Bilboko Udalak "VI. VillaSoundBilbao (VSB)" jaialdian izena emateko epea ireki du. Jaialdiaren helburua da Euskadiko eta Nafarroako eszenako musikari eta talde gazte emergenteak (16-35 urte) bultzatzea eta laguntzea.
Artista interesdunek astelehen honetatik (urtarrilaren 19tik) otsailaren 17ra arte dute eskabidea egiteko, web-orri honetan: www.bilbao.eus/bilborock. Epaimahai batek hautatuko ditu Bilborock aretoan 4 kontzertutan joko duten 12 taldeak. Aukeratutako bandek prestakuntza-programa batean parte hartuko dute, eta batek 3 kontzertuko bira bat egingo du.
Lan horiek musika mota garaikideen artean edozeinetakoak izan ahalko dira (rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, egile-musika...), edo haien arteko nahasketa bat. Epaimahaiak aintzat hartuko du taldeetan emakumeak egotea eta euskarazko kantak egitea.
"VSB FEST"-ERAKO HAUTAKETA. Epaimahai profesional batek hautatuko ditu VSB Fest jaialdian Bilborocken arituko diren 12 talde edo bakarlariak. Edizio honetako berrikuntza da apirileko ondoz ondoko bi asteburutan egingo dela, zehazki, apirilaren 17, 18, 24 eta 25ean. Egun bakoitzean (ostirala edo larunbata), hautatutako banda eta bakarlarietatik hiruk joko dute. Kontzertuak doakoak izango dira, eta sarrera librea izango da, aretoa bete arte.
VSB MENTORING "VSB Fest"-en Bilborockeko 4 kontzertuen ondoren, 12 banda eta bakarlarietatik 6 hautatuko dira, mentoretza pertsonalizatuko programa batean eta estudioko saio batean parte har dezaten. Programa hori hautatutako taldeen edo bakarlarien beharretara egokituko da, lagun eginez eta prestakuntza eskainiz. Laguntza eta prestakuntza ospe handiko profesionalek emango dituzte, eta hainbat gai biltzen dituzte, hala nola komunikazioa eta P&R, musika-ekoizpena, jabetza intelektuala eta eskubideen kudeaketa, bookinga, kontzertuak eta birak, bai eta enpresa sustatzaileekiko harremana ere.
VSB TOUR 2026. 6 bandetako bat hautatua izango da 3 kontzertuko bira bat egiteko. Bira hori "Son Estrella Galicia" kontzertu-zikloaren barruan egingo da, eta taldeak kobratu egingo du. Maiatzaren 2an, larunbata, Bilborocken egingo den doako ekitaldi batean iragarriko da talde horren izena. Ekitaldian, ziklo horretan integratutako talde ospetsu batek joko du. Halaber, epaimahaiak honako jarduera hauetarako hautatutako gainerako talde/bakarlariak iragarriko dira: Musika Bulegoa kontzertua, emanaldi bat Musika Bulegoa-ren bazkide den kontzertu-areto batean, ordaindua; Aste Nagusiko kontzertua, Bizkaiko taldeentzat soilik den tokiko rockari eskainitako agertokiaren barruko emanaldia; BIME kontzertua, emanaldi bat BIME LIVE kontzertuen hurrengo edizioan; kontzertua SGAE Fundazioak antolatutako musika urbanoko ekitaldi batean; eta Bilborockeko entsegu-lokaletan "Lokal Sessions" programaren barruan bideoklip bat grabatzea.
Gainera, "VillaSoundBilbao"k musikaren arloa sustatzen duten zenbait entitaterekin duen harremanari esker, baliteke taldeek eta bakarlariek beste kontzertu batzuk eman ahal izatea urtean zehar.