Mosaïque konposizio koreografikoan askotariko motibo apaingarriak baliatzen dituzte, Biarritzeko Malandain balleteko errepertoriotik hartuak. Garai desberdinak eta forma eta tonu aldakorrak baliatuta, Mozart, Saint-Saëns,Chopin eta Txaikovskiren musika uztartzen dute. Askotariko inflexio eta mugimenduen bitartez era guztietako sentimenduak adierazten dituzte, betiere dantzaren eitean emanda. Ravelen Boléro obraren intentsitateaz lagunduta, giza-mosaiko baten apoteosia izango da une gorena.
Thierry Malandain ospe handiko dantzari eta koreografo frantsesak zuzentzen du Biarritzeko Malandain ballet konpainia, Europan eta mundu osoan sona handikoa. Hogei dantzaritik gora ditu konpainiak, eta oso pieza iradokitzaileak interpretatzen dituzte. Arrakasta handikoak beti, plastikotasun handiagatik nabarmentzen dira egungo dantza garaikidearen munduan.