Bueltan da Zabaliburu Liburu eta Irakurketa Jaialdia, eta aurtengoa 5. edizioa izango da. Oraingoan, programazio osoaren haria liburuekiko maitasuna izango da. Programazioa apirilaren 13tik 23ra egingo da, askotariko jarduerekin, eta azoka egingo da hilaren 18an, larunbatean. Zabaliburu saria Elena Odriozola ilustratzaileari emango diote edizio honetan, bere ibilbide luzea aitortzeko.
“Amores libros-Irakurmindu zaitez” da Zabalgana gizarte-etxeak eta Zabaliburu auzoko elkarteak antolatutako jaialdiaren, Zabaliburu 2026ren, leloa.
Programazioa hilaren 13an hasiko da, eta honako hauek osatuko dute: hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, mahai-inguruak, antzerkia, irakurketa-tailerra, irakurketa-maratoia eta baita musika-saio bat ere. Nabarmentzekoa da, adibidez, jaialdiak Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena ospatzeko egingo duen ekarpena. Hala, hilaren 17an, Antonio Manuelen “Flamenco. Arqueología de lo jondo” liburua eta Pepe Tarantoren kopla baten bertsio berria aurkeztuko dituzte. Kopla hori 1976an Gasteizen gertatutako erailketen inguruan gitarra-jotzaileak sortutakoa da. Saioa ‘Memoria gara’ko Juan Ibarrondok dinamizatuko du.
Karmele Jaio idazle gasteiztarrak ere bere azken liburua aurkeztuko du. Hala, “Harrizko bihotza – Corazón de piedra” izango da hilaren 16ko saioaren protagonista. Edizio honetako irudia Helena Azkarraugarizar artistak egin du, eta, gainera, ilustrazio-tailerra eskainiko du hilaren 15ean.
Zabaliburu azoka eta saria
Larunbatean, hilaren 18an, 10:30etik 14:00etara, liburu-azoka egingo da gizarte-etxearen kanpoaldean. Bost liburu-dendak eta beste hainbeste argitaletxek eskainiko dituzte beren produktuak. Horrez gain, lehen aldiz, autoargitalpenetarako mahaia ere egongo da. Azokak hainbat ekitaldi izango ditu: arrosa-banaketa Casal Català d’Arabaren eskutik, ipuinen eta orri-markagailuen lehiaketen sari-banaketa, ipuin-kontaketa ingelesez, liburu-trukea, poema-xuxurlatzaileak, photocalla…
Azokaren ondorengo egunetan, antzerkia, liburuen aurkezpena, irakurketa-maratoia eta Zabaliburu sariaren banaketa izango dira. Aurten, Elena Odriozola ilustratzaileak jasoko du saria, Estatuan eta nazioartean egindako ibilbide luzeagatik. Saria Leire García-Fanguitok, Blas Arratibel artisautza-lehiaketaren azken edizioko zeramikari irabazleak, egindako eskultura izango da.
Programazio osoa v-g.eus/zabaliburu helbidean edo esteka honetan kontsulta daiteke.