"Fortis Iterum"

Vitoria-Gasteiz 2026(e)ko martxoaren 5(e)tik 2026(e)ko maiatzaren 22(e)ra
  • "Fortis Iterum"

Fortes Insenta Arabako emakume artisten topalekua Fortis Íterum (Indartsuak berriro ere) bihurtuko da bihar, oso edizio berezian; izan ere, proiektuaren bi urtez behingo maiztasunetik aterako da, Arte eta Lanbide Eskolan instalatzeko.

Erakusketa bihar inauguratuko da, martxoaren 5ean, 19:00etan, eta Fortes Insentaren espiritua birformulatuko du; hala, Arabako hainbat lanbide-eremutako emakumeengan inspiratu diren zortzi artista piktorikoren lanak izango dira ikusgai. Artista bakoitzak hiru artelan aurkeztuko ditu: bi aurretik eginikoak izango dira, beraiengan aztarna utzi duten emakumeen ingurukoak, eta hirugarrena inoiz argitaratu gabea izango da, barruranzko begirada oinarri, nork bere burua sormen-iturritzat joz.

Bada, Araban bizi diren eta artearen munduan ibilbide desberdinak egin dituzten zenbait artistak hartu dute bidegurutze hori interpretatzeko lana: muralgileak, pintoreak, diziplina anitzeko artistak, argazkilariak eta abar izango ditugu. Ana Díaz de Espada, Mila Angulo, Mentxu Montenegro, Maite González Bentacor, Marijo Lojo Escalante, Blanca Sáez de Ibarra, Mari Paz Núñez eta Pilar García Barco dira.

Ariketa introspektibo honek topaleku bilakatuko du erakusketa, eta ez publikoarekin elkartzeko bakarrik, baita artisten ibilbideekin beraiekin hartuemanean aritzeko ere, bizipenak partekatuko eta beren hazkunde pertsonaletatik bidaiatuko baitute. Arte eta Lanbide Eskolako erakusketaguneek jarraitutasun-, eraberritze- eta berrespen-ikur gisa hartuko dute erakusketa: emakumeek egindako artearen indarra irudikatuko dute zazpi pintorek eta argazkilari batek.

Proiektuaren atzean, "Inspirarte"

Fortis Íterum erakusketa Fortes Insenta pintura- eta argazki-proiektutik sortu da, zeina Inspirarte elkarte soziokulturalak kudeatzen eta koordinatzen baitu 2020tik, Marijo Lojo Escalanteren eskutik. Eta, erne, Fortes Insenta Arabako emakume artisten bienalaren edizio berria forma hartzen hasi da-eta. Hala, 2026ko lehenengo hilabete hauetan, proiektuaren hirugarren emanaldia egia bihurtzeko lehenengo urratsak eman dituzte.

Inspirarte elkarteak hainbat urte daramatza eremuan lanean, askotariko proiektu soziokulturalekin. Arabar guztiei artera eta kulturara iristen laguntzea du eginkizun nagusia. Helburu horrekin, elkarteak askotariko jarduerak antolatzen ditu, zertarako-eta artista plastikoak eta eszenikoak, arazo sozialak eta Gasteiz nahiz Araba elkartzeko eta, bide batez, horiei guztiei ikusgaitasuna emateko.

Alkimiak paraninfoan jarraitzen du

Fortis Íterum erakusketak ekainaren 22ra arte hartuko ditu Eskolako behesolairuko korridoreak, eta 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 21:00etara bisitatu ahal izango da. Denbora horretan, erakusketa kolektiboak ondo-ondoan izango du Miguel Argibay artistaren Alkimia erakusketa, zeina paraninfoan baitago, arte- eta prestakuntza-zentroan bertan. Fernando García de Cortázar, Álvaro Nebreda eta Eskolako Irudi Sailaren laguntzarekin, EAEko hiriburuan aspaldi finkatutako Miguel Argibay sortzez argentinarrak hiru dimentsioko 50 piezaz osatutako ibilbide bat proposatuko digu, Eskolako ikasleen irudi- eta argazki-lana tartekatuta.


Laburrean

Non