Bilboko Udalak dagoeneko ezagutzera eman ditu 2026ko Aste Nagusian, abuztuaren 22tik 29ra bitartean, Abandoibarrako eta Europa Parkeko agertokietan egingo diren kontzertu guztiak.
Abandoibarra Aste Nagusiko gauetako agertoki handia izango da berriro eta zortzi kontzertu eskainiko ditu jarraian; Europa Parkean, berriz, lau kontzertu egingo dira, Bilboko jaietako musika-programazioa osatzeko. Oro har, artista euskaldunen presentziaren, estilo-aniztasunaren eta adin guztietako publikoentzat pentsatutako eskaintzaren alde egiten du proposamenak.
Hala, abuztuaren 22tik (larunbata) abuztuaren 29ra (larunbata) Abandoibarrako agertokira igoko diren talde eta artistak honako hauek izango dira: Zea Mays, Leire Martínez, Mirua, Serafín Zubiri Bilboko Udal Musika Bandarekin batera, Urtz Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, Bebe, Cobardes eta M-Clan.
Bestalde, Europa parkeak, abuztuaren 26tik (asteazkena) 29ra (larunbata), En tol Sarmiento (ETS) Gaztearen eskutik, Walls eta "Los 40 Sessions Aste Nagusia" (Guillem Climent DJa eta lokutorea eta Martín Urrutia abeslariarekin) eta "Fiestazo Megastar" (Paula Koops, Gon Abril, Avenida, Tony Grox eta Lucy Calys artistekin) ikuskizunak hartuko ditu.
Abandoibarrako eta Europa parkeko agertokiak Aste Nagusiko gauetako topagune nagusietako bi izango dira berriz. Beste urte batez, hiriko hainbat espaziotan zabalduko den musika-programazioa osatuko dute, publiko guztientzako doako proposamenekin.
Abuztuaren 22an, larunbata, programazioa Zea Maysekin hasiko da, Euskadiko rock banda ezagunenetako batekin. Ia hiru hamarkadako ibilbidearekin, talde bilbotarrak bere historiako abesti ospetsuenetako batzuk errepasatuko ditu, eta bere sorkuntza-etapa berriaren aurrerapen bat eskainiko du; izan ere, 2026aren amaierarako disko berri baten grabaketa amaituko dute.
Abuztuaren 23an, igandean, Leire Martínezen txanda izango da. Bilbora iritsiko da bere bakarkako estreinako diskoa, “Historias de aquella niña”, zuzenean aurkeztera. Eszenatokietan ibilbide sendoa egin ondoren, artistak bere musika-karreraren etapa berri hau erakutsiko dio publikoari.
Abuztuaren 24an, astelehenean, Mirua igoko da agertokira, euskal musikaren eszenan proiekzio handia daukan talde bat. Talde gipuzkoarrak, 2021ean Gaztearen Harrobia Saria irabazi zuenak, bere proposamena aurkeztuko du Bilbon, pop elektronikoa eta indie esperimentala fusionatuz, bere estudioko lehenbiziko diskoa eta gero (Miruenea) garatzen jarraitzen duena.
Abuztuaren 25ean, asteartean, Serafín Zubiri Bilboko Udal Musika Bandarekin batera arituko da, Iñaki Urkizuren gidaritzapean. Miguel Ríosen kantu arrakastatsuenetako batzuk errepasatuko dituzte. Kontzertuan, abeslari nafarraren ahotsa eta Bilboko bandaren soinua bilduko dira agertokian, rock espainiarraren irudi enblematikoenetako baten omenez.
Abuztuaren 26an, asteazkena, Urtzen txanda izango da, agertokia Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) partekatuz. Gipuzkoako talde honek oso kontzertu berezia ekarriko digu, orkestra sinfonikoarekin batera, bere ibilbideko kantu adierazgarrienetako batzuez formatu desberdin batekin gozatzea ahalbidetuko digun proposamen batean.
