Uda Parkean-en edizio berria uztailaren 23ik 26ra izango da. Dantza, musika, antzerkia, zirkua, pailazoak, ariketa fisikoak eta haurrentzako jolasek hartuko dute Ave Maria.
Uda Parkean-i ginga jartzeko, Izaki Gardenak
Hain zuzen ere, Uda Parkean-en ardatz nagusietako bat kultur ekitaldiak izaten dira. Diziplina ezberdinei egiten zaie toki, publiko anitzaren interesekoa izan dadin. Aurten, txikienentzako Cris Clown clown kataluiniarraren Home; Ez da kasualitatea bertso saio musikatua -Eli Pagola ereñotzuarra ariko da Amaia Agirreri erantzuten, Maialen Akizu eta Maddi Aiestaranekin batera-; zirkua Zirkozaurrerekin (Ardatza); Haatiken Ioi dantza emanaldia edota Duck'to konpainia kataluiniarraren A rienda suelta akrobazia emanaldia izango dira.
Honez gain, euskal musika eszenan tokia egiten ari den eta eskualdeko musikariz osatutako Gailuren kontzertua izango da Uda Parkean-eko azken egunean. Ondoren, ginga jartzeko, Izaki Gardenak-ek joko du.
Gazteengan pentsatutako musika gaua izango da 24an
Aurten, bereziki publiko gaztearengan pentsatutako eskaintza indartzeko ahalegina egin da Uda Parkean-en. Horrela, 24koa gazteengan pentsatutako musika gaua izango da: Zilibito Records musika urbanoa egiten duen kolektiboa eta Hernaniko Sutargi erromeria taldea igoko dira oholtza gainera.
Oritz Barrenetxea eta Hodei Elola Sutargiko taldekideek azaldu dutenez, erromeria berezia ari dira prestatzen Uda Parkean-erako.
Egunero, heldu eta haurrentzat ekintzak
Adin guztientzako moduko jaialdia da Uda Parkean. Aurten, hala ere, bereziki ahalegina egin da 65 urtez gorako helduentzat ere eskaintza indartzeko.
Haurrentzako ere egunero izango da eskaintza ludikoa. Askotariko haur jolasez gain, oztopo jolasak ere izango dira Denontzat kirol elkartearekin elkarlanean eta Urumeako biodibertsitatea ezagutzeko tailerra ere izango da.