Igartza Musika 2026: egitaraua (urtarrila-ekaina)

Beasain 2026(e)ko urtarrilaren 11(e)tik 2026(e)ko ekainaren 12(e)ra
  • Igartza Musika 2026: egitaraua (urtarrila-ekaina)

Beasaingo Udalak eta Igartza Musika Zikloaren antolatzaileek 2026ko lehen seihilekoko egitaraua aurkeztu dute Igartzako jauregian. Aurkezpenean udal ordezkariak Leire Artola alkatea eta Mariola Pascual kultura zinegotzia, eta zikloa koordinatzen duten Garazi Zabaleta eta Xabier Zeberio arduradunak izan dira, eta musikaren bidez herriko kultur bizitza aberasten jarraitzeko konpromisoa azpimarratu dute.

Udalaren iritziz, Igartza Musika zikloa Beasaingo kultur egutegian erabat errotutako egitasmoa da gaur egun. Denboran zehar egonkortasuna irabazi du, eta publikoaren fideltasuna lortu, eskaintza jarrai, koherente eta kalitatezkoa proposatuz. Kontzertuek adin eta interes desberdinetako entzuleak biltzen dituzte, eta horrek erakusten du egitasmoaren izaera irekia eta integratzailea.

Leire Artola alkateak adierazi du musikak funtsezko rola duela komunitatearen kohesioan eta herriaren nortasun kulturalean. “Halako zikloek aukera ematen dute sorkuntza garaikidea gertutik ezagutzeko, tokiko eta kanpoko artistei plaza emanez, eta entzuleei esperientzia aberasgarriak eskainiz”, azpimarratu du.

Musika estiloen arteko elkarrizketa

Igartza Musika Zikloaren programazioaren oinarrietako bat da estilo bakar batera ez mugatzea. Antolatzaileen esanetan, helburua da entzuleei ikuspegi zabala eskaintzea, musika klasikoa, jazza, kantagintza garaikidea, abesbatza lana edo proposamen esperimentalak uztartuz.

Garazi Zabaletak eta Xabier Zeberiok azaldu dutenez, egitaraua osatzerakoan arreta berezia jartzen da proiektuen sendotasunean eta interes artistikoan. “Ez dugu formatu edo genero zehatz baten arabera programatzen; entzuleari zerbait esateko duten proposamenak bilatzen ditugu”, adierazi dute. Horrek zikloa erreferente bihurtu du eskualdean, bai musikarientzat, bai publikoarentzat.

2026ko lehen seihilekoko egitaraua

Ernesto Oliva – Pianistika kubatarra

Urtarrilak 11 · 19:00 · Igartzako jauregia

Ernesto Oliva pianista kubatarrak bere sustrai afrokubatarrak, jazzaren lengoaia eta musika klasikoaren eragina uztartzen dituen kontzertua eskainiko du. Bere emanaldiek inprobisazioa eta adierazkortasuna dituzte oinarri, pianorako diskurtso pertsonal eta biziarekin.

 

Jokin Lasa – Aberriak eta atzerriak

Otsailak 22 · 19:00 · Igartzako Jauregia

Jokin Lasaren proiektu honek euskal literaturako gerra aurreko idazleen olerkiak musikara ekartzen ditu. Memoria, identitatea eta erbestea ardatz dituen proposamena da, formatu akustiko eta hurbilean. Pello Ramirez eta Kaki Arkarazo izango ditu lagun.

 

Aitor Garitano & German Ormazabal – Mundutik herrira

Martxoak 29 · 19:00 · Igartzako jauregian

Tenor eta piano errezitaldi honek nazioarteko errepertorio lirikoa eta euskal konpositoreen obrak elkartzen ditu. Formatu intimoan, ahotsaren eta pianoren arteko elkarrizketa musikal zaindua eskaintzen da.

 

Joseba Irazoki – Gitarra Lekeitioak 

Apirilak 26 · 19:00 · Igartzako jauregia

Gitarra bakarrerako lan honetan, Joseba Irazokik soinuaren esplorazioan sakontzen du. Inprobisazioan oinarritutako piezek entzulea bidaia sonoro askera eta esperimental batera gonbidatzen dute.

 

Loinatz Abesbatza – Lau hamarkada Loinatz kantuz

Maiatzak 9 · 19:00 · Loinazko San Martin basilikan

Loinatz Abesbatzak bere 40 urteko ibilbidea ospatuko du, urteetan landu duen errepertorioaren aukeraketa esanguratsu batekin. Kontzertuak taldearen bilakaera eta herriarekin duen lotura estua islatuko ditu.

 

Haizea Martiartu Quartet – Zutabe

Maiatzak 10 · 19:00 · Igartzako jauregia

Haizea Martiartu saxofonistaren laukoteak jazz garaikidea eta euskal erroak uztartzen dituen errepertorioa aurkeztuko du. Proiektuak artistaren ibilbideko etapa berri bat islatzen du, energiaz eta nortasunez betea.

 

Esanezin – Hormetan idazten

Ekainak 12 · 20:00 · Erauskin plaza

Esanezin taldearen azken lanak efimerotasuna, zauria eta egunerokotasuna jorratzen ditu. Testuek eta musikak espazio publikoan sortzen diren elkarrizketak irudikatzen dituzte, entzulearekin lotura zuzena bilatuz.

Beasaingo kultur bizitzaren parte

2026ko lehen seihilekoko egitarauarekin, Igartza Musika Zikloak Beasaingo kultur eskaintza indartzen du, kalitatezko musika proposamenak publikoari gerturatuz. Udalak eta antolatzaileek herritarrak kontzertuetan parte hartzera gonbidatu dituzte, musikaren bidez esperientzia partekatuak bizitzeko.

 

beasain.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2026(e)ko urtarrilaren 11(e)tik 2026(e)ko ekainaren 12(e)ra
  • LekuaIgartzako Multzoa
    Peategi, z/g
    Beasain
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Igartzako Multzoa, Beasain

Non