Abuztuaren 27an, ostegunean, Bebe iritsiko da, “Pafuera Telarañas” lanaren 20. urteurrenaren biran murgilduta. Album harekin sartu zen musika-eszenan, eta arrakasta itzela lortu zuen Estatuan eta nazioartean. Extremadurako artistak bere ibilbidea markatu duten abestietako batzuk errepasatuko ditu hirian, bere karrerako etapak oroituko dituen kontzertuan, oso estilo pertsonalean, popa, flamenkoa eta indie musika fusionatuz.
Abuztuaren 28an, ostirala, Cobardes etorriko da gurera. Aurten bere hamargarren urteurrena ospatuko du, “Balance de daños” lanarekin, hirugarren estudio-albuma. Talde nafarra azken lan honen aurkezpen-biran iritsiko da Bilbora, bere abesti berrienak eta bere ibilbidea markatu duten kantetako batzuk konbinatzen dituen errepertorio batekin.
Abuztuaren 29an, larunbata, M-Clanek amaiera emango dio Abandoibarrako programazioari. Carlos Tarquek eta Ricardo Ruipérezek hiru hamarkadako ibilbidea ospatuko dute, oso bira berezi batekin, 2026an hainbat agertokitara iritsiko dena. Kontzertuan taldearen arrakasta handiak errepasatuko dituzte, hain ohikoak ez diren beste kanta batzuekin batera, M-Clan rock espainiarraren erreferente nagusietako bat bihurtu duten indarra eta benetakotasuna mantenduz.
Europa parkeko kontzertuak abuztuaren 26an hasiko dira, asteazkenean, En Tol Sarmientorekin (ETS), Gaztearen eskutik. Une bereziki esanguratsua bizitzen ari da talde hau, “Konkista” argitaratu ondoren eta “Etxean” iragarri berritan, formatu handiko ikuskizun bat, zeinarekin etxera itzuliko diren 2027an. Arabar taldea Aste Nagusira itzuliko da kontzertu bat eskaintzera, bere zuzenekoen ezaugarri diren energiaz eta hurbiltasunaz goza dezagun.
Abuztuaren 27an, osteguna, Walls-en txanda izango da. Aurten “El día que me olvides” argitaratu du, bere ibilbideko lanik pertsonal eta helduena. Artista murtziarra bere karreraren une bereziki garrantzitsu batean itzuliko da Aste Nagusira, datorren udazkenetik aurrera Estatuko hainbat hiritan zehar egingo duen bira hasi aurretik.
Abuztuaren 28an, ostirala, "Los 40 Sessions Aste Nagusia" ikuskizuna egongo da agertokian, 90 minutuz Óscar Martínez LOS40-ko lokutore eta DJaren saioa eta Martín Urrutia abeslariaren zuzeneko emanaldia uztartuz. Publikoak poparen, dancearen eta musika urbanoaren arrakasta handietako batzuez gozatu ahal izango du, euskal artistaren zuzenekoarekin batera; 2023an Operación Triunfoko finalista izan ondoren, “La Insolación” debut albumarekin hasi du bere bakarkako karrera.
Abuztuaren 29an, larunbata, "Fiestazo Megastar"ek amaiera emango dio Europa parkeko programazioari, Guillem Climent Megastar FM-ko DJ-ak aurkeztutako musika-festa handi batekin. Ikuskizunean Paula Koops, Gon Abril, Avenida, Tony Grox eta Lucycalys bilduko dira agertokian. Bost artista horiek Estatuko pop, rock eta musika urbanoaren proposamen berri garrantzitsuenetako batzuk dira.
Udalak apurka-apurka emango ditu jakitera Aste Nagusiko gainerako kontzertuak.
Europa parkea (00:00)
Abandoibarra (23:30)
La Muestra Bilbao Metal, Pop-Rock Aste Nagusiak berriz ere Bilborock aretoa tokiko musikaren erakusleiho nagusietako bat bihurtuko du. Aurtengo udan, ekimenak 39. edizioa ospatuko du, abuztuaren 22tik 29ra bitartean Bilborock aretoan egingo diren zortzi kontzertu-saio bikoitzetan banatutako 16 emanaldi bilduko dituen programazioarekin.
