Kondestablearen Jauregian, heldu den maiatzaren 24ra arte, Artea Oinez 2026 erakusketa izango da, 77 sortzailek utzitako lanek osatua. Erakusketa lehen solairuko 1. eta 2. aretoetan ikus daiteke, eta aurten Erentzun Vianako Ikastolak eta Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak “Bidean bat gara” lelopean batera antolatzen duten Nafarroako Ikastolen Jaiaren barruan dago.
Erakusketan teknika hauetan egindako lanak daude, besteak beste: akrilikoa, akuarela, tenplea, olioa eta teknika mistoak, mihisea, taula eta paper gainean. Brontzez, zurez, aluminioz, altzairuz, kobrez, metakrilatoz eta beiraz egindako eskulturak ere badaude, eta serigrafiaz edo tinta pigmentatuez egindako lan-grafikoak, argazkiak, collageak, teknika mistoan egindako lanak eta bideo-sorkuntzak.
Gehienak korronte abstraktuan kokatzen ahal dira, baina haien artean badira figuratiboa, espresionista, kontzeptuala eta hiperrealista ere. Artelan guztiak bi aretoetan daude ikusgai, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Erakusketa itxita egonen da apirilaren 2, 3 eta 6an.
Omenaldia bi sortzaile nafarrei
Artea Oinez erakusketak instalazioaren eta zeramika artistikoaren esparruan espezializatutako bi emakume sortzaile hauei omenaldia egiten die: Celia Eslava Sotés eta Concha Cilveti Echeverría.
Celia Eslava (Iruña, 1955) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn, baita Artearen Historian ere, eta Zeramikaren artean eta funtzioan masterduna. Pinturan eta eskulturan egin zituen hasierako lanak eta bere ibilbidean bilakaera egin du instalaziorantz, hainbat teknika eta material uztartuz: ehungintza, zeramika, portzelanak, erle-argizaria, etab. Beti kanon klasiko tradizionaletik kanpo, gorpuztasunari, emakumeen rolari eta hartu-eman globalari buruz hausnartzen du.
Omendutako beste emakume sortzailea Concha Cilveti (Iruña, 1942) da, Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen Eskolan egin zituen artearen munduko hastapenak eta Zeramikako gradua eskuratu zuen bertan; aurretik, Pablo Sarasate kontserbatorioan Dantzako titulu profesionala lortu zuen. Diziplina anitzeko artista da: dantzaren, musikaren, marrazketaren eta modelatzearen esparruetan lan egin du. Portzelana eta erregogorra leunki erabiltzeagatik nabarmentzen da, baita papera, harria, egurra edo metala ere, bizirik dagoen espazio batekin hartu-emanean.
Parte hartzen duten egileak, alfabetikoki zerrendatuta