Bilboko Udalak "Green Sormena - Artea eta Teknologia" programaren bigarren edizioa jarri du abian. Talk & Show bat izango du, Estudio Gheadak koordinatuta eta garatuta, eta proiektuen deialdi bat ere bai, Bilboko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendua.
Talk & Show-a otsailaren 26an izango da, ostegunean, La Perreran, 19:00etatik 21:00etara, sarrera librearekin. Formatu hibridoari helduko dio berriro: hitzaldi irekiaren eta proposamen performatiboaren arteko zerbait izango da. Hiru artistak (Andrea Petit, Joan Fierro eta Yolanda Uriz) euren praktika artistikoaren aurkezpen labur bat egingo dute. Teknologia handiko ingurune batean irudikapen propio bat bilatzeaz eta giza nortasuna sortzerakoan arteak duen eginkizunaz hitz egingo dute. Eztabaida batzuk planteatuko dira, hala nola teknologiak artistei aurkezten dizkien erronkak eta aukerak, edo nola kokatzen den gizakia teknologia horren aurrean eta nola erlazionatzen den bere ingurunearekin. Ekitaldian zehar, artista gonbidatuek bi performance/ekintza egingo dituzte.
Era berean, deialdi irekia egiten da artearen eta teknologiaren arloko proiektuetarako, Bilbon bizi diren edo hiriarekin loturaren bat duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 19ra arte egongo da zabalik. Izena emateko, galdetegia gazteria@bilbao.eus helbidera bidali beharko da. Epaimahaiak proiektu bat aukeratuko du aurkeztutakoen artean. Hautatutako ekimenari banakako akonpainamendua egingo diote Estudio Gheada estudioko profesionalek, eta mentoringa, erreferentziak eta sektoreko profesionalekiko harremana eskainiko dizkiote. Gainera, Bilboko Udalak 2.500 euro –gehienez ere– bideratuko ditu proiektura, ekimena garatzeko, jardueretarako eta materialetarako, besteak beste. Bestalde, 500 euro jarriko ditu parte-hartzearen konpentsazioaren kontzeptu gisa, proiektuaren arduradunarentzat. Informazio guztia hemen dago eskuragarri: https://bilbaogazte.bilbao.eus/es/greensormena/.
Prozesua amaitzeko, maiatzaren 25etik 29ra bitartean, prozesuaren eta proiektuaren emaitzaren erakustaldia egingo da, bai eta aurkezpen-ekitaldi bat ere, La Perrerako Konekta aretoan, sarrera librearekin.