Ohikoa den bezala, egun bakoitzean bi emanaldi izango dira. Lehenengoa 20:00etan hasiko da eta bigarrena 21:00etan. Kontzertu guztiak doakoak izango dira Bilborock aretoko edukiera bete arte. Ia hiru hamarkadaz, Bilboko musika- eta kultura-jardueraren erreferente nagusietako bat izan da espazio hori.
Udalak beste leku batera eramango ditu Aste Nagusiko programazioko emanaldi batzuk, herritarrek musikaz, euskal dantzez eta erromeriez segurtasun-, babes- eta irisgarritasun-berme guztiekin gozatu ahal izatea bermatzeko. Horrela, bada, Plaza Barrian egin ohi diren gaueko kontzertuak eta Txistularien Alarde tradizionala Evaristo Churruca kaira eramango dira, zehazki Deustuko zubiaren eta Euskalduna jauregiaren arteko saskibaloi-kantxetara, eta euskal dantzen programazioa Gas plazan egingo da.
23:30ean aurreikusitako gaueko kontzertuak Plaza Barrian egin ohi dira eta agertoki berria Evaristo Churruca kaia izango da, saskibaloi-kantxen eremuan.
Musika-programazio hori Aste Nagusiko kultura-proposamen ezagunenetako bat izan da urteetan zehar, eta musika-aberastasunaren garrantzia azpimarratu da ikuspegi ireki eta kulturarteko batetik.
Evaristo Churruca kaiak horrelako ikuskizunak hartzeko behar diren baldintzak betetzen ditu; izan ere, espazio zabala eta irisgarria da, eta urtero milaka pertsona biltzen dituen programazio baten formatua eta funtsa mantentzeko edukiera nahikoa dauka.
Edizio honetan, kontzertu horiek protagonismo berezia hartuko dute, besteak beste, reggae, flamenko, folk, swing eta antzeko soinuen presentzia nabarmenagatik. Soinu horiek zortzi gauez jarraian entzungo dira, abuztuaren 22tik 29ra bitartean, 23:30etik aurrera.
Bilboko Udal Musika Bandak, Noa Lurrek eta Ainara Ortega Barrenetxeak ongietorria emango diote Aste Nagusiari abuztuaren 22an, zapatuan, "Sing American Songbook" kontzertuarekin. Proposamen horrek ahots-jazzaren eta antzerki musikalaren unibertsoan murgiltzera gonbidatzen du.
Folk euskalduna abuztuaren 23an, domeka, iritsiko da agertokira Tapia eta Leturiaren eskutik, Euskal Herriko musikaren talderik adierazgarrienetako baten eskutik. Gaur egun, hamaika musikariren bandarekin batera jarduten dute trikitixa, panderoa, ahotsak eta haize-instrumentuak eta teklatua konbinatuz, euskal musika-tradizioa bizirik mantentzen duen ikuskizun batean.
Abuztuaren 24an, astelehena, Anna Colom flamenkoan espezializatutako abeslari, konpositore eta moldatzailea iritsiko da Bilbora. Aste Nagusian Cayana aurkeztuko du. Proiektu horrek historian zehar flamenkoan eragina izan duten erritmoak eta folkloreak aztertzen ditu, tradizioa, memoria eta kultura-aniztasuna batzen dituen musika-bidaia batean.
Abuztuaren 25ean, martitzena, Italiako folkaren txanda izango da Kalàscima taldearekin, Italiako world music-eko talderik ospetsuenetako bat. Bandak bere soinu propioa garatu du, sustrai mediterraneoak, elektronikoak eta folk elementu garaikideak fusionatzen dituena.
Abuztuaren 26an, eguaztenean, kopla, flamenkoa, musika etnikoa eta Mantxako seguidillak iritsiko dira, Karmento taldearen emanaldiarekin. Mantxako folkaren fusioa egiten dute eta estilo propioa sortu dute, jaioterriaren aberastasun kulturala islatzen duena.
