Bilboko 2026ko Aste Nagusiaren barruan.
Bilboko Udal Musika Banda berriro ere Aste Nagusiko protagonista nagusietako bat izango da. Hamaika kontzertuko egitaraua eskainiko du, Hiribilduko oholtza adierazgarrienetako batzuetara igoz eta estilo, garai eta kultura ezberdinetan barrena bidaia musikal aberatsak proposatuz. Abuztuaren 15etik 30era, Bandak bere musika Areatzako Kioskotik Begoñara, Evaristo Txurruka Kaira eta Abandoibarrara eramango du, tradizioa, berrikuntza eta maila goreneko lankidetzak uztartzen dituen programazioarekin.
Ohi bezala, Aste Nagusiko goizetako bihotz musikala berriro ere Areatzako Kioskoan ariko da taupadaka. Abuztuaren 23tik 30era, Bandak zortzi kontzertu eskainiko ditu, zarzuela, euskal musika herrikoia, jazza, zinema, musikal handiak, Frantziako musika, Iruñeko doinuak eta amaieran martxak eta pasodobleak uztartuko dituzten errepertorioekin. Kontzertu bakoitzak bere nortasun propioa izango du, eta Bandako zuzendariordea den Iñaki Urkizu Kerejetak eta hiru zuzendari gonbidatuk (Juan José Ocón Arza, David Colado Coronas eta Nicolás Serrano Valdizán) gidatuko dute taldea.
AREATZATIK KANPOKO HIRU HITZORDU NAGUSI
Egitarauari abuztuaren 15ean emango zaio hasiera, Begoñako Basilikaren ondoan urtero egiten den ohiko kontzertuarekin. Bilbo eta Bizkaiaren nortasunari estu lotutako hitzordua da, eta euskal musikagileen obra adierazgarrienak nahiz Hiribilduari eta ‘Amatxu’ri eskainitako doinu herrikoiak bilduko dituen errepertorioa izango du.
Abuztuaren 22an, Evaristo Txurruka Kaian (saskibaloi kantxetan) aurtengo kontzerturik berezienetako bat ospatuko da. "Noa Lur & Ainara Ortega Sing American Songbook" izenburupean, Bandak bi abeslari izango ditu oholtzan jazz doinuetan, musikaletan eta bossa novaren klasiko handienetan murgiltzeko. Cole Porter, George Gershwin eta Jobimen piezak, baita Cabaret, Chicago eta Oz-eko Aztiaren abesti ezagunak ere entzungo dira.
Bestalde, abuztuaren 25ean, Abandoibarran Bilboko Udal Musika Banda eta Serafín Zubiri elkartuko dira agertoki berean "Bienvenidos" ikuskizuna aurkezteko. Gaztelaniazko pop eta rockaren himno handiei eskainitako omenaldia izango da, “Himno a la alegría”, “Santa Lucía”, “No voy en tren” edo “La chica de ayer” bezalako abestiekin, besteak beste.
Aurtengo egitarauak Bilboko Udal Musika Bandaren moldakortasuna erakusten du beste behin ere. Horren erakusgarri da publiko zabalari zuzendutako proposamen ireki eta anitza, adin guztietako herritarrek jaietan euren lekua eta unea aurki ditzaten pentsatua.
TXISTULARIEN ALARDEA ASTE NAGUSIARI AGUR ESATEKO
Ohiturari jarraituz, jaietako azken igandean txistuak hartuko du protagonismoa. Abuztuaren 30ean, 13:00etan, Evaristo Txurruka Kaian (saskibaloi kantxetan) egingo da Bilboko Udal Txistulari Bandak antolatutako eta Txaber Fernándezek zuzendutako 66. Txistularien Alardea.
Kontzertuak Euskadiko hainbat txokotatik etorritako 80 bat txistulari bilduko ditu agertokian, artista talde zabal batekin batera. Aurtengo edizioan, Moonshine Wagon taldeak, Gaztedi Dantza Taldeak eta gaiteroek, Oihana Iguaran bertsolariak eta Birakariko erraldoi eta buruhandiek hartuko dute parte, baita San Anton Abesbatzak, Metal Boskoteak, Iñar Sastrek (pianoa), Iñigo Eskubik (gitarra), Amaiur Cajaravillek (baxua) eta Ander Zulaikak (bateria) ere.
Errepertorioak euskal musika-ondareko doinu ezagunak uztartuko ditu moldaketa garaikideekin eta proposamen berriekin. Horien artean, aurtengo berritasun nagusia Moonshine Wagon taldearen parte-hartzea izango da. Lehen aldiz batuko da Alardera, eta bere nortasun eta indar bereziekin ukitu berria emango dio urtez urte Aste Nagusiko ekitaldirik maitatuenetako bati.
Alardearekin jaiei amaiera bikaina eman aurretik, Bilboko Udal Txistulari Bandak Aste Nagusiko une adierazgarrienetako batzuetan parte hartuko du. Bere egitaraua abuztuaren 22an, larunbatean, Arriaga Antzokian egingo den Txupinazoarekin hasiko da. Ondoren, abuztuaren 24an, astelehenean, kalejira eskainiko du; hilaren 25ean, asteartean, kontzertua emango du Santiago plazan; 26an, asteazkenean, Bilboko Udal Musika Bandarekin eta Ballets Olaetarekin batera ohiko emanaldia eskainiko du; 27an, ostegunean, beste kalejira bat egingo du; eta 28an, ostiralean, Udaletxean egingo den harrera ofizialean parte hartuko du.
AREATZAKO KIOSKOA, PROGRAMAZIOA
Kontzertu guztiak goizeko 12:00etan izango dira.
KONTZERTU BEREZIAK