Punto de Vista 2026 - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia

Pamplona/Iruña 2026(e)ko apirilaren 20(e)tik 2026(e)ko apirilaren 25(e)ra
  • Punto de Vista 2026 - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia

Apirilaren 20tik 25era, jaialdiak 66 saio programatuko ditu, eta horien artean egongo dira proiekzioak, zinemagileekiko topaketak, jarduera profesionalak, familientzako ekimenak eta musika-proposamenak

Gaur aurkeztu da Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri bat. Hitzordua apirilaren 20tik 25era izango da, Iruñean, eta jaialdiak hogeigarren urteurrena ospatuko du. Hala, zinema dokumental garaikidearen ezinbesteko topaketa gisa duen posizioa sendotuko du, bai estatuan, bai nazioartean.

Sei egunez, Punto de Vistak 90 film inguruz eta 66 saio eta jardueraz osatutako programazioa eskainiko du, eta bertan proiekzioak, topaketak, hausnarketarako espazioak eta publiko desberdinentzako proposamenak bilduko ditu. Hala bada, hitzorduari esker, Foru Erkidegoa ez-fikziozko zinemari lotutako sorkuntza, pentsamendu eta elkartrukerako funtsezko gune izango da berriro.

Punto de Vista publiko orokorrarentzako eta sektore profesional eta akademikoarentzako proposamen bat da. Aurten beste urrats bat egin da, Iruñea eta Nafarroako ahalik eta ikusle gehienengana iristeko zenbait ekimen biltzen dituen bitartekaritza-plan baten bidez. Ekimen horien artean daude, adibidez, hiri osoko erakusleihoetan jaialdia ezagutzera emateko ekintza bat egitea, La Bobina eta tokiko beste podcast batzuetan parte hartzea, zeharkako ibilbideak diseinatzea, programazioan barrenako ibilbidea proposatzen duen pasaporte bat sortzea gazteentzat edo kideko erakundeetara eta ikasle-sareetara hurbiltzea.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan, eta jaialdiaren astean leihatila osagarri bat jarriko da esparruaren atondoan. Sarreren prezio orokorra 3 eurokoa da saioko, eta zenbait jarduera doakoak izango dira.

2026ko Punto de Vista jaialdiaren zifra nagusiak

— Jaialdian 66 saio izango dira, proiekzioak eta jarduera paraleloak kontuan hartuta.

— Programazioa 6 atal handitan —Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Ricercata, X Films eta Txinparta— antolatuta egongo da, eta 90 film inguru izango ditu guztira.

— Punto de Vistak 6 zuzendari artistiko izan ditu dagoeneko. Aurten hasi du bere etapa Miquel Martí Freixasek, lekukoa hartuta honako hauei: Manuel Asín (2022-2025), Garbiñe Ortega (2018-2021), Oskar Alegria (2014-2017), Josetxo Cerdán (2010-2013) eta Carlos Muguiro (2005-2009).

— Amerika, Asia, Europa eta Afrikako 19 filmek —zazpi film luze, film ertain bat eta hamaika film labur— osatuko dute Sail ofiziala. Mundu-mailako lau estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat eta estatu-mailako hamalau estreinaldi lehiatuko dira sari nagusiak lortzeko.

— Aurten ere jaialdiak zeharkako 6 ibilbide proposatzen ditu, programazioa ardatz tematiko desberdinetatik arakatzeko: Lurra, Gure gorputzak, Hartzen gaituen planeta, Mugak saihestu (ezin), Bizitza-trazuak eta Zatoz Punto de Vista jaialdira. Horrez gainera, ikasleentzako ibilbide espezifiko bat ere proposatzen du.

— 110 gonbidatu inguruk bisitatuko dute Iruñea programazioan parte hartzeko.

— 150 lagunek baino gehiagok eman dute izena gazteentzako ekimenetan, eta horietatik 14 aukeratu dituzte Gazteen Epaimahairako, eta beste 6, Gazte Programatzaileak ekimenerako.

— 9 egoitzak hartuko dute jaialdia: Baluarte, Golem zinemak, Nafarroako Unibertsitatea Museoa, NUP, Nafarroako Filmoteka, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Pompelo eta Civivox Mendillorri. Horiei Txintxarri, Tarántula eta Laba tabernak gehitu behar zaizkie musika-programaziorako.

— Musikak ere presentzia izango du Punto de Vista jaialdian, 8 jarduerako programazio espezifiko batekin. Jarduera horien artean kontzertuak, DJ saioak eta Radio 3 irratian zuzeneko emanaldiak izango dira. Artista hauek parte hartuko dute, besteak beste: Anavi, Celia Carrera, Adrian Alegria, Love’n’Joy, Masquepop, Bernal, Comic Sans, Hondora eta Annie Wonder.

Iruñea, topagune estrategikoa dokumentalen sektorearentzat

Hogeigarren urteurrenean, Punto de Vista indartu egin da zinema dokumentaleko profesionalen arteko topaketarako gune gisa. Urteetan zehar, zinegileen, erakundeen, industriako eragileen eta nazioarteko plataformen arteko harremanak saretzeko jarduera bizia sendotu du jaialdiak, eta trukea eta lankidetza jarri ditu bere ereduaren erdigunean.

Programaziotik haratago, jaialdiak lotura profesionalak errazten ditu, tokiko talentuaren balioa nabarmentzen du eta garatzeko aukerak sortzen ditu obren ikusgarritasuna eta zirkulazioa bereziki zailak diren arlo batean –hots, zinema dokumental eta esperimentalaren arloan–. Aste osoan zehar, Nafarroa espazio pribilegiatua izango da, eta zinemagileek eta profesionalek nazioarteko solaskide garrantzitsuekin harremanetan jarri ahal izango dute; hala, haiekin zuzenean hitz egiteko eta lan-aukerak identifikatzeko parada izango dute, eta hori mesedegarria izango zaie beren proiektuak testuinguru horretatik kanpo sarbide zaila duten zirkuituetan proiektatzeko.

Duela gutxi, FIAPFek (Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) akreditatu du Punto de Vista jaialdia. Kalitate-zigilu horrek ziurtatzen du jaialdi garrantzitsua dela, eta Espainian izendapen hori duten jaialdi-multzo oso txikiaren artean dago, beraz. Gainera, iaz Doc Alliance sarean jaialdi gonbidatu gisa parte hartu ondoren, 2026an Documentary Association of Europe (DAE) sarean sartu da, eta, ondorioz, indartu egin da Europako dokumentalen sorkuntza garaikidearekin duen lotura eta nazioarteko eztabaida- eta garapen-espazioetan duen partaidetza. Estatu-mailan, eginkizun aktiboa du Pantalla eta La Mesta plataformetan, eta sektorea egituratzen eta jaialdien arteko sareak indartzen laguntzen du.

Garapen profesionalarekiko konpromisoaren erakusgarri, aurten ere nazioarteko programatzaile, jaialdi eta erakundeen ordezkaritza nabarmena izango du jaialdiak; horiek guztiak Espainiako Kultur Ekintzaren eta SGAE fundazioaren laguntzari esker etorriko dira Iruñera.


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2026(e)ko apirilaren 20(e)tik 2026(e)ko apirilaren 25(e)ra
  • LekuaPamplona/Iruña
  • Ikusi agenda Pamplona/Iruña

Non