Jarraipena emango diogu “En Claves” kontzertu-zikloari, interludio kontzeptua baliatuz, museoa zeharkatzen ari den biratze-puntuarekin lotuta.
Interludio bat pieza musikal, dramatiko edo narratibo laburra da, obra handiago baten atal nagusien artean gauzatzen edo jartzen dena. Haren egiteko nagusia zatiak bereiztea da, trantsizioak ahalbidetzea, edo bi uneren arteko zubiarena egitea. Horrexegatik, zikloak kontzeptu hori hartu du leit motiv modura, egitaraua artikulatzeko. Hala, jarraipena emango dio dagoeneko zazpigarren ediziora irisi den ziklo bati, hilabete gutxi falta direnean aro instituzional berrirako: museoaren erabateko berrinaugurazioa.
Oraingoan, egitarauaren abiapuntua flautaren, harparen eta pianoaren arteko elkarrizketa ezohiko baina harmoniatsu bat izango da; jarraitzeko, aurreko edizioetan ere lorratza utzi duen piano soloa egingo da, dagoeneko bereizgarri bihurtu dena; eta, azkenik, hari-laukote bat arituko da, doinu klasikoak eta modernoak bateratzen dituen errepertorio batekin, eta protagonismo berezia emanez soinu-banden sonoritateari.
Kutsu intimista nabarmenarekin, En Claves bere izenarekin bat dator, topagunearen ideia iradokitzen baitie bertaratzen direnei. Hala, museoak udan eta neguan izan ohi diren kontzertu-zikloak finkatuko ditu, euskal musika-talentuaren zigilu bereizgarriarekin eta harekiko erabateko konpromisoz.