Swingtronics-ek swing eta elektronikaren fusio original bat proposatzen du abuztuaren 27rako (eguena), herri-musikaren klasikoak eta jazzaren estandarrak ikuspegi moderno, dinamiko eta dibertigarri batetik ematen dituena. Bere errepertorioak jazz eta bossa nova estiloko bertsio dotoreak eta erritmo indartsuago eta eguneratuagoak uztartzen ditu, eta harritzeko eta publiko mota guztiekin konektatzeko pentsatutako kontzertua eskainiko du.
Bilbao Reggae Splash 2026ren XXXIII. edizioak reggae musikaren bi erreferente elkartuko ditu agertoki berean abuztuaren 28an, ostiralean: Earl Sixteen eta Lone Ark meets Message. Earl Sixteen, Jamaikako reggaearen ahotsik enblematiko eta errespetatuenetako bat, Aste Nagusira iritsiko da, Euskadin ia hogei urteren ondoren eskainiko duen lehen kontzertuan. Horretarako, Lone Ark meets Message talde berezia izango du lagun; Roberto Sánchez (Lone Ark) kantabriarrak —abeslari, musikari eta ekoizleak— gidatutako egitasmoa da, eta bertan bere azken lana, Singers & Players, aurkeztuko du.
Gaur egungo folk garaikideko talderik nabarmenenetako bat den El Naán-ek amaiera emango dio abuztuaren 29an, zapatua, Aste Nagusiko kontzertuen zikloari. Haren proposamenak musika, poesia eta esperimentazio artistikoa konbinatzen ditu, Iberiar herriaren tradizioa begirada garaikide batetik berriro interpretatzeko. Atzerrian saritutako hainbat lan dauzka eta taldeak soinu-unibertso propioa sortzen du sustraiak, berrikuntza eta emozioa batzen dituena.
Era berean, Evaristo Churruca kaia Txistularien Alarde tradizionalaren agertokia izango da, 66. edizioan, Txistularien Udal Bandak antolatuta. Bilboko Aste Nagusian euskal kulturaren hitzordu esanguratsuenetako bat izango da. Aurten, bandarekin arituko da Moonshine Wagon, Europako talderik harrigarrienetakoa eta berezienetakoa. Abuztuaren 30ean, domeka, 13:00etan, izango da.
Gizakundeko Musika Klasikoaren Zikloak, Aste Nagusiko musika-programazioaren hitzordu sendoenetako batek, 27. edizioa beteko du aurten goi-mailako zortzi talde bilduko dituen egitarau batekin, non askotariko estiloak jorratuko diren eta euskal kutsua nabarmen izango den. Guztiz, zortzi kontzertu egongo dira, abuztuaren 22tik (larunbata) 29ra (larunbata) bitartean, denak 20:30ean eta sarrera doan tenpluko edukiera bete arte.
Instrumentu klasikoen aniztasuna, eta musika estilo eta eskola ezberdinak, protagonista izango dira aurten programazioan, urtero publiko zabal eta askotarikoa erakartzen dituena eta nahiz zaleen intereserako nahiz beste musika estilo batzuk ezagutu nahi dituztenentzako oso gustagarria dena.
Ensemble, orkestra eta bakarlari bakoitzaren berezitasuna izango dira aurten nagusi egitarauan, Estatu barruko eta kanpoko artistak bilduko dituena. Bertan, euskal talentua nagusi izango da, bertako artista eta konpositoreen presentzia handiari esker eta musikaren bidez Bilboren historiari egingo zaion errepasoarekin.
Programazioa abuztuaren 22an, larunbata, irekiko da "Tutto Vivaldi" programarekin. Bertan, Musbika Ensemble euskal taldeak konpositore barrokoaren obra garrantzitsuenen errepasoa egingo du, "Folia"-tik "Lau urtaroak" lanera. Musika klasikoari eta antzinako musikari egozten zaizkion oztopoak eta klixeak gainditzeko helburuarekin sortua, taldeak eszenaratze fresko eta dinamiko bat proposatzen du, edonor harritzeko eta musika horrekin gozatzeko aukera ematen duena.
