"Nafidha. Magreb irudikatua" egitaraua

Donostia / San Sebastián 2026(e)ko martxoaren 24(e)tik 2026(e)ko ekainaren 14(e)ra
  • "Nafidha. Magreb irudikatua" egitaraua

Tabakalerak N?fidha. Magreb irudikatua inauguratu du. Jarduera sorta honek Magrebeko eta Ipar Afrikako sorkuntza garaikidera hurbiltzea proposatzen du. Izenburua, «leihoa» esan nahi du arabieraz, metafora da hemen partekatzen ditugun harreman historiko eta kulturalei buruzko ikuspegi berriak irekitzeko

Programa bihartik 2026ko ekainaren 14ra arte garatuko da Tabakalerako erakusketa-aretoan. Proiekzioak, ikus-entzunezko instalazioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira bertan migrazio-prozesuen ondoriozko identitatearen konplexutasuna eta pertenentzia-sentimendua aztertzeko.

Ardatz tematikoaren muina kontrastea da, Estatuen memoria ofizialaren eta diskurtso historiografiko nagusietatik kanpo geratu diren kontakizunak berreskuratzen dituzten ahozko edo norbanako memorien artekoa. Ikuspegi kulturaletik, N?fidha programak erresistentzia sortzailea aldarrikatzen du, tresna gisa baliagarria baita prozesu horien historia eta errealitatea nola kontatzen diren zehazten duten iruditeriak birdefinitzeko.

Programazioa, beraz, topagune, ikustaldi- eta eztabaida-gunea izango da. Kultura-eragileek, kolektiboek eta artista gonbidatuek ikus-entzunezko lanak erakutsiko dituzte Tabakalerako erakusketa-areto nagusian. Honako hauek parte hartuko dute, besteak beste: Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea, Tabakalerako Harrotu Ileak kolektiboa, Sarah Mounia Kachiri eta Rim Mejdi (Maroko) komisario eta zinemagileak, eta Elías Querejeta Zine Eskolako Lerrokatu gabeko zinema-artxiboak ikerketa-taldeko kideek.

  • Sarah Mounia Kachiri & Rim Mejdi

Martxoaren 24a eta apirilaren 12a bitartean, erakusketa-aretoan Zinea benda gisa eta denborazkotasunak postkolonialismoan proiektatuko da, Sarah Mounia Kachiri (Film w Glissa kolektiboa) eta Rim Mejdi (SAAED Meetings) zinemagile marokoarrak komisario dituen hiru film laburrez osatutako programa.  

Apirilaren 11n, bi komisarioek Yasmine Benabdallah, Dhiaa Biya (Maroko) eta Tewa Barnosa (Libia) zinemagile gazteek zuzendutako film laburren hautaketa aurkeztuko dute. Bertan, indarkeria kolonialaren aurkako borroka edo afektuak ehuntzen dituzten emakumeen eguneroko ohiturak bezalako gaiak jorratzen dira.

  • Memoria eta narratiba: kontakizun ofizialaren eta istorio pertsonalen arteko tentsioa

Apirilaren 14tik maiatzaren 3ra bitartean, Elías Querejeta Zine Eskolako Lerrokatu gabeko zinema-artxiboak ikerketa-taldeak, Léa Morin programatzaile eta ikertzailea buru duela, Rabia Teguia. A cinema of Ruptures izeneko ikus-entzunezko programa aurkeztuko du; zinemagile aljeriarraren lana du oinarri. Proiektuan Ekhiñe Urra UnanuaHelena Flò MonteagudoLeonor Guerra eta Palmira Sabaté ikasleek parte hartuko dute.

Apirilaren 14an ere, Tabakalerak solasaldia antolatu du Rabia Teguia zinegilea —Aljerren jaio eta Frantzian bizi da, zinema esperimentala eta praktika bisual feministak ditu ardatz— eta Léa Morinen artean; Teguiak garatutako ikerketaren eta lan artistikoaren inguruan solastuko dute, zinema esperimentalari eta memoria kulturalari arreta berezia eskainita.

Maiatzaren 13an, Tania Safura Adam ikertzaileak Espainia Beltzetik Artxibo Beltzetara, edo nola konpondu etorkizuna hitzaldia emango du. Bertan,  erreparazioa jorratuko du, legatu kolonialen aurrean memoria eta artxiboko praktika kritiko gisa, eta Artxibo Beltza berhumanizatzeko eta birdefinitzeko espazio gisa proposatuko du.

