GURE! Jaialdiaren 2026ko edizioa otsailaren 6 eta 7an izango da.
Ikasgelan jasotakoa obratzea bide da gauzak ikasteko modurik onena, eta jardunbide horrek gidatzen du Gure! Erandioko jaialdia. Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Ekoizpeneko zikloko Bigarren Mailako ikasleek antolatu eta kudeatzen dute jaialdia, eta laugarren edizioak musika, bakarrizketak, bertsoak, dantza, haur jolasak eta ikastaroak proposatuko ditu otsailaren 6 eta 7rako.
Ostiralean, kontzertu nagusia (20:00etatik aurrera, Udaletxe plazan) Frantxu LSBk, Moises No Duermek, Belakok eta Xsakarak emango dute, eta aurretik emakume artisauen azoka, umeentzako egur jolasak, dantza eskolaren erakustaldia, kalejira eta bakarrizketak egongo dira.
Larunbatean, berriz, Jamaikarra, Rosa Sparks, Mioksis eta Skabidean arituko dira Udaletxe plazan 20:00etatik aurrera, eta aurretik kalejira, herri merkatua, euskal dantzen saioa eta bertso potea egongo dira.