Abuztuaren 23an, igandea, Iñaki Bermudez saxofoi-jotzaileak eta Albert Guinovart piano-jotzaileak osatutako bikotearen txanda izango da, eta "Traditional Echoes" izenpeko progrsama batean Miquel de Jorge, W. Van Klaveren eta Albert Guinovart beraren lanak errepasatuko dituzte. Horrez gain, euskal musikan Aita Donostia edo Xabier Lete bezalako konpositoreen abestiek markatu duten tradizioan oinarritua, Euskal Lurrak kantua ere izango da ikusgai.
Abuztuaren 24an (astelehena), Tatiana Samouil biolin-jotzaileak eta Josu Okiñena piano-jotzaile eta ikertzaileak hartuko diete lekukoa, eta W.A. Mozart, M. Ravel, P.I. Cajkovskij, F. Kreisler eta P. Sarasateren lanak jorratuko dituzte. Errusiako Eskolaren enbaxadorea, eta Sochiko (Errusia) 2014ko Olinpiar Jokoetako itxiera-ekitaldiko protagonistetako bat, Yuri Bashmetekin, Samouilek ibilbide sendoa du solista, grabazioetako artista, ganberako musikari eta pedagogo gisa. Okiñenak, bere aldetik, bi hamarkada baino gehiago daramatza musika klasikoari eskainita, XX. mendeko euskal konpositoreei begira, bereziki.
Abuztuaren 25ean, asteartea, Boreal Bikotea izango da protagonista, Claudia Besné (harpa) eta Eva Calvok (gitarra) osatua, eta "Hari artean: soinudun bidaia" programa aurkeztuko dute. Harpa eta gitarraren elkarreraginak “garai desberdinetako pieza adierazgarriz osatutako errepertorioari” ekingo die, eta, besteak beste, Stanley Myers, Astor Piazzolla, Isaac Albeniz, Enrique Granados, Maximo Diego Pujol eta Luigi Boccherini artisten lanak jorratuko ditu. Bikotea 2019an sortu zen Salzburgoko Mozarteum Unibertsitate ospetsuan, eta bikaintasun teknikoa eta interpretatzeko sentiberatasun aparta konbinatzen dituen ikuspegi artistikoa garatu dute. Gainera, talentuagatik, musikalitateagatik eta akatsik gabeko teknikagatik aintzatespena lortu du.
Asteazkenean, abuztuaren 26an, Ecco Quintet Musikeneren txanda izango da. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian sortutako formazioa da, eta C.M. Von Weber eta J. Brahms-en obrak eskainiko ditu bere programan. Duela gutxi sortutako taldea sentsibilitate musikal eta soinuaren arloko oreka nabarmena ditu, ganbera-musikarekin konpromisoa izatez gain, eta honako hauek osatzen dute: Maddi Arriola Mendieta eta Isabel Guzmán Jiménez biolinistak, Martí Mena Estopà biolista, Lucía Arboniés Vazquez zellista eta Rocío Fernández Alfonso klarinete jotzailea.
Abuztuaren 27an, ostegunean, Osimun Quartet saxofoi talde gazteak hartuko die lekukoa. Laukoteak uztartu egiten ditu tradizio klasikoari dion errespetua eta hauskortasunerako eta esperimentaziorako irekita egotea, eta ikuspegi horretatik beratik helduko diote "Gelditasunetik mugimendura" programari. Bertan, bulkada musikalaren formak aztertuko dituzte, hasi kontenplazio sakonetik eta dantza eta mugimendu biziagora arte, eta Joseph Haydn, Fanny Hensel-Mendelssohn, Felix Mendelssohn Bartholdy, György Ligeti, Béla Bartók eta Joan Pérez Villegasen obrak interpretatuko dituzte.
