Erakusketa honen bidez, ikusleek inoiz ez bezala bizi eta sentituko dute musika klasikoa, EB teknologiari esker: orkestra barruan jotzen ari den musikari sentituko dira.
Irudien eta musikaren bitartez, ikusleek ulertu ahal izango dute nola, egur puska baten soiltasunean edo metal zati baten laztasunean oinarrituta, unibertso sofistikatu eta eder bat sor daitekeen; hots, orkestra sinfonikoa.
Instrumentuen barrenak ikustea eta musikaren arimara bidaiatzea dira Symphony-k eskaintzen dituen aukeretako batzuk, Gustavo Dudamel zuzendari handiaren eta Mahler Chamber Orchestra entzutetsua osatzen duten 100 musikari baino gehiagoen eskutik.
L. V. Beethoven, G. Mahler eta L. Bernstein musikagileen lanak izango dira bidaia horren protagonistak, eta haiek izango ditu gidari.
Esperientzia pedagogiko, kultural eta ludikoa da, eta haren edukia 8 urtetik gorako pertsonentzat dago pentsatuta.
Errealitate birtualeko esperientzia da, eta erabiltzaileak ez du ezerekin interakzioan jardun beharko, ezta mugitu ere; izan ere, helburu nagusia musika entzutea da.
Nolanahi ere, EB teknologiari dagokionez, gomendio gisa, pertsona batzuek erabilera-murriztapenak dituzte, haien osasuna babesteko (8 urtetik beherako haurrak, emakume haurdunak, epilepsia edo bertigoa duten pertsonak, etab.)