektuak, horietako asko material etnografiko bihurtuta, lurrarekin lotutako memoria horren eramaile nagusi dira.
Gure inguruan jada ez daude ia emakume baserritarrak. Galtzen doa zaintzen zuten jakinduria. Gaur egun herrietan bizi garen emakume baserritar gehienok ez dugu nekazaritzan edo abeltzaintzan lan egiten. Gure emakumezko arbasoen lur eta paisaia bera partekatzen dugu, baina orain Internetera konektatzeko balio diguten kableek eta gure lantokietara joaten laguntzen diguten errepideek zeharkatzen dituzte. Lurrarekin lotura ez da hain barnekoa, nahiz eta oraindik ere metafora zahar horren zigorra jasaten jarraitzen dugun. Gaur egun, ekologia eta feminismoa borrokak batzen ari dira eta jabetzen ari gara aldaketa klimatikoa leheneratu daitekeela lurrarekiko eta emakumeekiko tratu atseginago baten bidez bakarrik. Baina etorkizunean pentsatzen dugun bitartean, ez dugu atzean uzten duguna ahaztu behar. Gure baserritar amen eta amonen oroimen bizia gutxinaka hasi da fosilizatzen, historia bihurtzen. Erregistratu eta ohoratu behar dugun historia. Ahaztu ezin dugun historia.
“Lur gainean, itzal azpian” proiektua emakumeen eta lurraren arteko loturari omenaldia da. Leire Milikua saiakera-idazlearen gaur egungo landari buruzko hausnarketan hartzen du inspirazioa, eta emakumezko artistek, argazkilariek eta idazleek egin dute. Gaur egungo landa munduaren erretratu deszentralizatua, anitza eta foku anitzekoa eskaintzen digu, betiere begirada bai aurreko belaunaldian, bai etorkizuneko belaunaldian jarrita. Belaunaldi arteko oroimen femeninoaren babesa, objektuak, tokiak eta paisaiak euskarri bezala jarrita. Emakumeek egindako elkarlan hau hainbeste itzalen zamapean bizitzeari uko egiten diogun lurraren aldarrikapena da.
Isabel Mellén