Abuztuaren 28an, ostirala, Rossini Abesbatzaren "Bilboko irudiak" izango da protagonista. Bilboko historia errepasatuko du, Uriaren historiako une magikoak gogora ekarri eta arbasoak omentzen dituzten abesti eta testuekin. 1990etik jardunean, gaur egun abesbatzaren zuzendari artistikoa Ana Begoña Hernández bilbotarra da.
Programazioari amaiera emango dio, abuztuaren 29an, larunbata, Adolfo Gutiérrez Arenas biolontxelo jotzaileak, une honetan nazioartean proiekzio handiena duen Estatuko musikarietako batek. 2010ean London Symphony Orchestrarekin debuta egin zuenetik, Ibermusica seriean, orkestra-zuzendari eta nazioarteko talde nabarmenekin kolaboratu du, eta errezitaldi ugaritako protagonista izan da mundu osoan zehar. Bilboko hitzorduan, J.S. Bachen "Soilik biolontxeloarentzako hiru suite" interpretatuko du.
MUSIKA KLASIKOAREN 27. ZIKLOAREN EGITARAUA
Lekua: Gizakundearen Eliza
Ordua: 20:30ean
Sarrera librea edukiera bete arte
Bilboko Udal Musika Banda berriro ere Aste Nagusiko protagonista nagusietako bat izango da. Hamaika kontzertuko egitaraua eskainiko du, Hiribilduko oholtza adierazgarrienetako batzuetara igoz eta estilo, garai eta kultura ezberdinetan barrena bidaia musikal aberatsak proposatuz. Abuztuaren 15etik 30era, Bandak bere musika Areatzako Kioskotik Begoñara, Evaristo Txurruka Kaira eta Abandoibarrara eramango du, tradizioa, berrikuntza eta maila goreneko lankidetzak uztartzen dituen programazioarekin.
Ohi bezala, Aste Nagusiko goizetako bihotz musikala berriro ere Areatzako Kioskoan ariko da taupadaka. Abuztuaren 23tik 30era, Bandak zortzi kontzertu eskainiko ditu, zarzuela, euskal musika herrikoia, jazza, zinema, musikal handiak, Frantziako musika, Iruñeko doinuak eta amaieran martxak eta pasodobleak uztartuko dituzten errepertorioekin. Kontzertu bakoitzak bere nortasun propioa izango du, eta Bandako zuzendariordea den Iñaki Urkizu Kerejetak eta hiru zuzendari gonbidatuk (Juan José Ocón Arza, David Colado Coronas eta Nicolás Serrano Valdizán) gidatuko dute taldea.
AREATZATIK KANPOKO HIRU HITZORDU NAGUSI
Egitarauari abuztuaren 15ean emango zaio hasiera, Begoñako Basilikaren ondoan urtero egiten den ohiko kontzertuarekin. Bilbo eta Bizkaiaren nortasunari estu lotutako hitzordua da, eta euskal musikagileen obra adierazgarrienak nahiz Hiribilduari eta ‘Amatxu’ri eskainitako doinu herrikoiak bilduko dituen errepertorioa izango du.
Abuztuaren 22an, Evaristo Txurruka Kaian (saskibaloi kantxetan) aurtengo kontzerturik berezienetako bat ospatuko da. "Noa Lur & Ainara Ortega Sing American Songbook" izenburupean, Bandak bi abeslari izango ditu oholtzan jazz doinuetan, musikaletan eta bossa novaren klasiko handienetan murgiltzeko. Cole Porter, George Gershwin eta Jobimen piezak, baita Cabaret, Chicago eta Oz-eko Aztiaren abesti ezagunak ere entzungo dira.
Bestalde, abuztuaren 25ean, Abandoibarran Bilboko Udal Musika Banda eta Serafín Zubiri elkartuko dira agertoki berean "Bienvenidos" ikuskizuna aurkezteko. Gaztelaniazko pop eta rockaren himno handiei eskainitako omenaldia izango da, “Himno a la alegría”, “Santa Lucía”, “No voy en tren” edo “La chica de ayer” bezalako abestiekin, besteak beste.
