Galdakaoko ikastetxeetako ikasleek berriz hartuko dute Torrezabal Kultur Etxea udaberri honetan Sormene jaialdiaren edizio berriarekin, gazteen talentua, sormena eta ahalegina balioan jartzen dituen ekimena. Ekimenak oroimenari, denboraren joanari eta bizitakotik abiatuta istorio berrien sorkuntzari buruz hausnartzera gonbidatzen du aurten, euskarazko hainbat kultur proposamenen bidez. Haurrentzat ez ezik, herritar guztientzat zuzendutako jarduera erakargarriak ere izango dira, maiatzaren 22an eta 23an: Promesarik txikiena antzezlana eta Olaia Inziarteren kontzertua.
Maiatzaren 19tik 23ra bitartean, herriko ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek literatura, musika, antzerkia, bertsolaritza eta arte plastikoak uztartzen dituzten hainbat kultur jardueratan parte hartuko dute. Diziplina horien bidez, ikasturtean zehar euskarazko sormenaren eta komunikazio gaitasunen inguruan egindako lana erakutsiko dute.
‘Hezurrak eta koadernoak’ lelopean, Sormenek iraganaren eta etorkizunaren arteko bidaia sinbolikoa proposatzen du: iraganeko aztarnak eta idatzitako kontakizunak narrazio berrietarako abiapuntu bihurtzen dira. Testuinguru horretan, aurrera egiteko atzera begiratzera gonbidatzen du egitasmoak, aurrekoaren arrastoetatik abiatuta istorio berriak eraikiz.
Programa maiatzaren 19an (asteartea) hasiko da Torrezabal Kultur Etxean izango den V. Irakurraldi Jarraitua ekitaldiarekin. Bertan, Patxi Zubizarretaren Zerria obraren eszenifikazio berezia egingo dute ikasleek eta jarduerak euskal kulturako hainbat aurpegi ezagun bilduko ditu, hala nola Zubizarreta bera, Uxue Alberdi idazlea, Eñaut Izagirre glaziologoa, Oihane Zuberoa idazle eta filosofia irakaslea Mikel Losada aktorea, Ana Sagastizabal sopranoa eta Lur Korta ipuin kontalari eta aktorea.
Halaber, tokiko eragileak, euskaltegietako ordezkariak eta Leidu elkarteko kideak ere izango dira bertan. Miren Gaztañagak zuzenduko du proposamen artistiko hori.
Maiatzaren 20an, asteazkenez, booktuber eta marrazki lehiaketen sari banaketa egingo da; horietan Elexalde BHI, Bengoetxe BHI eta Eguzkibegi ikastetxeek parte hartu dute. Ekitaldia Eleder Iglesiasek aurkeztuko du eta Dibujatolrato taldeko kideek parte hartuko dute.
Egun berean, arratsaldean, Musikaren sustraiak proposamen musikala izango da Galdakaoko Musika Eskolaren eskutik, Bertso Eskolako kideen parte hartzearekin. Programak maiatzaren 21ean jarraituko du, Urreta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleen antzerki topaketekin.
Maiatzaren 22an, ostirala, programako jarduera parte hartzaileenak bilduko dira: goizean ahozkotasun eta eskolarteko bertsolaritza topaketetan parte hartuko dute Aperribai, Gandasegi eta Urreta ikastetxeek, Eguzkibegi Ikastolak eta Elexalde eta Bengoetxe institutuek. Topaketetan Maider Altuna eta Naroa Torralba bertsolariek eta Mikel Mikelot musikariak ere parte hartuko dute.
Eguerdian lehen hezkuntzako ikasle txikien txanda izango da, Kurtzeko plazan egingo den haurren erromerian (Luma txikiak dantzan). Bertan 300 ume inguru bilduko dira euskal dantzen inguruan.
Egun berean, arratsaldez, ‘Promesarik txikiena’ antzezlana izango da Torrezabal Kultur Etxean. Kantua, alaitasuna eta dezepzioa uztartzen dituen lana da, lau lagunen arteko fikziozko elkartzea irudikatzen duena, promesen eta oroitzapenen artean murgildutako bidaia emozional baten bidez.
Asteburuan, maiatzaren 23an, larunbatez, Olaia Inziartek Torrezabal Kultur Etxean emango duen kontzertuarekin itxiko da zikloa.
Galdakaoko Udalak Sormene programara hurbildu eta gozatzera gonbidatzen ditu herritarrak; kulturaren, hezkuntzaren eta sormenaren aldeko apustua indartzen duen egitaraua da, euskararen garapena eta ikasleen parte hartzea herriko bizitza kulturalean sustatuz.
Maiatzak 19, asteartea
10:00, Torrezabal Kultur Etxea
V. Irakurraldi Jarraitua: Patxi Zubizarretaren Zerria liburua.
Zuzendaritza artistikoa: Miren Gaztañaga.
Maiatzak 20, asteazkena
10:00, Torrezabal Kultur Etxea
Booktuber eta marrazki lehiaketen sari banaketa.
Aurkezlea: Eleder Iglesias.
Artista gonbidatua: Dibujatolrato.
18:30, Máximo Moreno Musika Eskolako aretoa
Musikaren sustraiak.
Galdakaoko Musika Eskolaren ekitaldia.
Gonbidatuak: Dibujatolrato eta Bertso Eskola.
Maiatzak 21, osteguna
10:00, Torrezabal Kultur Etxea
Antzerki topaketak.
Urreta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin.
Lanak: Puxiken bidaia, Basoko itzalak eta Kobazuloko isilunea.
Maiatzak 22, ostirala
09:30, Torrezabal Kultur Etxea
Ahozkotasun topaketak.
Parte-hartzaileak: Elexalde BHI, Bengoetxe BHI eta Eguzkibegi Ikastola.
Bertsolari gonbidatuak: Maider Altuna eta Naroa Torralba.
Musikari gonbidatua: Mikel Mikelot.
11:00, Torrezabal Kultur Etxea
Eskolarteko bertso topaketak.
Parte-hartzaileak: Aperribai HI, Urreta HI, Gandasegi HI eta Eguzkibegi Ikastola.
Bertsolari gonbidatuak: Maider Altuna eta Naroa Torralba.
Musikari gonbidatua: Mikel Mikelot.
14:30, Kurtzeko plaza
Luma txikiak dantzan haurren erromeria.
Andra Mari dantza taldea.
Parte-hartzaileak: Aperribai HI, Urreta HI, Gandasegi HI eta Eguzkibegi Ikastola.
20:00, Torrezabal Kultur Etxea
Infinitudramaren Promesarik txikiena antzezlana.
Sarrerak: 6 euro; bazkideek: 4,5 euro.
Maiatzak 23, larunbata
19:00, Torrezabal Kultur Etxea
Olaia Inziarteren kontzertua: Zerrautsa.
Sarrerak: 16 euro; bazkideek: 12 euro.