  • Fermin Muguruza: musika, zinema eta aktibismoa

Maiatzaren 5etik 24ra bitartean, Fermin Muguruzak, Ireki leihoak izenburupean, migrazio, memoria eta erresistentzia kulturaleko esperientziei lotuta soinu-dimentsioa, dimentsio dokumentala eta politikoa emango dio programari. Next Music Station (2011) dokumental sortaren hautaketa bat proiektatuko da, Maroko, Tunisia, Egipto eta Libanori eskainitako kapituluekin, baita Checkpoint RockAbestiak Palestinatik  dokumentala ere.

Maiatzaren 6an Gazteria, migrazioa eta subiranotasun narratiboa: nork kontatzen du Maroko gaur egun? mahai-ingurua egingo da; Soraya Aybar Laafou kazetaria izango du moderatzaile eta Zineb Koutten eta Zainab Fasiki sortzaile marokoarrek parte hartuko dute.

Maiatzaren 8an, 18:00etan, Tabakalerako erakusketa-aretoan Alshams aurkeztuko da, Medialab Tabakaleraren eta Villa Saliaren proiektua; zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen ahotsak kantu bihurtzen dituzte. Ekimenak musika sortzeko eta grabatzeko tresnak eskaintzen ditu, hala bazterketa arriskuan dauden kolektiboen autoadierazpena, talde-lana eta ikusgaitasuna bultzatzeko. Amaitzeko, kontzertua eskainiko dute Nafidha programaren barruan.

Maiatzaren 20an, Next Music Station: Tunisia filma proiektatuko da, eta, ondoren, filmeko protagonista Badiaa artista tunisiarrarekin solasaldia egingo da. Sorkuntza artistikoarekin, nortasunarekin, erresistentziarekin eta kultur transmisioarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte bertan.

Horrez gain, Badiaak kontzertua emango du Kutxa Klubean (sarrera: 10 €), Kutxa Fundazioarekin lankidetzan; konposizio originalak, arabiera klasikoko eta tunisiar dialektoko poemak eta Tunisiako ipar-mendebaldeko musika tradizioekin lotuta dauden sonoritate elektroakustikoak konbinatuko ditu.

  • Identitatea eta migrazioa: artxibo komunitarioa

Maiatzaren 26tik ekainaren 14ra, Harrotu Ileak kolektiboak identitatean eta migrazioan oinarritutako programazioa aurkeztuko du erakusketa-aretoan. Hiru film kolektibo eta Nabil Aniss eta Lucía Feuillet artistekin batera egindako bideo-instalazio bat izango dira ikusgai. Taldeak elkarlanean eraikitzen duen artxibo komunitarioaren parte dira pieza horiek, eta memoria, gorputza eta sorkuntza artistikoa oinarri hartuta migrazio-esperientzia kontatzeko modu berriak esploratzen dituzte.

Ekainaren 3an topaketa bat egingo da, pertsona guztientzat —bereziki zaurgarrienak direnak edo kultura-testuinguruetan espero ez direnak— irekiak eta abegikorrak diren kultura-erakundeak posible egiteko moduei buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko.

Gainera, erakusketa-aretoan Medialabek aukeratutako materialez osatutako espazio bat ere egongo da, bertaratutakoek erakusketako gaietan gelditu, elkar eragin eta sakontzeko aukera izan dezaten. Hiru eremu nagusi ditu: joko-eremu bat, aretoaren gaiarekin lotutako proposamenekin, adin guztietarako; dokumentazio-mahai bat, erakusketaren gaiari lotutako materialekin, kontsultatu edo maileguan hartu daitezkeenak; eta interakzio-panel bat, gailu analogiko eta digitalen bidez publikoaren hausnarketak eta ekarpenak jasotzen dituena. Helburua da ezagutza, parte-hartzea eta gaiari buruzko edukietarako sarbidea bultzatzea, eta, hala, erakusketaren esperientzia handitzea.

N?fidha. Magreb irudikatua
2026ko martxoaren 24tik ekainaren 14ra
Erakusketa-aretoa, Tabakalera
Asteartetik igandera: 11:00–13:00 / 16:00–20:0


Laburrean

  • Mota Hitzaldia
  • Data 2026(e)ko martxoaren 24(e)tik 2026(e)ko ekainaren 14(e)ra
  • LekuaTabakalera
    Andre Zigarrogileen plaza, 1
    Donostia / San Sebastián
    Web
  • HizkuntzaHainbat (euskara barne)
  • Ikusi agenda Tabakalera, Donostia / San Sebastián

Non