Aurtengo egitarauak Bilboko Udal Musika Bandaren moldakortasuna erakusten du beste behin ere. Horren erakusgarri da publiko zabalari zuzendutako proposamen ireki eta anitza, adin guztietako herritarrek jaietan euren lekua eta unea aurki ditzaten pentsatua.
TXISTULARIEN ALARDEA ASTE NAGUSIARI AGUR ESATEKO
Ohiturari jarraituz, jaietako azken igandean txistuak hartuko du protagonismoa. Abuztuaren 30ean, 13:00etan, Evaristo Txurruka Kaian (saskibaloi kantxetan) egingo da Bilboko Udal Txistulari Bandak antolatutako eta Txaber Fernándezek zuzendutako 66. Txistularien Alardea.
Kontzertuak Euskadiko hainbat txokotatik etorritako 80 bat txistulari bilduko ditu agertokian, artista talde zabal batekin batera. Aurtengo edizioan, Moonshine Wagon taldeak, Gaztedi Dantza Taldeak eta gaiteroek, Oihana Iguaran bertsolariak eta Birakariko erraldoi eta buruhandiek hartuko dute parte, baita San Anton Abesbatzak, Metal Boskoteak, Iñar Sastrek (pianoa), Iñigo Eskubik (gitarra), Amaiur Cajaravillek (baxua) eta Ander Zulaikak (bateria) ere.
Errepertorioak euskal musika-ondareko doinu ezagunak uztartuko ditu moldaketa garaikideekin eta proposamen berriekin. Horien artean, aurtengo berritasun nagusia Moonshine Wagon taldearen parte-hartzea izango da. Lehen aldiz batuko da Alardera, eta bere nortasun eta indar bereziekin ukitu berria emango dio urtez urte Aste Nagusiko ekitaldirik maitatuenetako bati.
Alardearekin jaiei amaiera bikaina eman aurretik, Bilboko Udal Txistulari Bandak Aste Nagusiko une adierazgarrienetako batzuetan parte hartuko du. Bere egitaraua abuztuaren 22an, larunbatean, Arriaga Antzokian egingo den Txupinazoarekin hasiko da. Ondoren, abuztuaren 24an, astelehenean, kalejira eskainiko du; hilaren 25ean, asteartean, kontzertua emango du Santiago plazan; 26an, asteazkenean, Bilboko Udal Musika Bandarekin eta Ballets Olaetarekin batera ohiko emanaldia eskainiko du; 27an, ostegunean, beste kalejira bat egingo du; eta 28an, ostiralean, Udaletxean egingo den harrera ofizialean parte hartuko du.
AREATZAKO KIOSKOA, PROGRAMAZIOA
Kontzertu guztiak goizeko 12:00etan izango dira.
KONTZERTU BEREZIAK
Plaza Biribilean, berriro ere, Aste Nagusiko dantzaldi klasikoak izango dira. Jai-egitarauko hitzordu ezagunenetako bat dira eta, zortzi egunetan zehar, saio bikoitzean, abuztuaren 22tik (larunbata) 29ra (larunbata), bertaratutako ikusleek garai guztietako arrakasta musikal handien erritmora dantzatuko dute.
Bilboko Aste Nagusian musika-pieza hauetan espezializatuak diren zortzi talde igoko dira taula gainera: Akerbeltz, Gautegun, Sukar, En Esenzia, Laprast, Muxutruk, La Fania eta Txapela Brava. Era berean, Maran DJk abuztuaren 29ko larunbat arratsaldea girotuko du.
rritmoa, nostalgia eta gaurkotasuna uztartuko dira berbena hauetan, oroimen kolektiborako ezinbestekoak diren klasikoen errepertorioa errepasatuko dutenak eta publiko gehien biltzen duen jai-egitarauko ekitaldietako bat bihurtu direnak.
