Europako Arkeologia Jardunaldiak ekainaren 12an, 13an eta 14an izango dira aurten. Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak antolatutako jarduera programa bat izango da, eta lantegi esperimentalak eta bisita gidatuak egingo dira lurraldeko hainbat tokitan.
Aurten ere, Arabako Foru Aldundiak bat egin du Europako Kontseiluak sustatutako ekimen horrekin, zeinaren helburua baita herritarrei hurbiltzea arkeologia ondarearen aberastasuna eta aniztasuna, bai eta hogei herrialde baino gehiagotan arlo horretan egiten den ikerketa, kontserbazio eta hedapen lana ezagutaraztea ere.
2019az geroztik, Araba aktiboki parte hartzen ari da jardunaldi horietan. Ekaineko hirugarren asteburuan egiten dira, eta iragana modu parte-hartzailean, irisgarrian, atseginean eta doan ezagutzeko gonbidapena egiten dute.
Aurtengo programa Arabako ondarearen erreferentziazko hiru gunetan egingo da:
Ostirala, ekainak 12 (BIBAT, Arabako Arkeologia Museoa, Vitoria-Gasteiz, 18:30-20:00): taulatxoekin ehuntzeko lantegia, zeina baita Erdi Aroko teknika bat, ahalbidetzen duena dekorazio zintak egitea ehuntzeko sistema tradizional baten bidez. Jarduera "Herriak, mila urte lurraldean" erakusketaren testuinguruan kokatzen da, eta aukera ematen die parte hartzaileei teknika horren oinarri historikoak eta praktikoak ezagutzeko eta beren artisau lana egiten probatzeko.
Ekainak 13, larunbata (La Hoya aztarnategia, Laguardia, goizean 10:00-12:00): "Buztinezko goporra: buztina, ura, zuen eskuak eta sua" izeneko zeramika lantegia. Hango bertako lurrekin modelatzeko eta dekoratzeko teknika tradizionalekin esperimentatuko da, parte hartzaileek bere eskuekin ontzi bat egiteko. Eguerdian eta arratsaldean, "Brontzearen unibertsoa" jardueraren bi emanaldi eskainiko dira (12:30-14:30 eta 16:30-18:30): brontzearen galdaketa eta Brontze Aroko teknologia metalurgikoa ardatz dituen arkeologia erakustaldi esperimentala da, non Arabako ondarearen pieza bat erreproduzituko baita.
Igandea, ekainak 14 (Iruña Veleiako aztarnategia): bisita gidatuak "Indusketagatik irekita" izenburupean egiten ari diren egungo arkeologia lanetara; bi saio egingo dira, bata gaztelaniaz (11:00) eta bestea euskaraz (12:00), bertatik bertarako ikerketa prozesua ezagutzeko lekuan bertan.
Jarduera guztiak doakoak dira, baina aldez aurretik eman behar da izena, eta datozen egunetan irekiko da epea.
Jardunaldi hauen helburua da jendeari aukera ematea arkeologia ondarera zuzeneko ikuspegi praktiko batetik hurbiltzeko, indusketa prozesuak eta iraganeko teknikak eta ezagutzak barne hartuta. Era berean, haren kontserbazioaren eta babesaren garrantziari buruzko sentsibilizazioa sustatu nahi da.
Foru aldundiko Kultura eta Kirol Sailak herritarrak animatzen ditu parte hartzera kultura eta hezkuntza proposamen honetan, zeinak aukera ematen baitu lurraldearen historia eta ondarea gertutik eta modu parte hartzailean ezagutzeko.
Informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko:
https://labur.eus/jpsxfnxf