Rekalde Aretoa nazioarteko grafika garaikidearen bilgune bihurtuko da berriro. Ekainaren 12tik 14ra OPEN Portfolio ekitaldiaren hamahirugarren edizioa egingo da bertan, egitasmoa grafika garaikidearen alorrean nazioarteko erreferentziazko hitzorduetako bat gisa sendotu egin da.
Topaketak Europa, Asia eta Latinoamerikatik etorritako 14 artista bilduko ditu. Hautaketa egiteko, hogei herrialde ingurutik iritsitako ehun proposamen baino gehiago aztertu dira. Aurtengo edizioak berretsi egiten du proiektuak sortzaile berriei eta grafika garaikideko jardunei ikusgarritasuna emateko duen eginkizuna.
GRAFIKA GARAIKIDEARI BEGIRADA BAT
OPEN Portfolio 2026rako hautatutako proiektuek agerian uzten dute gaur egun grafika garaikidean biltzen diren ikuspegi eta jardun molde askotarikoen aberastasuna. Grabatuaren eta haren adierazpide ugarien bidez, artistek memoria, lurraldea, nortasuna eta denborarekiko harremana bezalako gaiak jorratzen dituzte.
Erakusketak grafika-praktikek gaur egun beste hizkuntza bisual batzuekin duten elkarrizketa eta etengabe zabaltzen dituztela beren adierazpen-aukerak erakusten du. Hausnarketa hori osatzeko, sortze-prozesuak eta artistek erabiltzen dituzten teknikak gertutik ezagutzeko aukera emango duen jarduera-programa antolatu da.
PROZESUAK, TEKNIKAK ETA DENBORA
Hiru egunez, Rekalde Aretoa publikoari irekitako topagune izango da, grabatu erakustaldien, portfolio aurkezpenen eta artistekin aurrez aurreko solasaldien bidez. Programako jarduera nabarmenen artean, María Expósito Santiso litografia artistikoan adituak eta M.E. Santiso tailerraren arduradunak litografiari eskainitako masterclass bat egingo du. Saioan teknika horretan erabiltzen diren marrazketa- materialak azalduko ditu, baita litografiaren berezko trazu eta ehundura aniztasuna sortzeko duten gaitasuna ere.
Jarduera amaitzeko, zuzenean egindako estanpazio erakustaldi bat eskainiko du, prentsa eramangarri baten bidez.
Jarduera horrekin batera, parte hartzaileek beren lan-prozesuak aurkeztuko dituzte publikoari irekitako hainbat erakustalditan. Iga Budzik, Nuria Español, Omar Árcega eta Stefano Minutellak grabatu garaikidearen hainbat ikuspegi erakutsiko dituzte, chine- collé teknika, hosto naturalen gaineko estanpazioa, inpresio bikoitza eta grabatutako irudia beste hizkuntza eta formatu batzuetara hedatzeko moduak baliatuz.
Horrez gain, hautatutako hamalau artistek beren portfolioak aurkeztuko dituzte publikoari irekitako saioetan. Topagune horietan beren ikerketa-, ekoizpen- eta garapen- prozesuak partekatuko dituzte. Obren erakusketaz harago, OPEN Portfoliok grafika garaikidearen sorkuntza ahalbidetzen duten mekanismoetara hurbiltzeko aukera eskaintzen du, eta balioa ematen die praktika artistikoaren atzean dauden prozesuei, erabakiei eta testuinguruei.