Bilboko Udalak zortzi saio bikoitzeko ziklo bat diseinatu du zuzeneko musika honekin. Lehenengo emanaldia 20:00etan izango da eta bigarrena 23:00etatik aurrera
Musikaren klasiko handiek gauak animatuko dituzte berriro ere Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan ohiko guatekeekin. Aurten 8 kontzertuko ziklo batean entzungo dira, abuztuaren 22tik (larunbata) 29ra (larunbata), 23:30etik aurrera.
"Gogoratu 80ko eta 90eko hamarkadak" DJ ikuskizunak irekiko du programazioak, larunbatean, hilak 22, Radio Nervionen eskutik. Ondoren, igandean, hilak 23, Los Espectros taldearen emanaldia izango da; rock bilbotarraren formazio aitzindaria dira, 60ko hamarkadako talde arketipikoa, eta denborak ematen duen heldutasunarekin itzuli da, baina bere funtsa bere horretan mantenduz.
Astelehenean, hilak 24, ikuskizun magiko-rantxeroa eskainiko du Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldeak. Hurrengo egunean, hilak 25, asteartean, Asier Bilbao Showikuskizunaren txanda izango da, eta “Bilboko ohiko kabaret estiloko” emanaldia eskainiko du showmanak, beste zortzi artista lagun.
Abuztuaren 26an, asteazkenean, boleroak izango dira gaueko protagonistak, Pan con Chiletaldearen eskutik, eta abuztuaren 27an, ostegunean, habanerak entzungo dira, Agrupación Puertochico taldeari esker.
Abuztuaren 28an, ostiralean, Amistades Peligrosas taldearen txanda izango da, bere 30. urteurrena ospatzeko egiten ari diren biraren barruan, Bilbon egongo baitira. Eta abuztuaren 29an, larubatean, guateke zikloa amaituko da Nacha Pop taldearen emanaldiarekin, Urira ekarriko dituena popik sotilenetik rock and rollik bizienera doazen konposizioak.
KONTZERTUAK, PERGOLAN
Musika Fanfarreen erritmoan ere egongo da, egun garrantzitsuetan egingo diren ibilbideekin, goizez eta arratsaldez. Larunbatean, abuztuaren 22an, Sama Sikuk txupineko giroa alaituko du, aldez aurretik Areatza inguruan ibiliz, 18:00etatik 18:45era, eta ondoren, 19:15etik 21:15era, txosnei irekiera emanez. Igandean, hilaren 23an, eta baita 28an (ostirala) eta 29an (larunbata) ere, Dunbots, Ardoa Barrura eta Adiskideak taldeen txanda izango da, hurrenez hurren, bi txandatan: 13:00etatik 14:30era Ledesma eta Diputazio kaleetan, eta 19:30etik 21:00etara Alde Zaharrean.
Udal Musika Bandak, bere aldetik, goizeak girotuko ditu, 12:00etatik aurrera, egunero Areatzako Kioskoan. Eta musika Casilda Iturrizar Parkeko Pergola agertokian ere entzungo da, abuztuaren 23tik, igandea, 30era, 12:00etatik aurrera, bilbainadei, habanera doinuei, pasodobleei, hainbat eskualde eta nazionalitatetako folkloreari eta euskal musikari protagonismoa emanez.
BILBAINADEN XXXVIII. LEHIAKETAKO SARIAK
Aste Nagusian hain maitatuak diren kontzertu horien esparruan, Bilbainaden XXXVIII. Lehiaketako sariak banatuko dira, Parkeko agertokian, abuztuaren 28an, ostiralean. Bilboko Udalak antolatzen du lehiaketa, Radio Nervionekin eta TeleBilbaorekin elkarlanean, eta arrakasta handia du adinekoen artean. Hitzordua abuztuaren 28an, ostiralean, izango da, 12:00etan. Juan Mari Aburto Alkateak ekitaldi honetan parte hartuko du, udalbaltzako beste kide batzuekin batera.