La ópera de los tres centavos antzezlanaren bidez, Bertolt Brechtek salatu egin nahi ditu krisialdi betean sortzen diren prostituzioa, miseria eta botere-abusua. Berlinen estreinatu zen 1928. urtean, hau da, 1920ko hamarkadaren amaierako garai nahasi hartan. Brechten testua kapitalismoaren aurkako kritika zorrotza da; horretarako, John Gay ingelesaren The Beggar’s Opera parodia musikalaren berrikuspen eguneratua egin du autoreak, munduari sistema ekonomiko honen bertsiorik gordinena erakusteko. Izan ere, Brechten iritziz, delinkuentzia antolatuko makineria handi baten antzekoa da sistema.
Atariko bat eta hiru ekitaldi ditu La ópera de los tres centavos antzezlanak. Kurt Weillena da musika eta Bertolt Brechtena alemanezko libretoa, Elisabeth Hauptmannekin elkarlanean egina.
Barco Pirata eta Unahoramenos Producciones ekoiztetxeek eta Teatro Pérez Galdós antzokiak eguneratu dute obra, Mario Vegaren zuzendaritzapean eta Coque Malla protagonista dela.