Elorrioko Udalak jakinarazi du Xanti Arrieta artista bergararraren “Gernikak. Begiradak” erakusketa martxoaren 4tik 26ra Iturri Kultur Etxean ikusgai egongo dela. Bergaran egindako ibilbide arrakastatsuaren ondoren, proposamen artistiko honek Gernikako bonbardaketaren memoria gaur egungo testuingurura ekartzen du, artearen eta gogoetaren bidez.
Erakusketak Picassoren Guernica obraren unibertso sinbolikoa zatikatu, berrinterpretatu eta gaurkotu egiten du. Xanti Arrietak diziplina eta material anitz uztartzen ditu (eskultura, zeramika, pintura, argazkigintza, burdin-haria eta zura), eta lanek 1937ko Gernikatik gaur egungo gatazka eta bonbardaketetara doan ibilbidea proposatzen dute. Proiektuak, gainera, euskal kulturako hainbat erreferenteren testu eta begiradak biltzen ditu, hala nola Nerea Ibarzabal, Kirmen Uribe, Onintza Enbeita edo Martxelo Otamendi, besteak beste.
Xanti Arrieta (Bergara, 1959) ibilbide luzeko artista da, eta hainbat erakusketa indibidual zein kolektibotan parte hartu du. Bere lanean, teknika tradizionalak eta gaur egungo ikuspegi garaikideak uztartzen ditu, memoriaren eta identitatearen inguruko gogoeta artistikoa sustatuz.
?Erakusketak publikoari hausnarketarako espazioa eskaintzen dio, gerraren ondorioak, oroimen kolektiboa eta gaur egungo gatazken errealitatea azaleratuz.
Antolatzailea: LAUMUNARRIETA 1937 MEMORIA HISTORIKOA ELKARTEA?