Kalegorrian kultur elkarteak sustatutako Auzomira zikloaren barnean, eta Butak21 zineklubarekin lankidetzan, antolatutako zinema saioa.
Hiruki Filmak-ek ekoitzitako bi film ertain proiektatuko dira: Maddi Barberren eta Marina Lameiroren Cambium (2024, 45 minutu) eta Aurizberriko biztanleek auzolanean sortutako Ziarraize (2025, 30 minutu). Proiekzioaren ondoren, solasaldi bat izango da zinemagileekin.
Cambium-en, Nafarroako Pirinioetan bizi den komunitate batek pinudi bat botatzea erabakitzen du, antzinako larreak berreskuratzeko. Inguruaren eraldaketa prozesua atzematen du filmak, naturaren denborarekiko errespetua eta biztanleen interdependentziazko harremana irudietara eramanda. Beste denbora baten presentzia sumatzen da Ziarraize-n ere. Han, Aurizberriko herritarrek taldean sortuko dute filma. Elkarrekin erabakiko dute zer txoko eta zer istorio filmatu, nola irudikatu beren burua eta herriko toki kutunak: nola betikotu bizileku komun bat zinemaren bidez.